Zoro zoragarriak
Igandean Korrika amaitu zen Donostian, Amurrion hasi eta 11 egunez gure herriko geografia ia osoa zeharkatu eta gero, Bulebarrean eman zitzaion amaiera euskararen eta AEKren aldeko ekimen erraldoi honi.
Blai eginda hasi genuen tipi-tapa ibilbidea Amurrion. Gasteizen, Lautadan eta Sakanan elurrak harrapatu gintuen, Erriberan eta Zuian eguzkia. Donostian tenperatura epela eta giro are beroagoa.
Duela 42 urte, zoro zoragarri batzuek erabaki zuten gure herriak eta gure hizkuntzak bulkada bat behar zutela, eta bideari ekin zioten, 42 urte hauetan Korrikak etengabeko ibilbidea egin du euskararen alde, eta baita helduen euskalduntze eta alfabetatzearen alde ere.
Korrika ordea, ez da soilik euskararen aldeko ekimen erraldoia. Korrikak, gurea mugimenduan dagoen herri bat dela adierazten du. Eragile eta norbanako ugarik bat egiten dute Korrikarekin eta aniztasun kultural, ideologiko eta politikoaren ikurra da.
Urteetan zehar, ezkerreko independentismoak beste adierazpen biderik ia ez zuenean, Korrikak balio izan digu gure ideiak jendartaratzeko. Gaur egun ere, hamaika aldarrikapenerako gunea da: ama lurraren aldeko defentsa, gerraren eta NATOren aurkako oihua, Feminismoaren aldarri morea, independentziarako grina, nahi duguna maitatzeko eta nahi duguna izateko dugun eskubidea, enpresetako gatazkak ikusarazteko beharra, gure burkide presoekiko maitasun eta elkartasuna, sozialismoaren aldeko aldarriak eta nola ez, gure herrian euskaraz bizitzearen aldeko aldarria.
Batzuei ordea ez zaie guztiz ondo iruditu eta orotariko iritziak entzuteko eta irakurtzeko aukera izan dugu azken egun hauetan. Covite deituriko horiek, tartean gezurren bat botata ere, Korrika interpelatu dute, gaitzezpena eskatuz, herriz herri eta auzoz auzo, gure herria maitatzeagatik espetxeratuak dauden kideak gogoratzeagatik.
Beste batzuk irakurri ditugu Korrikatik aldarrikapen guztiak ezabatu behar direla aldarrikatzen, bestela euskara zikintzearen beldur edota kolektiboek Korrika euren mesedetan erabiltzen dutela salatu eta kontrako planteamendua beharko litzatekeela babestuz.
Batek baino gehiagok azaldu dit, kilometrorik “erosi” gabekoek ez luketela euren aldarrikapena egiteko eskubiderik izan behar. Iritzi ugariak, norabide ugaritan.
Eta bitartean Gasteizen gertatu da, argazkia argia da, esanguratsua. Korrikari eta euskarari babes infimoa ematen dion instituzio batek lekukoa zeraman bitartean, pankarta bat agertu da ibilbidean. Argazkiak asaldatu gaitu, asko gainera. Adierazgarria zait argazkian min egiten digunak ez dela lekukoa daramatenen aurpegi zuriketa tamalgarria, baizik eta pankartak daraman leloa.
Eta nik, egia esateko, ez dut ulertzen. Euskara omen zen gure territorio libre bakarra, Korrika izan da adierazpen librerako ekimen erraldoia eta nire gusturako hala izaten jarraitu behar du.
Duela 42 urte, zoro zoragarri batzuek lekukoa hartu eta gure herriak Korrika egiteko beharra zuela adierazi ziguten. Aurretik beste zoro zoragarri batzuk egin izan zuten bezala, eta horien ostean beste zoro zoragarri askok egiten aritu diren bezala. Gure herriak, gure hizkuntzak, gure Korrikak bulkada berri baten beharra daukate, zoro zoragarrien beharra daukate eta horiek guztiak ongi etorriak dira. Hizkuntza bat galtzen delako terrazan eroso erderaz egiten badugu, baina hizkuntza batek, bere biziraupenerako, bulkaden eta bultzaden behar osoa du. Zoro zoragarriak behar ditu ezinbestean.
Amaitu nahiko nuke, gaur egiten dudan iritzi hau, euskahaldun edizioko abestiaren pasarte txiki-erraldoi batekin:
Batzuk herriaz oroit, euskaraz ahantzi
bertzek euskara maite, herria gaitzetsi;
hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
berek nahi daukute konpreniarazi
bata bertzea gabe ez daizkela bizi.
Oier Azkarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!