Aberri Eguna: Ospakizun eguna? Aldarrikapen eguna? Borroka eguna?
1932. urtean burutu zen Bilbon lehendabiziko Aberri Eguna. 1936ko gerraren ondoren debekatuak izan ziren eta 1964. urtetik aurrera hasi ziren berriz ere deialdiak egiten, modu batez edo bestez ospatu ahal izateko.
Hainbat urtetan, diktadura frankistaren debekuak ekidituz, bildu ahal izan ziren herritarrak askatasuna aldarrikatuz eta borrokarako deia zabalduz.
Euskal Herria gure aberria behar zuen izan.
Ez da nere asmoa gaur Aberri Egunen historia osatzea, izan ere, makinatxo bat jira ta bira izan ditu, egoera politikoen arabera edota alderdi ezberdinen nagusitasunaren arabera. Historia osoa eskuratu dezakegu hedabide ezberdinetan.
Baina bai azpimarratuko nuke, “euskaldunon aberria Euskal Herria da” norabidean elkartu izan garela Euskal Herri batua eta librearen alde egin dugunok.
Urteetako bilakaera oso gora-beheratsua izan da orokorrean, garaiaren arabera errepresioa handiagoa edo txikiagoa izanik. Oraindik gogoan dut 1977ko Aberri egunean indar errepresiboek Gasteiz okupatu zutenekoa, zalditeria ta guztiz. Ikaragarria. Edozein aldarrikapen bortizki erreprimitzen zen.
Azken bi urte hauetako errealitatea beste bat da. Zoritxarreko pandemia honek dena baldintzatu du, forma aldetik behintzat.
Aurtengoa burutu ahal izan da, neurri bereziak hartuz (musukoak, tarteak,…).Edukia edo fondoa ordea, pandemiak baldintzatu ez arren, erabat atipikoa izan da, aseptikoa, ulergaitza, edozein egunetarako eta edozein ekimenetarako balio zitekeena, baina nekez abertzaleok batuko gaituen Aberri egunerako.
Norabidea, grina eta kemena falta.
Errepresioa ez da desagertu, Euskal Herriak zatitua jarraitzen du, alderdi politikoen indarren arabera batzuk edo bete batzuk agintzen dute, hori bai, “arau demokratikoak” errespetatuz. Adibide batzuk besterik ez dira.
Euskal Herri batua, euskalduna, askea,….oso urruti dago.
Honetan sinesten dugunok badugu zer aldarrikatu eta zer borrokatu. Jarraitu dezagun lanean, txin-txin egin ahal izateko noizbait, guztiok, askatasunean.
HALA BEDI!
Lourdes Uribarri Larrañaga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!