32 arrazoi gehiago borrokan tinko mantentzeko
Hunkigarria izan da Maduro bahitzeko erasoan hildako 32 kubatarrei Kubako herriak eskainitako omenaldia. La Habanako etorbideak kubatarrez zein Kubako ikurrez bete dira, baita eraildako borrokalari bakoitzaren herriaren kaleak ere.
Fuerte Tiunan eroritako 32 borrokalariak beste herrietan bizitza eman duten hainbeste kubatarren kopurura gehitzen dira. 2000 iraultzaile kubatar baino gehiagok eman zuten bere bizitza beste herrien askatasunaren aldeko gudetan: Bolivian, Kongon, Vietnamen, Guinea Bissaun, Angolan edo Etiopian. Beste dozenaka mila kubatar misio internazionalistetan aritu dira eta aritzen dira mediku, erizain, irakasle, teknikari, aholkulari eta beste eginkizun askotan. Internazionalismoa da Kubako Iraultzaren ezaugarri nagusietako bat, Che Guevara munduko eredu nagusia izanda. Zerbaitegatik esan zuen Fidelek “Internazionalista izatea gizateriarekin dugun zorra kitatzea da”.
Urtarrilaren 3an eroritako 32 borrokalari horiek berebiziko ausardia eta kemena erakutsi zuten inperialismoaren piztiei aurre egitean, arma modernoenen eta ezezagunen kontra borrokatuz. Kubako Iraultzaren magalean hazitako internazionalista kubatarrek duintasuna irudikatzen dute munduan, herrien zapaltzaileen harropuzkeria eta zitalkeriaren aurrean.
Egun hauetan Kubako kaleetara “Agur eta ohore!” adieraztera atera diren kubatarrek erakusten dute badagoela Kuba irmo bat, sistemaren hedabideetatik irudikatzen digutenaren oso ezberdina, non hiritarrak diktadura baten preso omen dauden eta sistemaren kontra altxatzen ari diren. Kubako egoera ekonomikoa oso larria da, gabezia materialak nabariak dira esparru askotan eta aurreikuspenak ez dira onak, baina horren guztiaren jatorri nagusia inperialismoak 65 urtez ezarritako blokeo kriminala da. Iraultzaren zuzendaritzarekin bukatzeko saiakerak porrot eginda, estrategia argia izan da: herria gatibu hartu eta bizitza ahalik eta gehien zaildu, Iraultzari zilegitasuna kentzen saiatzeko eta etsipena zabaltzeko, gobernuaren aurkako protestak elikatzeko asmoz. Inperialismoaren interesen kontra doazen prozesuak suntsitzeko asmoz, herria gosez eta gaixotasunez itotzen saiatzea hainbatetan erabilitako tresna izan da: Venezuelan bertan ere, Iraken, Sirian, Gazan, Iranen…
“Si tanto te gusta Cuba ¡vete a vivir allí!” zezeltzen dutenek ez dute inoiz ulertuko zer den askatasuna, zer den duintasuna, zer den mundua aldatzen saiatzea, beren mikromundu mentalean giltzapetuta. Ez dute sentituko kateak hausteko beharra, ezta Iraultza kubatarraren taupadak ere. Hanburgesa eta Coca Cola beren aspirazio altuena duten kubatar batzuen aurrean badaude beste kubatar asko, ziurgabetasun, kontraesan eta zailtasunen gainetik, José Martí, Antonio Maceo, Che Guevara, Simón Bolivar eta Fidel Castro gidaritzat hartzen jarraitzen dituztenak.
José Martí aireportura 32 zerraldoak heldu zirenetik, beren herrikideri begirunea eta miresmena adierazi dieten milaka eta milaka kubatarrek erakusten dute Iraultza kubatarraren sugarrak munduko herrien ametsa eta borrokei beroa ematen jarraitzen diela.
Kubatar herriak eta herri librez osatutako mundu bat nahi dugunok 32 arrazoi gehiago dauzkagu inperialismoaren asmoak kolokan jartzen dituen leloa beste behin oihukatzeko: ¡Hasta la victoria siempre!
Iñaki Etaio
Internazionalista
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
