Printzesa Transformer | Kontramundua
Kultura eta kontrakultura. Honi birak ematen hasi nintzenean, ederra kakanahastea…. Kulturak 250 definizio baino gehiago bildu omen ditu, horrek dio kultura bera gauza konplexua dela. Limiteak jartzea tokatzen zait orain, beraz, arteaz mintzatuko naiz, kultura elikatzen duen adarretako bat, infinitoa alegia baina nigatik gertuago. Eta zergatik artea? Arteak pentsamolde eta jokamolde bat definitzen duelako, mundua ulertzeko era bat proposatzen duelako eta agian kontra horretaz hitz egiteko lagunduko nau.
Esculpir el tiempo liburuan Andrei Tarkovski zinemagileak zera esaten du: Evak sagarra jan zuen momentutik, gizakiak egia absolutua bilatuko du eta munduaren jabe izateko desirak jota harekin harreman estuan mugituko da. Bilaketa hori izatearen bilaketa baino ez da. Zientzia eta artea izatearen misterioak deskubritzeko agertu ziren.
Zientzian, eskailera batetik igoko bagina bezala, aurrekoak deuseztatuko dituzten ezagutza berriak agertuko dira beti. Artean, aldiz, gizakiak, bere bizipen subjektiboa medio, errealitateaz jabetuko da eta, egia absolutuaren jeroglifiko baten antzera, une guztietan munduaren irudi berriak eta bakarrak deskubrituko ditu. Arteak, absolutua definitzen duten irudiak emango ditu. Zientziak pentsamendu logikoa behar du, ulermena ezinbestekoa da. Ulertu behar dugu. Arteak berriz sentitu behar den inpresio bat sortaraziko du. Guztioi zuzenduta dago. Esan beharra dago emozioak lurralde konplexuan kokatzen direla.
Pentsamolde zientifiko baten menpe bizi gara non zientzia misterio guztien erantzule izango den. Jadanik ez daukagu jainko baten beharrik. Ez badut ikusten ez dut sinesten, ez badu izenik ez da existitzen. Artelan baten aurrean maiz entzun edo esan dugu: Ez dut ulertu… eta gero haserrea. Baina arteak ez du hori proposatzen. Arteak izate misteriotsu horri irudiak, soinuak, hitzak jartzeko beharretik sortu zen, kobazuloetan hain zuzen edo are lehenago, batek daki.
Pentsamolde zientifikoak (eta honekin ez dut zientzia gutxietsi nahi) erantzun mugiezinak ematen ditu, egiak eskaintzen dizkigu guk gure egiak bilatu ez ditzagun, ez gaitu amildegian zer dagoen ikusten uzten, denak izan behar du erantzun logiko bat. Aitzitik, denok jausi gara noizbait ezezaguna den mundura, erantzunik gabeko galderekin askotan topatu gara, unibertsoaren misterioaz behin baino gehiagotan galdetu diogu gure buruari, ulertezinak diren egoerak egunero aurkitzen ditugu. Baina horrek ez du interes handirik, ez dauka baliorik.
Ez dakit kontra edo alde, ez dakit non dagoen klabea, baina pentsamolde zientifiko, logiko eta arrazional horrek bere lekua dauka, ez da misterio guztien erantzule izan behar. Ezezaguna denari atea ireki, bertan munduan egoteko eta mundua ulertzeko giltza txiki bat dago, agian, bertan kontramundu bat aurkituko dugu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!