“Don’t cook, just eat!” filosofiak irensten gaituenean
Mezu hori gure kaleetan ikusi nuen lehenengo aldian iraingarria iruditu zitzaidan. Kultura gastronomikoan izan dezakeen eraginaz gain, alferkeriaren apologia zuzena da. Elikaduratik harago, halako mezua, halako jarrera zabaltzea eta naturaltasunez barneratzea gure espeziearen aurrerapenaren kontra doa, zalantzarik gabe.
Ez dakit alferkeria generen batean kodifikatuta daukagun, baina argi dagoena da alferkerian eroso mugitzen garela gizakiok. Behintzat, gizaki asko. Aldaketaren aurrean alferrak, mugitu behar garelako, gure konfort-eremutik ateratzen gaituztelako, nahiz eta gure eremua oso miserablea izan…
“Don’t cook, just eat!” mezuari lotuta badago beste elementu gako bat: urdailari erantzutea, urdaila sentsazio primariotzat hartuta. Jakina da gure baitan arrazoia eta instintua borrokan ari direla. Oso gose gaudenean, arrazoiak instintuari bidea uzten dio, espeziearen hasieratik transmititu den biziraupenerako baliabide moduan. Hori gure bizitzaren eremu askotara eraman daiteke.
Eta sentimendu primarioetara joanda, badaude batzuk nahita elikatzen direnak, jendarte moduan kaltegarriak direnak, kolektiboa ahultzen, zatikatzen eta aurrez aurre jartzen dutenak, boterea kudeatzen dutenen onurako, normalean. Ultraeskuinak oso ondo daki horiekin jolasten. Ultraeskuinak oso ondo daki don´t cook, just eat eredu horretan mugitzen, don´t think, just react moduan ulertuta, non konbinatzen diren ezjakintasuna, hausnarketa falta, sinplismoa, arrunkeria, erraietako erantzuna, aurreiritziak, anonimatua, eta gorrotoa, gorroto dosi handiak. Adibide argienak, edozein hedabideetan irakur daitezkeen komentarioak edozein gairi buruz, edota telebista tertulia askotan entzun daitezkeenak: interbentzio oso motzak, argudioak garatzeko tarterik ez, zarata asko eginez eta emozioa piztea bilatuz. Dena oso erritmo azkarrean, ikuslearen arreta segundo batez ez galtzeko.
Bai, ultraeskuinak badaki oso ondo baliatzen alferkeria mentalaz, bereziki gazteekin.
Arazo handia dator ezkerraren sektore batzuetan ikuspegi horren alderdi batzuk erabiltzen saiatzen denean, jendartearekiko edo sektore zehatz batzuekiko mezuak sinplifikatzea bilatzen denean. Izan ere, sistema eraldatzeko ideologia zabaltzean, mezu sinple eta, ustez, digeribleak zabaltzean, eta esfortzurik gabeko erantzunak bilatzean mesede txikia egiten da norabide horretan. Gehiegitan ikusten da Don´t cook, just eat lelo hori, jateko plater erraz bihurtu nahi duela ezkerra progreak. Baina errealitatea ez da bat ere plater erraza, ez ulertzeko ezta iraultzeko ere. Errealitate gordinaren aurrean plater errazak, zapore suabeekin, pikante eta mikaztasunik gabekoak, eta ehundura bigunarekin aurkezten dira, ia-ia murtxikatu behar ez izateko. Esfortzurik ez ezta irensteko ere.
Gaizki ikusita daude testu luzeak, autore klasikoetara jotzea, klase borrokaz hitz egitea… Hori iraganeko kontua da, nostalgikoena. Garai horiek gaindituta omen daude eta orain jendarteari, eta bereziki gazteei, zuzendu beharreko mezuak motzak eta atseginak izan behar dira, letra gutxikoak eta irudi eta kolore askoz apainduta. Dibertigarriak eta estetikoki erakargarriak, eta azkar prozesatu eta kontsumitzekoak; bestela aspertuko dira eta arreta galduko dute… Edukiaren gainetik edukiontzia, momentuko joera eta modako dantza. Esfortzua, sakrifizioa eta militantzia eskatzea ez dago modan gaur egun. Izan ere “sakrifiziorik gabe, garaipenik ez” leloak kontrako asko dauka ezker progrearen artean, norberaren zaintzaren kontra omen baitoa eta gure unibertsoarekiko oreka dislokatzen omen baitu.
Herriak ez du janaria prestatu nahi, herriak ez du esfortzurik nahi janaria prestatzeko! Herriak jateko gogoa asetzea eta gozamena nahi du! Herriak ez du esfortzurik hartu nahi irakurtzeko, formatzeko, hausnartzeko, eztabaidatzeko, antolatzeko, borrokatzeko… Ezta militatzeko ere; gehienez momentu batzuetan aktibista izateko, digeribleagoa omen baita kontzeptu hori… Halakoak eskatuz, jendea guregandik urrunduko omen da… Esfortzurik ez! Azterketarik ez! Lehiarik ez! Estres egoerarik ez!
Agian sinpatizante asko hurbilduko dira momentu batean, musika alternatibo txatxi modernoak erakarrita, baina sukaldaritza ez ezagututa, jankide asko egon daitezke baina jankide gain-zainduta, gain-babestuta, mentalki eta ideologikoki oso ahulak izanda. Eta ahultasunetik eta alferkeria mentaletik ez dago beste menu bat eskaintzerik. Elikagaiak kontsumitzeko eskaintza hutsaren aurrean errezeta tradizionalak transmititzea eta plater eraldatzaile berriak sortzea eta sozializatzea ezinbestekoa da.
Esfortzurik gabe, sakrifiziorik gabe, gozamen eta erosotasunean mugitzea agian, baina garaipenak lortzea ziur ezetz.
Iñaki Etaio
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
