Uhintifada : Salah Jamal: «Bartzelonako Udalaren adierazpenetik [Israelekiko harreman instituzionalak etetekoa] ordu gutxitara Kataluniako prentsako hedabideek, oro har, ekimena salatu egin dute, erantzuteko eskubiderik eman gabe; sare soziala, aldiz, Palestinako giza eskubideen alde dago»

Iragan otsailaren 8an Bartzelonako Udalak, agerraldi publiko batean eta Ada Colau alkatearen hitzetan, adierazi zuen Israelekiko harreman instituzionalak bertan behera utziko dituela, eta hiriak Tel Avivekin duela 25 urtetik gora duen senidetze akordioa ere etengo duela. Adierazpen instituzionala “Barcelona amb l’Apartheid NO, Barcelona amb els Drets Humans SÍ” izeneko herri kanpainiak bultzatu du. Kanpainia hori Kataluniako gizarte zibileko hamarnaka erakundek osatzen dute. Oihartzun historiko eta sinboliko handiko gertaera hau aztertzeko, Salah Jamal izan dugu solakide, ekimenaren bultzatzaileetako bat. Salah Jamal Zisjordaniako Nablus hirian sortutako idazle palestinarra da. Duela 50 urtetik gora bizi da Bartzelonan, bertan atera du medikuntzako doktoretza, eta bertan egin ditu geografia eta historiako ikasketak, Bartzelonako Unibertsitatean. Gaur egun unibertsitate horrexetako irakaslea da.

Uhintifada : Mazzed Khalilia: «Txikitan, Jeninen, ikusi nuen nola soldadu batek gure ama bere M16 fusilaz kolpatu eta saihetsak apurtu zizkion. Egoera horretan hazi dira pasa den astean Jerusalemen erresistentzia ekintzak burutu zituzten gazteak»

UHINTIFADA 448. Iragan urtarrilaren 26an Israelgo armadak sarraski odoltsua burutu zuen, beste behin ere, Jeningo errefuxiatuen kanpamenduan. Erasoan 11 lagun erail eta hogeitik gora zauritu zituzten. Triskantak erresistentzia ekintza isolatu kate bat eragin du Zisjordanian eta Jerusalemen, eta okupazio indarrek bortizki erantzun dituzte palestinarren oldarraldiak. Bestetik, Israelgo eskuin muturreko gobernuak lege erreforma berriak iragarri ditu, bertako populazio palestinarraren askatasuna areago murrizteko, besteak beste, zigor kolektiboak proposatu dituzte erresistentzia ekintzetan parte hartu duten ekintzaileen senitarteko eta ingurukoen kontra, eta kolonoen artean armen erabilera liberalizatzea ere ebatzi dute. Zisjordaniako, eta bereziki Jeningo, testuinguru historikoa eta gaur egungo egoera aztertzeko Mazzed Khalilia izan dugu gonbidatuta gure mikrofonootan. Khalilia Kataluniako palestinarren komunitateko kidea da eta Jeninen du sorterria.

Uhintifada : «Jordan ibarrean eraikitzekotan etxebizitzak birrintzen dizkiete palestinarrei, baina aldi berean, erresistentzia eta disidentzia ekimen asko daude»

Aste honetako atalean Uhintifadako mikrofonootan Dunia eta Eider izan ditugu solaskide, Sare Lesbianista kolektiboko kideak. Iragan udazkenean Unadikum erakundeak Palestinara antolatutako brigada batean hartu zuten parte, olibaren uzta bilketaren garaiaren testuinguruan. Haiekin hitz egin dugu, hain zuzen ere, bidaia horren barruan Jordan ibarrera egin zuten bisitari buruz, eta Zisjordaniako eskualde horretako okupaziopeko errealitateari buruz.
Bestalde, aktualitatearen errepasoan Jeningo errefuxiatuen kanpamendutik iritsitako azken albisteetan jarri dugu arreta, urtarrilaren 26ko goizaldean okupazio armadak sarraski odoltsua burutu baitu bertan.

Uhintifada : Laurent Cohen Medina: «Israelek Palestinako populazioaren kontra ezarri dituen apartheid legeak hertsiki lotuta daude erregimen sionistaren esentzia berarekin, kokalekuen kolonialismoaren esentziarekin»

UHINTIFADA 446. 2023ko lehenengo atal honetan Bartzelonatik aritu gara Laurent Cohen Medina gure solaskidearekin. Cohen Junts, Associació Catalana de Jeus i Palestinas elkarteko kidea da eta iragan abenduaren 15ean artikulu interesgarria argitaratu zuen Kataluniako prentsako zenbait hedabidetan. Idazkiak oso izenburu adierazgarria zuen: Judu antisionista eta antirrazista nauzue.

Uhintifada : Juani Rishmawi: «Adore handia eman zidan [Israelgo presondegi militarrean nengoela] espetxekide musulmanek prestatu zidaten prestatu zidaten Gabon festa, bakarrik ez nengoela erakutsi zidaten»

UHINTIFADA 445. 2022ko Uhintifadako azken atalean gure irratsaioko aspaldiko tradizio bat berreskuratu bahi izan dugu, alegia, urteari Belenetiko kronikarekin amaiera ematea. Duela urtebete, ezinbestean, ezin izan genuen egin, izan ere, egun horietan Beit Shaour-en, Belengo eskualdean (Zisjordania), dugun ohiko kolaboratzailea, Juani Rishmawi, 13 hilabeteko zigorra betetzen ari zen Israelgo espetxe militar batean.

Uhintifada : Agus Gorbea: «Palestinara brigadista lanetan bidaiatu aurretik baneukan informazioa, baina ikusi arte ezin nuen imaginatu hainbesteko ankerkeria eta inpunitatea izan zitekeenik»

UHINTIFADA 444. Udazkeneko sasoiaren testuinguruan Palestinan urtero izaten da olibaren uzta garaia. Mendetako tradizioa duen jarduera hori ogibide nagusia izan ohi da milaka famila palestinarrentzat, baina azken hamarkadetan arrisku handiko jarduera bilakatu da, kolonoen talde kontrolgabeek nekazarieei eraso egin ohi dietelako olibak biltzeko lanetan diharduten bitartean. Hori dela eta, nekazari palestinarrek urteak daramatzate ekintzaile internazionalisten laguntza eskatzen, hara joan eta euren presentziaz jarduera arriskutsu horretan babesa eman diezaieten. Unadikum deialdi horri erantzuten dion erakundeetako bat da. Urtero brigadak antolatzen dituzte, olibaren uztaren bilketan ari diren nekazariei laguntzeaz gain, ibilbide politiko bat egin eta okupaziopean bizi diren palestinarren testigantzak jasotzeko. Aste honetako saioan brigada horietako baten parte hartzaile batekin hitz egin dugu, Agus Gorbearekin. Gorbea Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko militantea da eta iragan urrian ibili da Palestinan brigadista lanetan.

Uhintifada : Liliana Cordova Kaczerginski: «Judu antisionistok propaganda sionistaren ahulgunea gara, Palestinarekiko elkartasuna antisemitismoarekin parekatzen duen Israelgo argudiabidea desmuntatzen dugulako»

Uhintifada 443. Iragan urriaren 4an Espainiako Diputatuen Kongresuan antisionismoa antisemitismoarekin parekatzen duen Lege Proposamena aurkeztu zen. Aurrera aterako balitz, legeak antisemitismotzat hartuko lituzke Israelgo politika genoziden aurkako edozein kritika edo apartheid erregimenaren aurkako edozein boikot dei. Proposamena gauzatuko balitz, Palestinarekiko elkartasun mugimendua kriminalizatzeko oinarriak ezarriko lituzke espainiar estatuan. Lege ekimen hori aurkeztu izanaren harira, azaroaren 15ean judu antisionisten zenbait erakundetako ordezkariek hitzaldi batean parte hartu zuten Kongresuan bertan, lege egitasmo hori motibatu duen aurreiritzi faltsua desmuntatzeko. Hizlarien artean gure aste honetako solaskideak ere hartu zuen parte: Liliana Cordova Kaczerginskik. Cordova Bigarren Mundu Gerran Lituaniako okuazio nazitik bizirik atera zen familia judu baten baitan sortu zen, eta gaur egun Judu Antisionisten Nazioarteko Sareko (IJAN) militantea da.

Uhintifada : Judit Rodriguez Fernandez: «Al Falasteniyeh Palestinako erresistentziari ahotsa emateko asmoz sortu da, eremu okupatuetan zein diasporan, eta okupazioaren normalizazioa eta kontakizun sionista borrokatzeko asmoz»

Uhintifada 442: Aste honetako atalean jomuga Palestinan jartzen duen proiektu komunikatibo berri bat aurkeztu dizuegu, Al Falasteniyeh, komunikabide palestinar zein internazionalistek osatutako informazio-sare bat. Munduko hainbat tokitan lantalde koordinatuak dituen proiektu hau palestinarrei ahotsa emateko xedez sortu da, Jordan ibaia eta Mediterraneo itsasoaren arteko eremuetan okupazioari eusten dioten palestinarrei zein diasporatik askapenerako eta itzulerako borrokan ari direnei. Kazetaritza proiektu hau aurkezteko espainiar estatuko lantaldeko koordinatzaileetako bat izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan: Judit Rodriguez Fernandez.

Uhintifada : Santiago Gonzalez Vallejo: «Dela utzikeria ideologikotik dela ezjakintasunagatik, zenbait alderdik onartu egin dute bidea ematea Lege Proposamen honi, zeinak antisemitismoaren definizioa bihurtzen duen Israelen eta sionismoaren aurkako kritikak bere baitan hartzeko»

Uhintifada 441: Iragan urriaren 4an Espainiako Diputatuen Kongresuan antisionismoa antisemitismoarekin parekatzen duen Lege Proposamena aurkeztu zen. Aurrera aterako balitz, legeak antisemitismotzat hartuko lituzke Israelgo politika genoziden aurkako edozein kritika, edo apartheid erregimenaren aurkako edozein boikot dei. Proposamena PP eta VOX alderdiek aurkeztu zuten eta PSOEren sostengu parlamentarioa ere izan zuen, eta gauzatuko balitz, Palestinarekiko elkartasun mugimendua kriminalizatzeko oinarriak ezarriko lituzke espainiar estatuan. Ekimen parlamentario hau aztertzeko Santiago Gonzalez Vallejo izan dugu gonbidatuta Uhintifadako mikrofonootan. Gonzalez Vallejo ekonomilaria da eta Comite de Solidaridad con la Causa Arabe erakundeko kidea.

Uhintifada : Axier Lopez: «Gero eta nabarmenagoa da Palestinako belaunaldi berrien aldentzea Aginte Nazionaleko agintaritza ustelarekin, eta hori agerian geratzen ari da erresistentzia talde armatu berrien sorrerarekin»

Uhintifada 440. Azken hilabeteotan Israelgo okupazio armadak modu kezkagarrian areagotu du Zisjordaniako palestinarren aurkako bortizkeria, bereziki Nablus eta Jenin bezalako ghettoetan. Orotara, 5.292 palestinar baino gehiago atxilotu (%14 adingabeak) eta 165etik gora erail dituzte etengabeko sarekadetan urtarriletik hona. Egoera lazgarri horri erantzunez, gainera, ordura arteko erakunde politiko tradizionalekin loturarik gabeko erresistentzia armatuko talde berriak antolatzen hasi dira, iparraldeko ghettoetan batez ere. Egoera nahasi hori aztertzeko Axier Lopez kazetaria izan dugu gonbidatuta Uhintifadako mikrofonootan aste honetako atalean. ARGIA aldizkariko berriemaileak Palestinako azken garaiotako egoera lazgarri horren analisia egin du argitaratu berri duen erreportai batean: “Zer gertatzen ari da Zisjordanian?”

Uhintifada : Daniel Lobato: «Israelgo erregimena saiatzen ari da ahalik eta gehien murrizten nazioartekoen sarrera, aparheidaren menpe bizi den populazio palestinarraren testigantza jaso ez dezaten»

Uhintifada 439: Azken hilabeteotan goraka egin dute modu kezkagarrian Israelgo armadaren ekintza errepresiboek Zisjordanian eta, testuinguru horretan, aste honetako atalean Nablusera jo dugu telefono bidezko elkarrizketan, bertan baitabil Unadikum erakundeko brigada bat. Daniel Lobato brigada horretako koordinatzailea izan dugu solaskide gure mikrofonootan.

Uhintifada : Sofia García:«Israelek gizateriaren aurkako ekintza sistematikoak burutzen ditu zapalkuntza testuinguru instituzionalizatu baten baitan, horixe da apartheid krimena; eta CAFek, zeharka, etekina ateratzen dio Giza Eskubideen urraketa horri»

Uhintifada 438: Otsailean Amnesty International erakundeak Isaelgo estatua apartheid erregimena dela salatzen duen txostena kaleratu zuen. Argitalpena 2017an abiatutako ikerkuntza lan luze eta neketsu baten emaitza izan zen. Ikerketa horretan bildu zuten dokumentazioak agerian utzi zuen ordurako Palestinako zein nazioarteko beste eragile askok duela urte askotatik salatzen zutena: Israelek gizateriaren aurkako ekintza sistematikoak burutzen dituela, zapalkuntza testuinguru instituzionalizatu baten baitan egiten duela, eta hori apartheid krimena dela.

Uhintifada : Jaldia Abubakra: «Miresgarria da Gazako jendearen erresistentzia gaitasuna. Oinarrizkoena falta bazaie ere, eta aire zabaleko kartzela batean bizi izanagatik, bizimodu duin bati eusten jarraitzen dute»

Uhintifada 437: Aste honetako atalean Gazako egoera jarri dugu arretaren jomugan, izan ere, iragan abuztuan Israelgo okupazio armadak beste eraso bat burutu zuen kostaldeko eskualdearen kontra, eta 50 lagunetik gora hil zituen. Oraingo honetan Jaldia Abubakra ekintzaile palestinarra izango da Uhintifadako mikrofonootara egunerokotasuneko kronika ekarriko digun solaskidea. Abubakra Palestinako diasporako kidea da. Gazan jaio zen, 48an okupatutako eremuetan kokatutako Beerseba herritik erbesteratutako errefuxiatuen familia baten baitan. Gainera, Masar Badil (Palestinako Ibilbide Iraultzaile Alternatiborako Mugimendua) mugimenduko sortzaile eta bultzatzaileetako bat da.

Uhintifada : Teresa Aranguren: «Sabra eta Chatilako sarraskiak XX. mendeko krimen lazgarrienetako bat dira, krimen lazgarriz betetako mende bateko lazgarrienetakoak»

Uhintifada 436. Uhintifadako denboraldi berri bati hasiera eman diogu historia garaikideko gertakari lazgarrienetako bat oroitzen dugun aste berean. Izan ere, iragan irailaren 16an 40 urte bete ziren Sabra eta Chatilako sarraskietatik. 1982ko egun haietan Libanoko Falange Kristauaren miliziek, Israelgo armadarekin elkarlanean, Beirut mendebaldeko errefuxiatuen kanpamendu horietan sartu eta 3500 herritaretik gora erail zituzten. Handik hilabete batzuetara NBEko Batzar Nagusiak berak genozidio krimen izendatu zuen triskantza hura, baina lau hamarkada geroago oraindik ez dira zuritu hilketa haren inguruko erantzunkizunak.