“Akordioa -IbanZaldua-
2352. urteko maiatzean gaude. Madrileko parlamenturako hauteskundeak egin berri dira, eta egoera bereziki zaila da, botoa oso zatituta suertatu delako eta konbinaketa gehienak ez direlako nahikoak gobernu sendo bat osatzeko. Azkenean Comunión Errejonista, Partido Socialista Robótico Español, Ciudadanos y Ciudadanas eta Unión de Centro Democráticoren arteko lauko koalizio ez-egonkor batek izendatu du presidentea, eta, horrek, ministroen kontseilua. Hala ere, gobernuak ez dauka gehiengo absoluturik Gorteetan, eta legegintzaldia oso gorabeheratsua izango da.
Eskerrak aurrekontuen eztabaida iritsi denean Euzko Alderdi Jeltzalea prest agertu dela negoziatzeko eta bere bost diputatuen boto ezinbestekoak gobernuaren zerbitzura jartzeko. Pixka bat harrigarria izan da, gobernu-koalizioa osatu zenean EAJko ordezkariak, Ahmed Gametxogortak, sekulakoak bota zituelako haren kontra –“Halako diskurtso atzerakoi eta arduragaberik ez dut sekula entzun parlamentu honetan, eta Euskadiri buruz, gainera, ez du hitz bakar bat ere esan presidentegaiak…”–, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren seigarren klona ere, bere ohiko zuhurtasunarekin baina, nahikoa mesfidati agertu zen, hasiera batean behintzat.
Zorionez, aurrekontuak onartuak ez izatearen arriskuaren aurrean, gobernu zentrala kikildu, eta jeltzaleen eskakizun guzti-guztiei ameto eman zien. Horrela, kupoaren negoziazioa, 2282tik estankatuta zegoena, berrartu egin zuten alde biek, eta bozkatzeko unea iritsi zenean hain zegoen aurreratuta ezen jeltzaleek, akordioa ixteko puntu gutxi batzuk argitzea falta bazen ere, aurrekontuei baiezkoa ematea erabaki baitzuten. Horretaz gain, bi aldeen arteko desadostasunak ordainketen atzerapenei buruz, 2019tik arrastatzen zirenak, konpondu, eta gobernuak Eusko TeknoJaurlaritzari zor zizkion zazpiehun mila bilioi pezetak itzuliko zizkiola agindu zion. Horretaz gain, negoziazioetan, ustekabean, 600 borroka-ziborg berrien promozio bat lortu zen Ertzaintzarentzako, eta Abiadura Handiko Trenaren azkenaurreko tarteentzako finantzaziorako behin behineko konpromisoa (epe ertainera begira beti ere).
Kartzela-politikaren transferentzien auzia eta preso gaixoen sorterriratzea negoziazioen agendatik kanpo geratu ziren, beste behin. Baina, hala ere, Gametxogorta diputatuak azpimarratu duen bezala, “Esan genuen konplexurik gabe negoziatuko genuela eta Euskadiren interesak gauza guztien gainetik jarriko genituela. Akordio ona da Herri honentzat eta herritar guztientzat. Akordioak aurrerabidea ekarriko du, enplegua eta esklabotza subliminala hobetuko ditu, eta Euskadiko txoko guztietara iritsiko da. Gu oso pozik gaude akordioarekin. Ahaleginak merezi izan du eta gure aldetik oso adi egongo gara akordio hau osorik bete dadin”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!