Uhintifada: Uhintifada 239: Osloko akordioetatik hogei urtera, Estatu Palestinarraren aldarrikapena agortuta dago.
Aste honetako atalean Ane Irazabal kazetari arrasatearrarekin solastu gara, duela hilabete Berria egunkarian argitaratu zuen artikulu baten harira. Aipatutako artikulutik tiraka sakonean aztertu nahi izan dugu bertan planteatzen zuen gogoeta: Osloko akordioetatik hogei urte pasa direnean, agortuta geratu da itunak mahigaineratzen zuen balizko Estatu palestinarraren aukera. Haren ustez, denborak erakutsi du hitzarmenak okupazioaren kudeaketa Aginte Palestinarraren esku jartzeko baino ez duela balio, eta 1993ko baldintzak aldatu direnez, egun bideraezina da balizko Estatu palestinarra; gaur egungo testuinguruan, behintzat. Hain zuzen ere, Osloko akordioen garapena izan da palestinarrentzako estatu baten ateak itxi dituena; kolonien hedapenak, Palestinako lurraren etengabeko getifikazioak, Jerusalemeko judeizazioak, eta Aginte Palestinarraren ustelkeria eta jokaera zipaioak ezinezkoa bilakatu dute Estatu palestinarra. Gainera, gero eta palestinar gutxiagok ematen dio sinesgarritasuna aukera horri. Gauzak horrela, gero eta ahots gehiagok planteatzen dutena estatu bakar binazionalaren aukera da, alegia, hiritar guztiontzako estatu laiko eta demokratiko bakarra Palestina historikoaren eremuan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!