“Erantzun bati erantzuna” -Iban Zaldua-
Lehengo astean Amelia Barquínek eskutitz ireki bat idatzi zion Gorka Urtaran alkateari, Errekaleorreko suntsiketaren asmoen inguruan alegia, eta, egun batzuk geroago, erantzuna eman zion alkateak berak, adeitsu, Facebook bitartez. Poztekoa da alkateak eztabaidei itzuri ez egitea.
Erantzunak ez nau ase, ordea, eta hori dela eta kontraerantzun bat ematen saiatuko naiz hemendik. Lehenik eta behin, noski daudela desberdintasunak, baina niri bai iruditzen zaidala zilegi Gora Gasteiz mugimenduarekiko konparaketa. Alde batetik aniztasuna sumatzen dudalako Errekaleor Bizirik-en aldeko sinpatiazko mugimenduan (okupazioaren mugimendutik edo ezker abertzalearen inguruetatik harago doala uste dut, eta EAJren boto-emaile ez gutxi hartzen dituela orobat, nik dakidala behintzat: batzuek seme-alabak edo senideak dauzkate Errekaleorren bizitzen). Eta, bestetik, estigmatizazio kanpaina bat egon delako, kasu honetan aipatu mugimendu okuparen kontra, ziurrenik alkateak berak pentsatzen duena baino anitzagoa dena: ez al da bada estigmatizazioa (nahiz eta ez arrazakeriazkoa, Marotok egin bezala) hango bizilagun guztiak zaku berean sartzea eta haiei buruz esatea direla kolektibo bat “frogatu duena jada bere ondare demokratiko eskasa eta antzinako garaiekiko nostalgia, biolentzia helburua lortzeko bitartekoa zenean”? Zure hitzak dira.
Bestetik, segurtasunarekiko zure ardura goraipagarria da, baina ez dakit ze puntutaraino ezkontzen den ondo errealitatearekin. Santo Domingo kaleko etxe asko (egunero pasatzen naiz bertatik) okerrago daudela ematen du Errekaleorrekoak baino, eta han ez da urgentziazko interbentziorik egiten. Ziur nago konponketa batzuk, ez dakit zein puntutaraino sakonak, egitearekin nahikoa izan daitekeela eta, edonola ere, ni beti nago gehiago birziklatzearen alde, gauzak bota eta berriak egitearen (edo erostearen) alde baino: ekologikoagoa iruditzen zait (auzora bizikletaz joatea bezainbat, edo gehiago, bide batez esanda). Eta are okerrago ezkontzen dira segurtasunarekiko ardura eta auzo oso bati argindarra, publikoa eta pribatua, kentzea. Neurri bat soilik uler daitekeena kaleratzeko presio-ahaleginen logikatik. Logika perbertso batetik, gehituko nuke nik: jendea bizi da han, familiak, umeak. Ez al zen Gasteiz babes-hiri bat?
Jakina udalak 22 milioi gastatu zituela espropiazioak, kaleratzeak eta birkokapenak bideratzeko. Baina, oker ez banago, Errekaleorren aurrera eraman nahi zen higiezinen operazioarekin gehiago irabaztea espero zuen Udalak. Ekimen horrek berak (beste kontu batzuen artean) elikatutako burbuilak utzi zituen hutsuneak bihurtu zituen milioi horiek guztiak “galera”. Okupazioa hutsune hori betetzera baino ez da etorri. Sozialki birziklatu zuen Merkatuak alferrik galdutzat ematen zuen espazioa, hain zuzen ere.
Eskubideez eta betebeharrez hitz egiten duzu. Ez, guztiok ez ditugu eskubide berberak, aberastasun-desberdintasunak hazi eta etxebizitza eskuratzeko aukerak zaildu diren garai batean. Lana edukitzea eta pobre ez izatea gauza diferenteak diren aro batean. Pobrezia murrizteko tresnak, RGI delakoa bezala, gero eta gehiago mugatzen diren sasoi batean. Ez garelako hiri utopiko batean bizi, hain justu, alternatibak behar ditugu. Denok ez dugu bat egingo alternatiba horiek eraikitzeko bideekin eta moduekin, baina arnasa eman behar zaiela uste dut, are gehiago, Errekaleorrekoa bezala, jadanik lau urtez funtzionatzen ari bazen arazorik sortu gabe. Alemaniako, Danimarkako, Europa demokratikoena ordezkatzen duten eremuetan udalak akordioetara iritsi izan dira antzeko mugimenduekin, eta gaur egun auzune horiek hirien identitatearen eta aniztasunaren parte bihurtu dira. Zergatik ez hemen, Gasteizen?
Hiri moderno bat aldarrikatzen duzu, besteak beste, zure eskutitzean. Horregatik harritu nau, ondoan, “libertad / libertinaje” kontzeptu-bikote zaharkitua topatzea, hots, gure aiton-amonek eta gurasoek frankismo garaian hainbestetan jasan behar izan zutena, eta gaur egun ironikoki baino ez dena erabiltzen. Tira, agian ironikoki erabiltzen ari zinen eta ez naiz ohartu; barkatu, hala izan bada.
Urtaran jauna: garaiz zaude gauzak bere onera ekartzeko, eta negoziazio mahaira atzera itzultzeko. Ez dezagun zauria gehiago ireki.
Adeitasunez,
Iban Zaldua
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!