Uhintifada : Teresa Aranguren: «Bada okerreko ideia bat, kontakizun historiko objetiboa egiteko parte guztietako bertsioak bildu behar direla, baina ez da horrela, izan ere, badira bertsioak errealitatea estaltzeko propio sortuak direnak. Horixe da Israelgo bertsioa, gaur egun mendebaldeak ere onartzen duena, eta Palestinan herri bat dagoela ere ukatzen duena»
UHINTIFADA 462. Denboraldi honetako azken atalean udarako gomendio literario bat ekarri nahi izan dizuegu. Horretarako, aurkeztu dizuegu “Palestina. El hilo de la memoria” liburua. Teresa Aranguren kazetariak 2004an idatzi zuen eta duela gutxi berrargitaratua izan da, ahatik, 19 urte geroago ez du inolako gaurkotasunik galdu. Liburu honetan Arangurenek Palestinako kolonizazioaren historiaren errepasoa egin du; XIX. mendearen bukaeran mugimendu sionista hasi zenetik; garaiko indar kolonial boteretsuenarekin, Britania Handiarekin alegia, interes bertsuak izanik, Palestina historikoaren eremuan estatu judua ezarri zutenekotik pasata; gaur egun irauten duen herri palestinarra desagertarazteko garbiketa etniko kanpainia abian jarri zuten arte.