Jardunaldiak: Krisi kapitalista eta inperialismoa
JARKI antolakunde iraultzaileak, krisi kapitalistaren eta inperialismoaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldiak, asteburu honetan izango dira, urriaren 24 eta 25ean, Gasteizko Aldabe gizarte etxean.
Jardunaldiak antolatu dituzue datorren astebukaeran Gasteizen. Zer gai izango dituzue hizpide egun horietan?
Larunbat goizean inperialismo atlantistaren eta potentzia emergenteen arteko norgehiagoka aztertzen hasiko gara, bai eta honek munduko herri langile ezberdinei eskaintzen dizkien agertokien inguruan solastu. Segidan, faxismoa eta inperialismoaren arteko loturak izango ditugu aztergai.
Arratsaldean, Europako alderdi sozialdemokratek bizi dugun militarizazioaren aurrean jokatzen duten papera izango dugu hizpide eta ondotik, inperialismoak jazartutako hiru herrialde ezberdinetako mugimendu iraultzaileetako kideak izango ditugu gurean, zehazki, Kolonbia, Libano eta Filipinasekoak.
Igandean, Amerikako Estatu Batuen estrategia geopolitikoa aztertuko dugu, bereziki honek Latinoamerikan duen eraginean zentratuz. Azkenik, eta jardunaldiak ixteko, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileak internazionalismoaren aferan dituen indargune, gabezi eta erronkak mahaigaineratuko ditugu.
Kapitalismoa krisian dagoela diozue. Zergatik diozue hori eta non kokatzen duzue arazoaren erroa?
Bere joera intrintsekoek bultzatuta, kapitalismoak berezkoak ditu krisiak, hauek ziklikoki gertatzen direlarik. Horiei aurre egiteko, bere burua berrasmatu eta garai historiko bakoitzeko baldintzen arabera, egiturazko aldaketak bultzatu izan ditu, irtenbide gisa.
Bloke sozialista desagertu zenetik, azken hiruzpalau hamarkadak AEBen eta oro har inperialismo atlantistaren hegemoniak ezaugarriturik egon dira. Azken urteetan ordea, potentzia emergenteen agerpenak eta zenbait herrialderen inperialismoaren aurkako borrokak mendebaldar hegemonia hau kolokan jarri dute. Horrela, potentzia inperialistek orain arte irabaziak pilatzeko izandako baldintza materialak murriztu dira eta horrek bete-betean eragiten du hauen kapital metaketa gaitasunean.
Non ikus daiteke krisiaren eragina Euskal Herrian?
Mendebaldeko inperialismoaren parte diren heinean, euskal burgesia eta espainiar zein frantziar estatuak ere botere ekonomiko galera hori pairatzen ari dira. Horren aurrean, eta irabaziak bermatzeko helburuarekin, langile klasearen esplotazio egoeran sakontzen dihardute. Ikusi besterik ez dago erregaien zein elikagaien prezioen igoera, etxebizitza lortzeko ezintasuna, industria enpresen itxiera eta kaleratze masiboak, askatasun politikoen murrizketa, mugimendu politiko iraultzaileen aurkako jazapenaren areagotzea…Horiek guztiak bere mozkinei eutsi nahi dien burgesiaren dominazioaren adierazpenak dira.
Zer harreman dago faxismoaren eta inperialismoaren artean?
Inperialismoak, bere hegemoniari eusteko mekanismo anitzak jartzen ditu martxan. Mendebaldeko herrialdeetan, urte luzez ongizate estatuak garatu izan ditu, bertako langileriaren oinarrizko beharrizanak nolabait asetuta, honen bultzada iraultzailea itzaltzeko. Alabaina, arestian aipatu dugun mendebaldeko inperialismoaren hegemonia galera, halabeharrez, eragina izaten ari da langileriarengan. Honen bizi baldintzen kaskartzearen aurrean, inperialismoak gizartearen faxistizazioa bultzatzen du, langileengan arrazakeria eta ideia autoritario zein erreakzionarioak gara daitezen. Modu honetan, langileriak estatuek aurrera eramaten duten biolentzia inperialista guztia begi onez ikustea bilatzen dute, beren botereari eusteko.
Zer paper jokatzen dute estatuek gaur egungo krisi egoeraren aurrean?
Estatuek paper determinantea dute kapitalismoaren krisiari aurre egin eta statu quoa bere horretan mantentzeko prozesuan. Gurean bi estatu inperialistek okupatuta gaude. Hauek burgesiaren botere ekonomiko eta politikoa eskura duten medio guztien bitartez mantentzen saiatzen dira. Estatuak, langile klasearekiko zapalkuntza bermatzeko burgesiak duen oinarrizko eraikuntza dira. Batetik, esparru ekonomikoan, langile klasea geroz eta gehiago estutzen dute, honen pobretze eta prekarizazioan sakonduz. Bestetik, estatuko aparatu juridiko eta polizialak erabiltzen dituzte, beren nagusitasuna kolokan jar dezakeen mugimendu iraultzaileen aurkako errepresio sistematikoa sustatuz. Azkenik, esparru ideologikoari dagokionez, langileriaren kontzientzian eragiten dute, komunikabide zein hezkuntzaren bitartez alienazioa bultzatuz eta klase zapaltzailearen diskurtso eta errelatoa zabalduz.
Zer espero duzue jardunaldi hauetaz?
Egungo testuinguru internazionalari so eginda, azken urteetan, aldaketa kualitatibo esanguratsuak ikusten ari gara. OTANek Errusiaren aurka Ukrainian abiatutako gerraren porrota, Frantziar inperialismoaren aurka Saheleko hainbat herrialdetan hasitako prozesu subiranistak, Palestinan azken hiru urteetan ikusitako altxamendu iraultzailea, Iranen edo Yemenen inperialismoaren eta sionismoaren aurkako borroketan lortutako garaipenak…Horren guztiaren aurrean, Euskal Herrian ere inperialismoaren aurkako borroka biderkatzeko hautua egiten dugu eta hortaz, Euskal Herri Langileari begirako lanketa ideologikoa egitea da gure helburu nagusia. Langileriari erreminta diskurtsiboak eskaintzeko eta honen kontzientziazio prozesuan gure ekarpena egiteko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
