“Hitz Frankensteindarrak” -Blanca Urgell-
Gaurkoan Blanca Urgellek bete du gure iritzi tartea.
Satorraren gurutzegrama
“Ezetz jakin noiz sortu zen gurutzegrama hitza?“ galdetuko banio semeari, bi aukera leudeke. Edo nerabe-une batean harrapatuko dut eta “Ez, ama” lakoniko batez erantzungo dit, begiratu ere egin gabe, kaskoetatik datorkion musikak hartuta, edo helduaroan sartu denaren manerekin harrituko nau, “Nola noiz sortu den? Ba, betidanik” esango dit, ziurtasunez.
Semeak behintzat pentsatzen du gaztelaniaz crucigrama egonez gero, euskaraz gurutzegrama ez egotea ezinezkoa dela, berak ikasketa guztiak euskaraz egin dituelako, eta nik ez. Honegatik neuk badakit lehen euskaraz hitz batzuk ez zeudela. Jakina, ez zeuden haien beharrik ez zegoelako. Eta ez ziren egon haien beharra sortu arte.
Hala bada, gurutzegrama hitza ere ez zegoen duela gutxi arte. Ez zen existitzen. Beno, egia esanda, CORDE gaztelaniaren corpusean crucigrama hitzaren lehendabiziko agerraldia ez da XII. mendekoa preseski, ez XVI. mendekoa, ezta XIX. mendekoa ere, 1935ekoa baizik. Emakume batek erabili zuen lehenengoz, bidenabar: Dulce María Loynaz poeta kubatarrak. Beraz, gaztelaniazko hitza hain modernoa bada, euskal hitzaren berritasunak ez gaitu harrituko, ezta?
Halere, jokoa askoz lehenagotik asmatua zen: Wikipedia-k dio 1913ko abenduaren 21ean, Arthur Wynne kazetariak “Word-cross” joko berria argitaratu zuela egunkari batean. Hitz gurutzatuak Antzinatetik dira ezagun, ordea: Ponpeian topatu omen zen “sator karratua” izeneko zeraren alerik zaharrena. Karratu magiko bat da, SATOR, AREPO, TENET, OPERA eta ROTAS latinezko hitzak jasotzen dituena, multipalindromo bat osaturik (SATOR ROTAS alderantziz da, etab.); beraz, ez du gure satorrarekin zerikusirik batere, sator latinez ‘aita’ baita, izan ere, eta euskaraz satorra ‘sagu gorra’, ziurrenik.
Hitz gurutzatuen sukarra XIX. mendearen bigarren zatian hasi zen zabaltzen, egunkari-aldizkarien arrakastarekin bateratsu, baina Arthur Wynnek 1913an “ukitu” berezi bat eman zien: gaur egun gurutzegrama definitzen duten lauki beltzak.
Eta noiz heldu zen euskarara? Ba, oraindik ez dakit argi, baina Orotariko Euskal Hiztegia-n ez da agertzen, eta honek esan nahi du gutxi gorabehera 1968 arteko testuetan ez dagoela. Zoritxarrez, eskura dauden gainerako corpusak XXI. mendekoak dira. Jakin beharko litzateke nork asmatu zuen, baina 1968-2000 urteen artean izan bide zela ezarri dugu gaur, eta bistan da nola: erdal cruz euskarazko gurutze-rekin ordezkatuz, besterik gabe. Honegatik, ziurrenera, frankenstein bat delako, erdi-mailegu erdi-kalko, hitz gurutzatuak ere asmatu da, txukunago ematen duena. Begiratuz gero horixe aurkituko duzu Wikipedia-n, baina Euskaltzaindiaren hiztegiak biak onartu ditu.
Izan ere, zer dugu hitz frankensteindarren kontra? Nik ezer ez: eta zuk?
Hemen entzungai:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!