Demokrazia mingotsa
Demokrazia kontzeptua, mendebaldeko kulturak gehien globalizatzen duenetako bat izateaz gain, gehien zalantzan jartzen denetako bat ere bada.
Demokrazia burgesak boterearen aldeko borrokaren ilusioa baino ez du sortzen, eta, beraz, parte-hartzea posible dela sinetsaraziz, azkenean gizarteko sektore kritikoak neutralizatzen edo etxekotzen ditu. Botereak, Max Weberrek zioenez, gatazka sozialaren instituzionalizazioan kontrol modu bat aurkitzen du. Ezkerreko erakundeak horren biktimak izan al dira?
Gero eta konplexuagoa eta artifizialagoa den gure gizartean, ezinbestekoa da ulertzea nola artikulatzen den hegemoniaren aldeko borrokaren ilusioa, zerk elikatzen duen eta zerk egiten duen hain zaila borrokatzeko. Prozesu politikoaren ondorioz sortzen den indar-desoreka interpretatzeko orduan, demokrazia burgesaren bitartekoen hedapena aipatu ohi dugu, mass-medien espezializazio teknologiko handikoa, baina beharrezkoa da jabetzea, boterea, funtsean, menderatuaren buruan dagoela. Horregatik, boterea, izatez, sistemak baldintzatutako herritarrek barneratutako harreman-modu bat da.
Demokrazia burgesak zabaltzen digun ilusio-tranpa bere eskema ideologikoen eta kontzeptuen etiketen onarpenarekin hasten da, bere botereari eusteko eraikiak, baita politikoa ere. Ekonomia erdigune gisa asimilatzea izan da erori garen tranpetako bat. Demokrazia burgesak ekonomia kontzeptua helburu bihurtu du, eta ez bitarteko. Dena ekonomiatik pasatzen da. Denok erabiltzen dugu efizientziaren, lehiakortasunaren eta arrakastaren diskurtsoa, kontzeptuak gizarte osoarentzat zentzu bera izatea lortu duelako. Eta ez hori bakarrik, botere ekonomikoa, Jean Baudrillarde, frantziar filosofoak zioen bezala, errealitatearen beraren mende geratu da. Ondorio sozialak, psikologikoak eta era guztietakoak mehatxua dira gizarte osoarentzat, baita gure bizitzarentzat ere, naturarekin orekan. Orduan geratzen zaigun sentsazioa da txandakako krisi ekonomikotik irteten den bakoitzean, sistema errepresibo baterantz garamatzala, beldurrean oinarrituta: zor publikoari, Europako Banku Zentralari, deflazioari edo inflazioari diogun beldurra. Eta horrela ezarrita geratu da beldurra elkarrizketa deuseztatzeko tresna gisa, gizarte gero eta obediente, apatiko, menderatuago eta otzanago batean.
Horrez gain, beste ilusio bat ere eskaintzen zaigu, ikuskizunaren kulturak gauzatze aldera duen potentzialarekin lotuta dagoena, eragile eta prozesu politikoak masa-kontsumorako produktu bihurtzeko. Errebeldia eta subiranotasuna konfiskatzen dizkiguten reality-show-ak. Izan ere, gaur inoiz baino gehiago, Ana Rosa Quintanaren, Indaren eta abarren reality-showak telebistan daude, prentsa arrosako solasaldiak lekuz aldatu dituzten telebistako mila eta bat solasaldi politikoetan, demokraziaren eta askatasunaren ikuspegi faltsuak emateko eta desitxuratzeko zeregina betetzeko.
Boto-emailea kontsumitzaile politiko bihurtuta, benetako botereak marketinari eta manipulazio basatienari tira egiten die, kontsumitzaileei gezur-koktel erakargarri bat eskaintzeko. Bere botereari eusteko, demokrazia hitza errepikatzen du behin eta berriro. Ikusi gabe ikustea ahalbidetzen duen boterea da, orohartzaile eta aldi berean ikusezin izan nahi duena.
Benetako boterearen demokrazia ilusioa borrokatu eta azaleratu behar da, hori erregimen plutokratikoa baino ez baita.
Desilusioek puntu mingotsa dute, baina oso adierazgarriak eta emantzipatzaileak dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!