Zailtasunak-zailtasun, ostegunean estreinatuko dute ‘Gerra hemen hasten da’ dokumentala
Joseba Sanzek zuzendutako dokumentala ekimen desobediente batekin hasi zen: Ina Robles suhiltzaileak Saudi Arabiarako armen kargamentuari uko egin zionean. Modu herrikoian finantzatutako lana da.
Euskal Herriko pertsona migranteen eskubideen aldeko eta militarismoaren aurkako hamabi bat taldek antolatuta, urtarrilaren 22tik otsailaren 2ra bitartean, “Eusko Label Armak Gerrarako” izeneko kanpaina egiten ari dira Gasteizen.
Urtarrilaren 22an Ina Roblesek, ezkutuan Saudi Arabiara bideratzen ari zen arma komertzioa argira atera zuen suhiltzaileak, bere esperientzia kontatuko du Aldabe Gizarte Etxeko ekitaldi aretoan 19:00etatik aurrera.
Urtarrilaren 24an, 20.00etan, Florida zinemetako 1. aretoan estreinatuko da Gerra hemen hasten da dokumentala. LGEA (Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia eta KEM-MOC Bilbo taldeen batzar antimilitarista) kolektiboko kidea den Joseba Sanz bizkaitarrak zuzendu du dokumentala.
Izan ere, Ina Roblesek Bilboko Portuan Saudi Arabiarako armen kargamentuari uko egitea izan zen dokumentalaren genesia.
Desobedientzia ekintza horrek agerian utzi zuen Yemengo gatazkan erabiltzen ziren armak aldizka bidaltzen zirela Euskal Herritik. Horren ondorioz, hainbat elkartek arma ekoizpenaren eta esportazioaren kontrako mobilizazioak aurrera eramaten hasi ziren. Film-dokumental honetan, ekimenaren nondik norakoak biltzeaz gain, Euskal Herriko armagintzaren historia eta aktualitatea ere jasotzen da.
Saudi Arabiaren blokeao “bortitza” izan arren, ekoizleek Sana’a-rako, Yemengo hiribururako, bisatua lortu zuten azkenean.
Orain, dokumentalean, Faten Al Osimi yemendarrak, Ignacio Roblesekin batera, mendebaldeak erdi-ezkutuan elikatzen duen gudaren alderik humanoena erakusten du. Faten, Yemengo kaleko biztanle arrunta izanik, herrikideak jakiak banatzen eta ur-andelak instalatzen laguntzen saiatzen da, gerrak guztiz suntsitutako eta kolerak zein beste edozein eritasunek deuseztatutako herrialde batean.
Dokumentala modu herrikoian finantzatu da: crowdfunding baten bidez, 200 pertsona ingururen parte hartzeari esker, 14.000 euro lortu ziren.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!