Distopia lubaki
Distopia lubaki.
Askotarikoak dira COVID-19 birusaren jatorriari buruzko hipotesiak: yankiek eraman dutela Txinara guda bakteriologikoa berpiztuz; txinatarrek sortu dutela Wuhameko laborategi batean, edo sortu ezean, nahita edo nahigabe ihes egiten utzi diotela; ustiapen intentsiboetako abeletxeetan gizakion elikagai bihurtzen diren animaliak berriz gaixotu direla gehiegizko botiken eta bizibaldintza krudelen ondorioz; 5G sareak eragindako kutsadura elektromagnetikoak bizidunon inmunitatean egundoko eragin kaltegarria duela edo Ama Lurrak autodefentsaren izenean erditutakoa dela izurria, gure sarraskiekin nazkatuta. Oraingoz, badirudi ez dugula jakiterik, baina bidegurutze honetan bertsio ofizialak bizkor bota dio errua zorigaitzari. Sistema kapitalista kriminalari erantzukizunik leporatzen ez dion aukera bakarrari gogor heldu eta saguzarrak salbatu du zakur zaharra ustekabean.
Maskarak, hasieran ez; ondoren, bai. Lixiba beti prest eta guanteak ere bai! #etxeangeratu baina lanera joan; babes neurririk ez. Zoratuko gara, ez esan. Garbitu eskuak, familia zaindu, oxigeno gutxi dirua legez, zure erasotzailearengatik babestu zaitez. Kalera ezin, kaleratzeak jakina, ta paperik ezean ezin imajina, ERTEak zenbakaitz, lapur aberatsak heroi, autonomoak nanai, produkzioak darrai, donazioak nonahi… eta zergak? Izorrai! Big datak salbatuko gaitu… Zer iruditzen zaizu? Txibatoak loratuta, faxistak harrotuta, txakurrak oldartuta; eguzki izpirik ez, iberdrolari ordaindu? Noski baietz. Ez muxu ez laztan, besarkadak faltan; bakardadeak min, hutsuneak sumin; malkoak ihes, adiorik ez! Telefonoz urrun: amama zer moduz? Aita, zaindu zaitez. Ondo zaude? Baietz. Ospitale pribatuak libre, publikoak grabe; arnasgailurik ez, erizainak nekez; militarrak kalean, umeak etxean; kartzelan bisitarik ez. Zerbait jakin nahi? Egon zaitez zain. Telebista pozoi. Egin zumba, yoga, ogia eta otoi. Irakurri, noiz? Ikasi zerbait. Irakurri zer? Txio bat, itxoin. Azterketak noiz? Orain txalo, gero burrunba ta gauean La casa de papel. Ez gaude aspertuta joder! Beldurtuta bai, eta triste ez gaudenean, haserre ere bai.
Osasuna, gaixotasun eza baino askoz gehiago izateaz gain, breaking news, klase kontua ere bada. Hortaz, ezin dugu utzi gutxi batzuen interesen esku gehiengoaren bizitza baldintzatuko duen ezer. Bilakatu dezagun, beraz, zauriak eragitea ogibide dutenen aitzakia herrion lubaki. Langile-klasea, zaindu elkar, antolatu, ikasi, maitatu eta borrokatu: gure utopia burgesia hiltzailearen distopia bihurtu arte!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!