NATO ez!
Atzo, otsailak 14, San Valentin egunean burutu zuen NATOk bilkura Ukrainiara zenbat tanke bidaliko dituen erabakitzeko asmoz. Horra hor kapitalismoaren izaera kriminal eta hipokritaren beste lagin bat. Maitasun erromantikoaren izenean munduan barrena kontsumismoaren apologia egiten duen bitartean, gorritu gabe ere, gerra sustatu eta elikatzen du. Logika borobila du bestalde, burgesiak kapitalaren metaketa etengabean esplotatzen dituen herritarrak ergelkeriekin alienatu eta proletargoaren esplotazio bera hedatuko duen kontsumo masibo eta automata sustatzen dute, aldi berean produkzioak etenik izan ez dezan beharrezkoak diren lehengaien edota erregaien ustiaketa bermatuko duen kontrol geoestrategiko zein militarra sendotzen duen bitartean.
Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea 1949an mendebaldeko zenbait estatuk sortu zuten gobernu arteko aliantza militarrak, arlo politiko, militar eta ekonomikoan elkar babestea du helburu. Hasiera batean dozena bat herrialde baziren ere gaur egun 30 estatuk osatzen dute aliantza inperialista, 28 europar eta 2 iparramerikar. Bruselan du bere egoitza eta hamarnaka base militar herrialde ezberdinetan zehar sakabanaturik, kasualki Txina eta Errusiako mugetatik gero eta gertuago.
NATOk ereserki eta ikurrin propioa ez ezik leloa ere badu: “Animus in consulendo liber” edo ‘Erabakitzeko arima librea’ . Aukerakoa nola ez, indarkeriaren monopolioaren jaun eta jabe zarenean erabaki erabat askeak hartzen baitituzu mundua eta bere aberastasuna zure interesen esanetara jarriz.
NATO II.Mundu Gerra amaitu eta berehala sortu zuten Sobietar Batasuna eta Bloke Sozialista zeritzonaren aurrean “mendebaldea”, edo argiago esanda, potentzia kapitalistak babesteko asmoz. Arreta deitzen duen aurreneko datua zera da, 1989aren ostean, harresia behin erorita eta blokea deseginda nolatan ez zuten Aliantza bertan behera utzi edota pixkat disimulatu sikiera. Arrazoia nahiko gardena da: hurrengo hamarkadetan, bloke kapitalista inperialistak bere hegemonia kolokan jar zezakeen oro zapaltzeko behar zuten botere politiko-militarra blindatu nahian zebiltzalako. Alegia, erdigune inperialistak herrialde periferikoetan zituen interesei eusteko sortu zela NATO, eta hala jarraitzen du izaten.
Berlingo harresia erori zenetik, beste ofentsiba bati ekin zitzaion, eta 90. hamarkadaz geroztik gertatutako eraso militarrek argi utzi dute. Ondorengo hauek dira Aliantza Atlantistak, betiere demokrazia eta askatasunaren izenean, nola ez, burututako inbasioetako batzuk: 1995ean Jugoslavia zaharrean hartu zuen parte lehen aldiz zuzenean militarki NATOk; 2001ean Afganistan erasotuko zuen; 2003an Irak edota Libia 2011an. Gasak, petrolioak edota zonalde horietako balio geo-estrategikoek arrazoi nagusi eta bakarra zirenaren zalantzarik ez dugu honezkero. Agian hain argi ez daukaguna inbasio hauen ondorioz estimatzen diren kalteak dira. Hildakoen kopurua milioi batetik gorakoa izan da, errefuxiatuak milioika eta beste hainbat modutan kaltetuak izan diren pertsonak zenbatezinak. Dena klase zapaltzailearen interesen esanetara, “ergo”, kapitalaren metaketaren izenean. Burgesiari berdin zaiolako gainontzeko gizakumeon bizi-baldintzak, bizipoz, bihotz-taupadak beraien poltsikotan diruaren hotsak dena estali bitartean.
I.Mundu Gerra bizi izan zutenek bazekiten jadanik gerrak negozio hutsa zirela epe motzera eta inperialismoaren ezinbesteko tresna epe luzera. 1918an jakintza horretatik abiatuta, Rosa Luxemburg-ok hurrengo berbak eskaini zizkigun: “Guri dagokigu, sozialismoa edo iraultza soilik ez, baizik eta bakea defendatzea. Bakea baita proletargoaren iraultza mundiala. Bakea bermatzeko bide bakarra dago: proletariotza sozialistaren garaipena!”
Garaipena pausu bat gertuago egon dadin, datorren martxoaren 11an Bilbon NATO-EB EZ! lelopean hainbat eragileek antolatu duten manifestazioan parte hartzeko gonbita utzi nahiko nuke airean, uhinen artean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!