“Amorrua lege” -Blanca Urgell-
Amorrua lege
Atzo, eguerdi beranduan Arkaiateko hiribide nagusitik gindoazela, zebra-bide batera heltzean autoa gelditu nuen, familia bat ari baitzen beste norabidekoa igarotzen, gure aurrekora heltzear. Azeleratuz gero, pasa nintekeen, baina presarik ez orduan, eta gelditu egin nintzen. Aita zetorren lehenik, ume-kotxea bultzatuz; ama eta alaba txikia atzerago. Gelditzekotan nengoela, 4×4 handi horietako batek ezkerretik aurreratu ninduan abiada bizian, nire aurrean jarri eta zebra-bidea igaro zuen ume-kotxearen metro batera edo. Gurasoak atzamarra atera zion, baita kotxekoak ere lehiatilatik berdin erantzun ere. Honaino dena normala, ezta? Kaleko eszena tipikoa. Halere, 4x4ak 50-80 metro gehiago egingo zituen zerabilen martxan, eta gero aparkatu egin zuen. Autotik atera eta gidariak atzerantz egin zuen oinez, familiaren atzetik. Semea eta biok ezin harrituago, Gasteizko paraje lasai hartan eratzen ari zen filmarekin.
Gaur goizeko 7:30etan, auto pila sartzen den errotonda horietako batean pixkatxo bat estu sartu naiz, semea busera garaiz eramatearren. Nire atzetik gelditu den autoak ezkerretik aurreratu nau abiada bizian, nire aurrean jarri eta eskuinetara egin du, hain ustekabean non ia-ia jo egin dudan. Semea eta biok ezin harrituago, goizeko ordu horietan pertsonak barruan eraman dezakeen amorru biziarekin.
Ez dut esango egunero gertatzen zaigunik, baina hortxe-hortxe bai. Eta ez naiz bide-heziketaz bakarrik ari. Atzo lagun batek kontatu zuen Twitterren maleta eta mapa eskuetan zituela oharkabean norbaiten bidean gurutzatu bide zela eta nolakoak entzun behar izan zituen, barkamenak eskatu zituen arren. Zu ere Twitterren ibiltzekoa bazara, entzule, jakingo duzu han kaleetan bezainbeste edo amorru gehiago dabilela, goizeko orduetatik gabeko orduetara, etengabe-etengabe. Catalunyaren kontra, adibidez, eta katalanen kontra, zenbat astakeria ez ote diren idatzi! Eta erreferendumaren kontra?
Neure artean aita zenarekin hitz egiten dut egunotan sarri. Aita katalana zen, Tarragonakoa. 36an jaio zenez, bizitzen gerra bizian, Ebroko bataila delakoaren erdian hasi behar izan zuen, herria batzuek eta besteek aldizka hartzen zutela, herritarrak hil edo ihesi bidali, eta hola. Horrek ondorio batzuk izan zituen beregan, noski: jaietako suziriek ere alditxartu egiten zuten, denen adiskide izatea lortzen zuen, eta politika biziki gorrotatzen zuen. Zenbat ez ote zuen sufritu ni “politikan sartu” nintzelako! Aita bizirik balego, sufritzen legoke bere jaioterriagatik. Kontserbazale izateko joera zuenez, pentsatzen dut erreferendumari mesfidantzaz begiratuko ziola, baina Catalunyako familiak honezkero kontatuko zion hango padezimentuen berri. Gauza pare batean ginateke ados aita eta biok, ziur: gauzak doazen bezala, panorama iluna datorkio Catalunyari. Batzuen eta besteen artean hainbeste tenkatuta, aurkituko ote du berriro nolabaiteko oreka? Guri berdin zaigu nola lortzen duen, Espainia barruan ala aske, katalanek nahi duten moduan. Baina gauzak diren bezala, ziur gaude aita eta biok urtetxoak beharko dituela bere onera bueltzatzeko. Oxala oker bageunde…
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!