“Muntai polizial eta mediatikoa” salatu du Aske antolakundeak
Aske antolakundeak pasa den larunbatean atxilotutako Malen, Aratz eta haien senide eta ingurukoei elkartasuna adierazi eta hauen aurkako “muntai polizial eta mediatikoa” salatu dute prentsaurreko batean.

Gasteizko Santa Maria Plazan, Aske antolakundeak prentsaurreko bat egin du gaur. Bertan, pasa den larunbatean atxilotutako pertsonei elkartasuna adierazi eta “muntai polizial zein mediatikoa” salatu dute. Atzo Auzitegi Nazionalean epaituak izan ziren 34 eta 22 urteko gazteak eta besteak beste “talde terrorista bateko kideak izatea”, “bake publikoaren aurkako atentatua” eta “armak eta lehergailuak fabrikatzea eta horiek edukitzea” egozten diete.
Irailaren 26an identifikatuak izan ziren Eskoriatzan kontrol batean. Aske antolakundeak azaldu du, kontrol horretan Ertzainek “denbora luzez, bai autoa, bai haiek miatu ondoren gainean zutena kenduta aske utzi zituztela”. Bingen Zupiriak gaur azaldu du momentu hartan ez zirela atxilotuak izan “ez zirelako deliturik egiten ari”.
Pasa den larunbatean, beraien burua aurkeztu zuten bi gazteek Irungo ertzain etxean eta bertan atxilotuak izan ziren. Handik Auzitegi Nazionalera bidali zituzten eta epailearen aurretik pasa ziren atzo. Bertan, terrorismo delituak leporatu eta behin behinean espetxeratu dituzte.
Abokatuaren adierazpenak
Argiak jasotako adierazpenetan, Aratz Estonba abokatuak espetxeratzea “erabaki oso-oso larria” dela salatu du, “egiteko moduengatik eta suposatzen duenagatik”. Bere ustez, epailearen jardunbidea “bitxia” izan da, ez baititu aldeen argudioak balioztatzeko “bi minutu ere” hartu. “Fiskalak espetxeratzearen alde egin du, gu aurka, eta epaileak deblauki, jarraian jakinarazi du espetxeratze agindua”. Fiskalaren argudiategia ere “oso larritzat” jo du, eta “berriro ere antolakuntza politikoaren aurkako eraso baten aurrean” gaudela eta borroka moldeak kriminalizatu direla azpimarratu du. Adibide gisa, estintoreak pinturaz betetzen erakusten duen bideo bat aipatu du. fiskalak bideo hori erabili du akusatuek armak dituztela esateko.
Barne Sailak ziurtatu du akusatuek indar polizial ezberdinen inguruko informazioa zutela. Horren inguruan, Aratz Estonba abokatuak, Argiari azaldu dio, atxilotuetako batek ustezko polizia infiltrazioen inguruko ikerketak egiten ari zirelako zuela informazio hori. “Deklarazioan, gure defendatuetako batek azaldu du kontrolaren egunean hainbat herritan egon zela hainbat bilera egiteko, hala nola abokatu, kazetari eta herri mugimenduetako kideekin hitz egiteko, detektatuta zituzten ustezko [Poliziaren] infiltrazio batzuk kontrastatu eta nola argitaratuko pentsatzeko. Gure defendatuetako batek hori azaldu du, eta horregatik espetxeratu dute”.
Aske antolakundearen salaketa
Aske antolakundeak salatu du larunbatetik ona, Espainiako Estatuko hedabideek “kanpaina mediatiko bortitza jarri dutela martxan”. Gaineratu dute, atxilotuen informazio pertsonala eta kontrolean ateratako argazkiak zabaldu eta “Jardun Koordinadoraren aurkako gezurrez beteriko akusazio larriak” egin dituztela. Gaur bertan, Bingen Zupiriak, Jardun jarki eta Aske izan ditu jopuntu. Azaldu duenez, talde hauek “ez dira ageri erakunde publikoen erregistroetan” eta hori “ikertu beharreko kontua” da.
Askeren arabera, balio gabeko frogak erabili dituzte “armak eta lehergailuak fabrikatu eta edukitzea” edo “talde terrorista bateko kidea izatea” egozteko. Froga gisa estintoreak pinturaz nola betetzen diren erakusten duen bideoa soilik erakutsi dutela argudiatzen dute. Abokatuek diotenez, “akusatuei defentsarako aukerarik ez zitzaien eman”, eta “presio mediatikoaren eraginez epaileak saioa hasi aurretik zuen erabakita espetxeratzea”.
Asketik salatu dute, senideei, “Soto del Real eta Alcaláko espetxeetara eramango zituztela” esan zietela. Atxilotuetako batek Extremeratik egindako dei batekin jakin dute ordea hori gezurra dela. Beste atxilotuaren berririk ez dute oraingoz. Egoera hau “atxilotu eta ingurukoen artean ezinegona eta sufrimendua eragiteko baliatu dutela” salatu dute. Bukatzeko, “muntai polizial eta mediatiko” honen helburua, “militantzia politikoa kriminalizatu eta gizartean izua zabaltzea” dela diote.

Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
