Uhintifada : Luz Gomez: «7 urte zituela Darwishek bere etxetik ihes egin behar izan zuen atzean ohea bero eta irratia piztuta utzita. Berea istorio pertsonala da, baina baita 1948tik palestinarrek pairatzen duten hondamendi-historia kolektiboaren parte bat ere»

UHINTIFADA 452. Martxoaren 13an Mahmud Darwish idazle palestinarraren jaiotzaren urtemuga oroitzen da. Darwish egile maitatu eta itzal handikoenetakoa da Palestinan zein Palestinatik kanpo, eta Uhintifadan probestu nahi izan dugu efemeridea literatura palestinarreko autore ospetsu hau hobeto ezagutzeko. Alde batera utzi dugu azken asteotako aktualitate lazgarria, sionismoak Zisjordania gainean burututako ofentsiba latzak baldintzatuta, eta Palestinako kulturaren pertsonaia erreferente hau izan dugu hizpide, izan ere, bere urtemugaren bueltan Ediciones del Oriente y el Mediterraneo argitaletxeak idazlearen azken urteotako elkarrizketak biltzen dituen liburua kaleratu du: “El poeta troyano. Conversaciones sobre la poesía de Mahmud Darwish”. Palestinako literaturaren egile hau gertuagotik ezagutzeko Luz Gomez izan dugu solaskide gure mikrofonootan, liburuaren ekoizle eta itzultzailea.

Uhintifada : Daniel Lobato: «Kongresuko delegaritzak Israelgo Rafael armagintza enpresara egin duen bisita egitasmo baten barruan kokatzen da, eta Espainia mundu osoan Israelgo gerra produktuak zabaltzeko abiapuntu bilakatzea du helburu»

UHINTIFADA 451. Aste honetako atalean gure ohiko kolaboratzaileetako bat izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan, Daniel Lobato, Palestinako eta Ekialde Hurbileko egoeraren azterlaria. Harekin hitz egiteko asmoa iragan urtarrilaren 21ean El Salto egunkarian argitaratu zuen erreportai baten haritik dator. Bertan, Espainiako Kongresuko diputatuen delegaritza batek Israelgo Rafael armagintza enpresara egindako bisita aztertu zuen, izan ere, Defentsa Ministerioa konpainia horrekin milioi askotako kontratua sinatzeko bidean dago. Nolanahi ere, bere jarduerako zati handi bat aktualitateko beste zenbait gai aztertzera ere dedikatu du, hala nola, pasa den astean Israelgo okupazio armadak Zisjordaniako Nablus hirian burutu zuen sarraskia, edo Madrilgo Unibertsitatean Israelgo enbaxadorearen bisitaren aurka antolatu zuten protestaldia. Manifestazio horretan Palestinaren aldeko bi lagun atxilotu zituzten eta Israelgo delegaritzako kide batek pistolaz mehatxatu zituen protestariak.

Uhintifada : «Kirola aitzakia da, kontu guztiz politikoa, erregimen sionistak bere krimenak zuritzeko erabiltzen duen bezala, guk ere errefuxiatuen egoera arretaren jomugan jartzeko erabiltzen dugu»

UHINTIFADA 450. Aste honetako atalean datorren larunbatean, hilak 25, Portugaleten antolatu duten Palestinarekiko elkartasun egun berezia izan dugu hizpide. Jardunaldi berezia da, izan ere, publiko oso eta anitzari zuzendutako ekitaldiez aparte, goiz partean boxeo eta, oro har, borroka disziplinen inguruko jedeari zuzendutako egitaraua ere prestatu dute antolatzaileek. Ekimen berritzaile honen aurkezpena egiteko German izango dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. German Ezkerraldea Borroka Taldeko kidea da eta 97.0 irratiko Alerta Gorria irratsaioko kolaboratzailea.

Uhintifada : Salah Jamal: «Bartzelonako Udalaren adierazpenetik [Israelekiko harreman instituzionalak etetekoa] ordu gutxitara Kataluniako prentsako hedabideek, oro har, ekimena salatu egin dute, erantzuteko eskubiderik eman gabe; sare soziala, aldiz, Palestinako giza eskubideen alde dago»

Iragan otsailaren 8an Bartzelonako Udalak, agerraldi publiko batean eta Ada Colau alkatearen hitzetan, adierazi zuen Israelekiko harreman instituzionalak bertan behera utziko dituela, eta hiriak Tel Avivekin duela 25 urtetik gora duen senidetze akordioa ere etengo duela. Adierazpen instituzionala “Barcelona amb l’Apartheid NO, Barcelona amb els Drets Humans SÍ” izeneko herri kanpainiak bultzatu du. Kanpainia hori Kataluniako gizarte zibileko hamarnaka erakundek osatzen dute. Oihartzun historiko eta sinboliko handiko gertaera hau aztertzeko, Salah Jamal izan dugu solakide, ekimenaren bultzatzaileetako bat. Salah Jamal Zisjordaniako Nablus hirian sortutako idazle palestinarra da. Duela 50 urtetik gora bizi da Bartzelonan, bertan atera du medikuntzako doktoretza, eta bertan egin ditu geografia eta historiako ikasketak, Bartzelonako Unibertsitatean. Gaur egun unibertsitate horrexetako irakaslea da.

Uhintifada : Mazzed Khalilia: «Txikitan, Jeninen, ikusi nuen nola soldadu batek gure ama bere M16 fusilaz kolpatu eta saihetsak apurtu zizkion. Egoera horretan hazi dira pasa den astean Jerusalemen erresistentzia ekintzak burutu zituzten gazteak»

UHINTIFADA 448. Iragan urtarrilaren 26an Israelgo armadak sarraski odoltsua burutu zuen, beste behin ere, Jeningo errefuxiatuen kanpamenduan. Erasoan 11 lagun erail eta hogeitik gora zauritu zituzten. Triskantak erresistentzia ekintza isolatu kate bat eragin du Zisjordanian eta Jerusalemen, eta okupazio indarrek bortizki erantzun dituzte palestinarren oldarraldiak. Bestetik, Israelgo eskuin muturreko gobernuak lege erreforma berriak iragarri ditu, bertako populazio palestinarraren askatasuna areago murrizteko, besteak beste, zigor kolektiboak proposatu dituzte erresistentzia ekintzetan parte hartu duten ekintzaileen senitarteko eta ingurukoen kontra, eta kolonoen artean armen erabilera liberalizatzea ere ebatzi dute. Zisjordaniako, eta bereziki Jeningo, testuinguru historikoa eta gaur egungo egoera aztertzeko Mazzed Khalilia izan dugu gonbidatuta gure mikrofonootan. Khalilia Kataluniako palestinarren komunitateko kidea da eta Jeninen du sorterria.

Uhintifada : «Jordan ibarrean eraikitzekotan etxebizitzak birrintzen dizkiete palestinarrei, baina aldi berean, erresistentzia eta disidentzia ekimen asko daude»

Aste honetako atalean Uhintifadako mikrofonootan Dunia eta Eider izan ditugu solaskide, Sare Lesbianista kolektiboko kideak. Iragan udazkenean Unadikum erakundeak Palestinara antolatutako brigada batean hartu zuten parte, olibaren uzta bilketaren garaiaren testuinguruan. Haiekin hitz egin dugu, hain zuzen ere, bidaia horren barruan Jordan ibarrera egin zuten bisitari buruz, eta Zisjordaniako eskualde horretako okupaziopeko errealitateari buruz.
Bestalde, aktualitatearen errepasoan Jeningo errefuxiatuen kanpamendutik iritsitako azken albisteetan jarri dugu arreta, urtarrilaren 26ko goizaldean okupazio armadak sarraski odoltsua burutu baitu bertan.

Uhintifada : Laurent Cohen Medina: «Israelek Palestinako populazioaren kontra ezarri dituen apartheid legeak hertsiki lotuta daude erregimen sionistaren esentzia berarekin, kokalekuen kolonialismoaren esentziarekin»

UHINTIFADA 446. 2023ko lehenengo atal honetan Bartzelonatik aritu gara Laurent Cohen Medina gure solaskidearekin. Cohen Junts, Associació Catalana de Jeus i Palestinas elkarteko kidea da eta iragan abenduaren 15ean artikulu interesgarria argitaratu zuen Kataluniako prentsako zenbait hedabidetan. Idazkiak oso izenburu adierazgarria zuen: Judu antisionista eta antirrazista nauzue.

Uhintifada : Juani Rishmawi: «Adore handia eman zidan [Israelgo presondegi militarrean nengoela] espetxekide musulmanek prestatu zidaten prestatu zidaten Gabon festa, bakarrik ez nengoela erakutsi zidaten»

UHINTIFADA 445. 2022ko Uhintifadako azken atalean gure irratsaioko aspaldiko tradizio bat berreskuratu bahi izan dugu, alegia, urteari Belenetiko kronikarekin amaiera ematea. Duela urtebete, ezinbestean, ezin izan genuen egin, izan ere, egun horietan Beit Shaour-en, Belengo eskualdean (Zisjordania), dugun ohiko kolaboratzailea, Juani Rishmawi, 13 hilabeteko zigorra betetzen ari zen Israelgo espetxe militar batean.

Uhintifada : Agus Gorbea: «Palestinara brigadista lanetan bidaiatu aurretik baneukan informazioa, baina ikusi arte ezin nuen imaginatu hainbesteko ankerkeria eta inpunitatea izan zitekeenik»

UHINTIFADA 444. Udazkeneko sasoiaren testuinguruan Palestinan urtero izaten da olibaren uzta garaia. Mendetako tradizioa duen jarduera hori ogibide nagusia izan ohi da milaka famila palestinarrentzat, baina azken hamarkadetan arrisku handiko jarduera bilakatu da, kolonoen talde kontrolgabeek nekazarieei eraso egin ohi dietelako olibak biltzeko lanetan diharduten bitartean. Hori dela eta, nekazari palestinarrek urteak daramatzate ekintzaile internazionalisten laguntza eskatzen, hara joan eta euren presentziaz jarduera arriskutsu horretan babesa eman diezaieten. Unadikum deialdi horri erantzuten dion erakundeetako bat da. Urtero brigadak antolatzen dituzte, olibaren uztaren bilketan ari diren nekazariei laguntzeaz gain, ibilbide politiko bat egin eta okupaziopean bizi diren palestinarren testigantzak jasotzeko. Aste honetako saioan brigada horietako baten parte hartzaile batekin hitz egin dugu, Agus Gorbearekin. Gorbea Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko militantea da eta iragan urrian ibili da Palestinan brigadista lanetan.

Uhintifada : Liliana Cordova Kaczerginski: «Judu antisionistok propaganda sionistaren ahulgunea gara, Palestinarekiko elkartasuna antisemitismoarekin parekatzen duen Israelgo argudiabidea desmuntatzen dugulako»

Uhintifada 443. Iragan urriaren 4an Espainiako Diputatuen Kongresuan antisionismoa antisemitismoarekin parekatzen duen Lege Proposamena aurkeztu zen. Aurrera aterako balitz, legeak antisemitismotzat hartuko lituzke Israelgo politika genoziden aurkako edozein kritika edo apartheid erregimenaren aurkako edozein boikot dei. Proposamena gauzatuko balitz, Palestinarekiko elkartasun mugimendua kriminalizatzeko oinarriak ezarriko lituzke espainiar estatuan. Lege ekimen hori aurkeztu izanaren harira, azaroaren 15ean judu antisionisten zenbait erakundetako ordezkariek hitzaldi batean parte hartu zuten Kongresuan bertan, lege egitasmo hori motibatu duen aurreiritzi faltsua desmuntatzeko. Hizlarien artean gure aste honetako solaskideak ere hartu zuen parte: Liliana Cordova Kaczerginskik. Cordova Bigarren Mundu Gerran Lituaniako okuazio nazitik bizirik atera zen familia judu baten baitan sortu zen, eta gaur egun Judu Antisionisten Nazioarteko Sareko (IJAN) militantea da.

Uhintifada : Judit Rodriguez Fernandez: «Al Falasteniyeh Palestinako erresistentziari ahotsa emateko asmoz sortu da, eremu okupatuetan zein diasporan, eta okupazioaren normalizazioa eta kontakizun sionista borrokatzeko asmoz»

Uhintifada 442: Aste honetako atalean jomuga Palestinan jartzen duen proiektu komunikatibo berri bat aurkeztu dizuegu, Al Falasteniyeh, komunikabide palestinar zein internazionalistek osatutako informazio-sare bat. Munduko hainbat tokitan lantalde koordinatuak dituen proiektu hau palestinarrei ahotsa emateko xedez sortu da, Jordan ibaia eta Mediterraneo itsasoaren arteko eremuetan okupazioari eusten dioten palestinarrei zein diasporatik askapenerako eta itzulerako borrokan ari direnei. Kazetaritza proiektu hau aurkezteko espainiar estatuko lantaldeko koordinatzaileetako bat izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan: Judit Rodriguez Fernandez.

Uhintifada : Santiago Gonzalez Vallejo: «Dela utzikeria ideologikotik dela ezjakintasunagatik, zenbait alderdik onartu egin dute bidea ematea Lege Proposamen honi, zeinak antisemitismoaren definizioa bihurtzen duen Israelen eta sionismoaren aurkako kritikak bere baitan hartzeko»

Uhintifada 441: Iragan urriaren 4an Espainiako Diputatuen Kongresuan antisionismoa antisemitismoarekin parekatzen duen Lege Proposamena aurkeztu zen. Aurrera aterako balitz, legeak antisemitismotzat hartuko lituzke Israelgo politika genoziden aurkako edozein kritika, edo apartheid erregimenaren aurkako edozein boikot dei. Proposamena PP eta VOX alderdiek aurkeztu zuten eta PSOEren sostengu parlamentarioa ere izan zuen, eta gauzatuko balitz, Palestinarekiko elkartasun mugimendua kriminalizatzeko oinarriak ezarriko lituzke espainiar estatuan. Ekimen parlamentario hau aztertzeko Santiago Gonzalez Vallejo izan dugu gonbidatuta Uhintifadako mikrofonootan. Gonzalez Vallejo ekonomilaria da eta Comite de Solidaridad con la Causa Arabe erakundeko kidea.

Uhintifada : Axier Lopez: «Gero eta nabarmenagoa da Palestinako belaunaldi berrien aldentzea Aginte Nazionaleko agintaritza ustelarekin, eta hori agerian geratzen ari da erresistentzia talde armatu berrien sorrerarekin»

Uhintifada 440. Azken hilabeteotan Israelgo okupazio armadak modu kezkagarrian areagotu du Zisjordaniako palestinarren aurkako bortizkeria, bereziki Nablus eta Jenin bezalako ghettoetan. Orotara, 5.292 palestinar baino gehiago atxilotu (%14 adingabeak) eta 165etik gora erail dituzte etengabeko sarekadetan urtarriletik hona. Egoera lazgarri horri erantzunez, gainera, ordura arteko erakunde politiko tradizionalekin loturarik gabeko erresistentzia armatuko talde berriak antolatzen hasi dira, iparraldeko ghettoetan batez ere. Egoera nahasi hori aztertzeko Axier Lopez kazetaria izan dugu gonbidatuta Uhintifadako mikrofonootan aste honetako atalean. ARGIA aldizkariko berriemaileak Palestinako azken garaiotako egoera lazgarri horren analisia egin du argitaratu berri duen erreportai batean: “Zer gertatzen ari da Zisjordanian?”

Uhintifada : Daniel Lobato: «Israelgo erregimena saiatzen ari da ahalik eta gehien murrizten nazioartekoen sarrera, aparheidaren menpe bizi den populazio palestinarraren testigantza jaso ez dezaten»

Uhintifada 439: Azken hilabeteotan goraka egin dute modu kezkagarrian Israelgo armadaren ekintza errepresiboek Zisjordanian eta, testuinguru horretan, aste honetako atalean Nablusera jo dugu telefono bidezko elkarrizketan, bertan baitabil Unadikum erakundeko brigada bat. Daniel Lobato brigada horretako koordinatzailea izan dugu solaskide gure mikrofonootan.