[Iritzia] “Maleta bat atean” -Oier Azkarraga-
Arabako herriak hustutzen ari dira. Alarma eman du Arabako kontzejuek ateratzen duten Herrian aldizkariak. Aleak jaso du albistea eta horrela gutako askorengana heldu da berria.
Ez zaigu arrotz egin ordea, jakin bagenekien eta gutako askok bizi dugun egoera da hori. Herriko gazteren bat aspaldi ez dugula ikusi, tabernako elkarrizketan aipatu dugu, Madrilen bizi da egun, erantzuna. Beste bat, Gasteizko juerga batetan topatu eta: orain hemen bizi naiz, aspaldi ez naizela herritik pasa. Gasteiz, Bartzelona, Bilbo, Madril, Amsterdam, Mexiko…
Gure herriak zahartzen doaz, eta gazteok maleta bat dugu etxeko atean, zain. Lotsagabe batek esan zuen behin gure herriko udalbatzan, gazteok bagoazela, gurean gelditu nahi ez dugulako, handinahikerian gaudelako eta gurea txiki gelditzen delako. Ez dut ukatuko, halako fenomeno bat egon daitekeenik, bere etxekoek seguruenik bera ez aguantatzearren egin zuten alde, ahal eta urrunenera.
Gure herrietan alokairurako etxerik ez egoteak izango du zerikusia ere, agian. Egon gutxi eta daudenak prezio ordain ezinean. Erosi, EROSI, esaten digute hizki larriz, kasik oihuka, eta guk hala! 50 urteetako hipoteka batetara loturik.
Lanik ere ez dugu gurean, enpresak itxita, tabernak dekadentzian, baserriak abandonaturik eta lursailak erabili gabe. Hizkuntzak ikasi eta lanera Alemaniara. Vente a Alemania, Pepe!
Bitartean, hitz politak eta ekintzarik ez. Udalek, diputazioak… prest daude herriak husten ikusteko, prest gazteok alde egiten ikusteko, eta malkoren bat botako dute, pataletaren bat, faltsuak ordea, gazteon bizkar gainean erru guztia jartzen duten bitartean.
Ba guk, argi dugu! Gazteok bizitzeko jaio gara! Maleta atean jarri badigute ere, ez dugu hankarik egingo, gure herrian bizitzeko eskubidea dugu, gure herriak biziberritzeko betebeharra ere. Maleta atean jarri digutenen aurrean, jauntxo eta instituzioen aurrean, matxinatu eta gure lurra defendatzeko prest gaude. “Gure amaren etxea defendatuko dut” zioen esaldi zahar eraberrituak, gure kasuan ez amarena zelako, gurea delako baizik eta ez gaudelako prest, haien esanetara hara eta hona ibiltzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!