M8: mobilizatzeko hamaika arrazoi!
1.015 emakume erasotu zituzten gutxienez 2023an, gizartea gero eta aurrerakoiagoa omen den honetan. Maialen erail zuen bere bikote ohiak maiatzean, instituzioetatik arrisku mailaren balorazio oker bat egin ostean. Erresidentzia pribatuak, kontzertatuak eta kooperatibak hedatzen ari dira, zaintza lanen pribatizazioak sektorearen merkantilizazioan sakontzen duenaren erakusle.
Bitartean, instituzioek egoera hau betikotzen dute. Politika lauso eta aldarrikapen hutsalekin zuritzen dute haien aurpegia. Orain, gainera, zaintzaren auzia joku elektoralistaren barne txertatu dute alderdi ezkertiar zein eskuindarrek; paradigma antzuak proposatuz bozka batzuen truke.
Egoera honen aurrean, emakume langileok bigarren mailako subjektu izaten jarraitzen dugu, eta instituzioek egoera honekin amaitzeko duten ezintasunari eta enpresarien esplotazioari ez ezik, gizartean gero eta zabalduago dauden idea matxista eta erreakzionarioei ere erantzun behar diegu. Erantzun behar diegu indarkeria matxistaren forma berriei.
Erantzun behar diegu gure kuadriletan inpunitate osoz jokatzen duten erasotzaileei.
Erantzun behar diogu lan sektore feminizatuko langileen lan-baldintzen okertzeari.
Erantzun behar diegu grebarako eskubiderik ez duten langileen eskubide politikoen urraketari.
Erantzun behar diegu gure gorputza merkantilizatuz aberasten diren enpresei.
Antolakuntzaren bitartez erantzungo diegu. Egiturazko arazoak seinalatuz eta haiei aurre egiteko proposamenak mahaigaineratuz. Modu kolektiboan indarrak batuz. Finean, gizarte berri baten alde borrokatuz, alegia.
Horregatik, borrokatuko dugu doakoak eta unibertsalak diren zerbitzuen alde.
Borrokatuko dugu guztiontzako kalitatezko bizi- eta lan-baldintza berdinen alde.
Borrokatuko dugu emakume langileon askatasun errealaren alde.
Borrokatuko dugu etika berri baten alde.
Eta borrokatuko dugu emakume langileon interesak erdigunean jarriko dituen indar politiko independientearen alde.
EMAKUME LANGILEOK BORROKARA! SOZIALISMOA ERAIKI!
Martxoak 8, 18:30tan Andra Mari Zuriaren enparantzan ikusiko dugu elkar. Batu borrokara!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!