“Aldaketaren bigarren urteurrena” -Alvaro Castillo-
Badira bi urte Gasteizera aldaketaren lehen izpia heldu zenetik; itxaropenez beteriko izpi beroa. Izan ere, 2015eko ekainaren 13an, gasteiztarrok hautetsontzietan zein kaleetan esandakoari jarraiki, gehiengo aurrerakoi batek Javier Maroto alkate ohia kaleratu zuen, Gorka Urtaran gure hiriko alkate eginez. Egun hartan poza eta zirrara izan ziren nagusi. Garai ilun eta lotsagarri bat atzean utzi genuen, guztion artean Gasteiz anitz, parekide, koloredun eta euskalduna eraikitzeko.
Aski ezagunak diren egun hartako sentipenak albo batera utzita, gogoeta egin daiteke bi urte bete diren honetan, nahiz eta proiektu eta erronka nagusiak etortzeke dauden.
Lehenengo eta behin, ezin da ahaztu zer-nolako herentzia jaso zuen Urtaranen Gobernuak: 68 milioi euroko zulo ekonomikoa, alajaina! Arazo honi, erantzunak eman zitzaizkion akordio historiko batek ahalbideturiko neurrien bitartez. Jakina denez, 2016ko aurrekontua Gasteizko indar politiko guztiek babestu zuten. Guztiak, bat izan ezik: zein eta Alderdi Popularra (PP)! Neurri horiek arazo ekonomiko larri hura konponduz joan dira, hiritarron bizi kalitatean eragin kaltegarririk izan gabe.
Programa politikoa betetzeaz beste, ideologikoki ezinbestekoa da Gasteizek eman duen 180ºtako bira aztertzea. Hori aunitz ikusgarria da Urtaranen gobernuak izan dituen oinarriei so eginez. Esate baterako, garrantzi handia eman zaio elkarbizitzaren babesari, tentsio politiko eta sozialaren jaitsiera sustatuz, akordioak bilatuz eta gatazkak ekidituz.
Gasteizen eman den beste aldaketa bat ekonomiarekin zerikusia du, langabezi-tasa nabarmenki egin baitu behera. 20.000 langabetu gasteiztar izatetik, 17.000 izatera pasatu gara. Hau da, 3.000 langabetu gasteiztar gutxiago daude. Nahikoa ez den arren, berri ona da, eta hiria bide onetik doala berretsi baino ez du egiten.
Aldaketaren egunetik, gutxi batzuk aurreko urteetan gure hiriari jarritako usan garratzak ihes egin du. Hiritarron parte-hartzea sustatu da. Gardentasunean pauso erraldoiak eman dira, Gasteiz abangoardian jarriz. Mugikortasuna hobetu da, hala nola, laster martxan jarriko diren tranbiaren proiektuekin, bus expresarekin eta trenaren lurperatzearekin. Auzo zaharrentzako makina bat proiektu aurkeztu dira, Koroatze auzoaren berriztea edota diru-laguntzak kasu. Eta, besteak beste, erdiguneako merkataritzaren suspertzea ondorio izango duen Masterplana aurkeztu da. Beste era batean esanda, berri usaina Gasteizera heldu da.
Proiektu hauen eta beste askoren emaitza nagusiak 2017 urte honetan zehar ikusiko dira, ziur. Eman eta emango diren aldaketa guztiak gizarte eta indarpolitikoen arteko akordioen bidez lortzeaz gain, instituzioen arteko elkarlanari zor zaizkio. Aurreko urteetako giro gatazkatsua alde batera utzita, lankidetza eta elkarrizketa oinarritzat hartu dira. Eta, erabaki honen onurak agerikoak izan dira; besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen hiriburutasun kanona bikoiztu izana, 40 miloi eurotara helduta.
Edonola ere, jazo den aldaketa mota definitzeko hitza OREKA izango litzateke: Gasteizek aurrera egiteko, gasteiztarron gehiengoaren aburua batzeko gai izatea. PPren
eskuin muturrak edonolako akordioak zeharo baztertzen ditu, hiriaren kaltetan, Urtarani EH Bilduren mende egotea egozten dion bitartean; EH Bilduk, bere aldetik, datu guzti hauekin ezikusiarena egiten du, eta Urtarani PPren alboan egotea aurpegiratzen dio.
Bi muturrek horrelakoak esatea esanguratsua da, oso, hiri honetan aldaketak zentralitatea irudikatzen duela esan nahi baitu.
Muturren jarrera, ez da, ordea, berri ona, inolaz ere. Tamalez, badirudi batzuk aldaketa egun horretarik, ekainaren 13 horretarik, ezer ikasi ez dutela. Irakaspenik atera ez dutela. Gasteiz guztion artean eraiki nahi ez dutela.
Hala ere, hiritarrok Gasteizek emandako aldaketak suposaturiko progesua kontuan harturik, argi dugu itxaropentsu egon bagaudela. Baita exijente izan gaitezkeela ere, gure ordezkariei hiriaren onerako akordioak bila ditzatela eskatuz.
Badira bi urte alkatez aldatu ginenetik eta alkateak akordioaren bide hori hartu zuenetik. Ea gainontzeko taldeak berriro batzen zaizkion, 2016an gertatu bezala. Ez da berandu. Aurrera jarraitu nahi dugu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!