“Euskara zaila omen” -Patxi Goenaga-
Gaurkoa dut denboraldi honetako azken saioa. Eta gaur ere gure hizkuntzaz edo hizkuntzez mintzatu nahi nuke.
Lehengo batean, komunikabideetan Nafarroako politikari eskuindar bati entzun nion euskararen irakaskuntza Nafarroako lurralde osora zabaltzearen kontra inoiz entzun dudan arrazoirik bitxiena: ezin omen da euskararen irakaskuntza Nafarroako lurralde osora hedatu ‘oso hizkuntza zaila delako’. Hala esan zuela uste dut. Askok eusten diote mito horri. Euskara ordea, badakigu, beste edozein hizkuntza bezain zaila edo konplexua da, edo besteak bezain erraza. Doai unibertsala izaki, hizkuntza guztiak dira, sakonean, berdinak beren ahalbide miresgarrian, axaleko diferentziak gorabehara., Haurrek edozein hizkuntza ikas dezakete eta batzuek euskara ere bai. Moratin-en epigrama hura datorkigu gogora:
Admiróse un portugués
de ver que en su tierna infancia
todos los niños en Francia
supiesen hablar francés.
Badakigu hizkuntza etxean ikastea dela bide naturala eta errazena. Gauzak bestela dira nagusitan ikasi nahi direnean: zure etxeko hizkuntzaren familia bereko hizkuntza bat ikasteaz ari bagara, errazago izango da, beste muturreko hizkuntza bat ikastea baino. Horrenbestez, onar nezake aipatu dugun politikariak ‘oso zaila da’ aitzaki gisa esandakoa. Hizkuntza guztiek konplexutasun bera dutela onartzen badugu, ordea, horrelako baieztapenek balioa galtzen dute eta, kaltegarriagoa dena, euskararen aldeko ahalegin guztiak hutsaren hurrengoak direla adierazi nahi da horrekin, alperrik direla alegia.
Egun hauetan beretan Madrilgo politikari anbiziotsu baten ahotan ere entzun ahal izan dugu euskara ez dela Nafarroako hizkuntza. Nongoa ote?
Batzuk prest daude, ekologiaren izenean, galzorian diren landare arraroenak defenditzeko, baina, aldi berean, beren identitatea arriskuan jartzen duelakoan edo, lurra, ura eta argia ukatzen dizkiote hizkuntza txikiari, egiatan arriskuan dagoenari.
Begiratzen badiogu Europa hegoaldeko mapa linguistikoari hor ikusten dugu gure hizkuntza, latin hizkuntzez inguraturik: gaztelania, portugesa eta galegoa, katalana, frantsesa. Latinez inguraturik, alegia. Mapa horrek erakusten diguna da euskara latinaren zabalkundeari aurre egiteko gai izan zela (horrela hitz egin badaiteke). Mitxelenak zioen bezala, euskararen misterioa ez da nondik datorren, baizik nola izan den irauteko gai, bera baino askoz indartsuago ziren hizkuntzak, iberikoa, adibidez desagertu zirelarik. Euskarak iraun zuen. Zailegia zelako? Baina iraun zuen eta hemen daukagu oraindik, batzuek nahi ez badute ere.
Gaurko prediku honetan hizkuntzaren zailtasunaz beste zertxobait esatea ere nahi nuke, beste irratsaio batean ere aipatu genuen arren. Maiz esan izan da gaztelania den bezalakoa baldin bada, euskararen eraginez dela horrela. Adibidez, batzuentzat hain zaila den hizkuntzaren bost bokalak gaztelaniaren berberak dira. Konpara, adibidez, frantsesaren bokal sistemarekin.
Eta beste kontu bat ere aipatu nahi nuke, akademiko xamarra bada ere. Larramendik El imposible vencido izenburua jarri zionean bere gramatikari, orain hizpide dugun zailtasun horretaz ere ari zen: euskararen gramatika zaila ez ezik, ezinezkoa ere bazen nonbait. Dena dela, Laramendik, latinaren ereduari jarraituz euskaraz ere deklinabidea bazela aldarrikatu zuen. Zailtasun bat gutxiago, hortaz. Eta deklinabidearen kontu horrek gaurdaino iraun du gure gramatika lanetan. Hala ere, gaur batzuek behintzat, uste dugu latinezko deklinabidearen antzekorik ez duela euskarak, edo gutxienez, euskal gramatikaren berri emateko orduan deklinabide kontzeptua ez dela lagungarria. Latinak preposizioak eta kasuak zituen, biak. Gaurko hizkuntza erromanikoetan, kasuak erabat murriztu dira eta preposizioak gorde. Kasuak izenordainetan gorde dira batez ere: yo/mi/me; tú/ti/te… etab.: por el euskara esaten da, edo a mi madre, baina ez *por yo edo *a yo. Euskaraz bai: ni-gatik/ni-ri. Latinaren sistema aski erredundantea zen eta hizkuntza erromanikoetan, irudi luke, kasuak ia erabat desagertu direla eta preposizioen gainean uzten dela lehenago kasuaren gainean jartzen zen pisua. Hain zuzen, euskaraz bezala. Alegia, gure inguruko hizkuntzek euskararen bide errazagoa hartu zutela dirudi. Beraz, zein da zailagoa, latina ala euskara? Hizkuntza erromanikoek biderik zailenari heldu zioten ala errazago bati?
Eta zailtasun/erraztasun kontu honekin jarraituz, euskal aditzaren zailtasunaz, edo konplexutasunaz gogoetatxo bat egin liteke. Pozik erakutsiko dizkizut eta te los enseñaré a gusto, konplexutasunaren ikuspegitik, ez al dira oso antzekoak?: erakutsiko d-i-z-ki-zu-t vs te-los-enseñar-é. Eta aginterara joz gero, oraindik nabarmenago: enséñ-a-me-los oso forma erraza izango da, baina ez da erakutsi i(ezaz)-ki-da-zu baino askoz errazago.
Horrenbestez, hizkuntzaren zailtasunaren mito kaltegarri honi uko egin behar diogu euskaldunok. Eta euskaldunok dakizkigun hizkuntzez harro egon behar genuke, ez zailak direlako, munduan zehar ibiltzeko baliabide bikainak direlako, gure gizatasunaren seinale direlako eta, batez ere komunitate bateko edo batzuetako kide egiten gaituztelako. Atzerritar batek gure hizkuntzan hitz egiten badit, komunitatearen kide izan nahi duela eta badela erakutsi nahian dabil.
Hizkuntzaren ahalbideak eta zailtasunak ahalik eta ongien ezagutu behar dira. Horregatik, aitzakia merkeetatik ihes egin eta gure hizkuntza tresna eroso eta praktiko egiten saiatzera gonbidatu nahi zintuzketet gaurko prediku honekin. Uda aprobetxatu eta ahal duzuen heinean euskararen zailtasunak edo, gainditzeko bideak ikasi, hizkuntza tresna erosoa eginez nahi duguna esateko eta nahi dugun komunitatean integratzeko.
Patxi Goenaga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!