Araban, eta Euskal Herrian orokorrean, ez dira soilik piperrak, babarrunak edo patatak ekoizten. Armak ere ekoizten dira, eta nola gainera: euskal industria militarrak 500 milioi eurotik gorako irabaziak ditu urtero, besteak beste, AERNNOVA edo ITP enpresei eta erakunde publiko eta pribatuen konplizitateari esker. Etxe ondoko enpresetatik Turkiara, Israelera edo Saudi Arabiara  esportatzen diren ‘Eusko Label’ armak dira.

Eurofighter hegazkinetarako piezak Euskal Herrian ekoizten dira

Babarrunak, sagardoa, orburuak, patatak, ardoa, piperrak… Eta armak. Euskal Herrian ere armak ekoitzen dira, gerrarako armak, pertsonak hiltzen dituzten arma horiek: ‘Eusko Label’ armak. Eta uste baino arma gehiago ekoizten dira gurean, etxe ondoko fabrika eta enpresetan, baina instituzio eta alderdi ezberdinen konplizitatearekin.

Euskal industria militarrak 500 milioi eurotik gorako irabaziak ditu urtero. Hala ere, zifra asko ezkutatzen dituzte enpresa ezberdinek, beraz, irabaziak askoz gehiago izan daitezke. Gaur egun, 100 euskal enpresa baino gehiagok haien produkzio osoa edo zati bat armen ekoizpenera bideratzen dute, haietako batzuk Espainiako sektore militarrean garrantzitsuenen artean daudenak. Besteak beste, adierazgarrienak hurrengoak dira:

  • Araban, arlo aeroespazialean aritzen den AERNNOVA enpresa.
  • Bizkaian, misil eta elektronika militarra jorratzen duen SENER enpresa eta arlo aeroespazialean aritzen den ITP. Azken honek, adibidez, ikerketa-gune bat dauka Euskal Herriko Unibertsitatean.
  • Gipuzkoan, gerra-tanke eta ibilgailu militarrak ekoizten dituen SAPA enpresa.
  • Iparralden, berriz, arlo aeroespazialean jarduten diren DASSAULT eta TURBOMECA enpresak.

Hori gutxi balitz, produkzioaren %80a baino gehiago esportatu egiten da. Gehiengo, Europako herrialdeetara NATO, MEB eta beste gerra operazio batzuetan erabiltzeko. Beste zati bat gatazka eta zapalkuntza herrialdeetara bidaltzen da, hala nola, Saudi Arabia, Turkia, Israel edo Egiptora.

Inplikazioa, hipokresia eta salaketa

Datuak mahaiaren gainean jarrita, zenbait elkarte eta kolektibok –Askapena, Bake Ekintza Antimilitarista, Bardenas Libres, Emakumeok Gerraren Aurka, Gasteizkoak, Greenpeace, Iruña Harrera Hiria, KEM-MOC, La Guerraz Empieza Aquí, Ongi Etorri Errefuxiatuak, OXFAM Intermon, SETEM eta batzea espero duten beste askok- euskal instituzio publiko eta pribatuen “inplikazioa eta hipokresia” salatu dute Gasteiz Zapateneo gunean egindako agerraldi batean.

Unibertsitateek, Lanbide Heziketako zentroek eta ikerkuntza zentroek, adibidez, produkzio militarra areagotzeko ikerkuntza lanak egiten dituztela salatu dute. Eusko Jaurlaritzak, berriz, babesa eta diru publikoa eskaintzen dio euskal industria militarrari: “Gastu militarrean etengabeko gorakada duten aurrekontu ofizialak babestu, onartu eta finantzatzen ditu, baita industria militarrarentzako dirulaguntzak bideratu ere”.

Modu berean, zenbait banku-erakundek (BBVA nagusi) armagintza industria finantzatu eta bertan inbertitzen dutela gaitzetsi dute. Zentzu honetan, zenbait alderdi politikoren ordezkarien hipokresia salatu dute, “sektore militarra bultzatu eta eta finantzatzen duten enpresariak jendaurrean goratu eta aitortzen dituztelako”.

Aperribay, Sendagorta… Izen propioak industria militarraren atzetik

Insituzioei ez ezik, sinatzaileek ere jendarteari dei egin diote gerraren inguruan dagoen konplizitateari buruz hausnatu dezan. “Nola liteke euskal futbol talde baten lehendakaria, Errealarena, gerra-tanke fabrika baten zuzendaritzako kide izatea? Nola liteke fabrika mota honetako jabeek –Aperribay, Sendagorta…- instituzio publiko eta pribatuen sari eta goraipatzeak jasotzea?”, galdetu dute.

Bestalde, gerraren negozioak milioika pertsonen bizitzen “ondorio ezin latzagoak” uzten dituela gogoratu dute: heriotza, suntsipena edo etsipena jarri dituzte adibidetzat. “Emakumeak eta umeak dira kaltetuenak, bortizkeria sexual sistematikoa gerra arma bezala erabilia delarik”.

Zifren gainetik, pertsonak

Gatazka armatuek, batez beste, 150.000 heriotza eragiten dituzte urtero. 70 milioi pertsonek euren etxetik ihes egin behar izan dute biziraun ahal izateko. Gehienak inguruko herrialdeetan geratzen dira, baina horietako gutxi batzuk bidaia gero eta luze eta arriskutsuagoak abiatzen dituzte. “Gurera iristen direnean kriminalizazioa, jazarpena eta muturreko pobreziarekin egiten dute topo”.

Sinatzaile guztiek, euskal industria militarraren produkzioaren birmoldaketa aldarrikatu dute egoera honi buelta emateko. “Produkzio honen helburua erabilpen zibila izatea, irizpide etiko, jasangarri eta solidarioak jarraituz eta bizitza erdigunean jarriz”. Eta instituzioei ere “gure herrira etortzen diren guztiei harrera duina” egiteko baliatu dute agerraldia: “Gure lehergailuek milaka pertsonen ihesaldi behartua eragiten badute, harrera herria izateko betebeharra dugu”.

Jardunaldiak urtarrilaren 22tik otsailaren 2ra

Hau guztia hobeto azaltzeko, datozen asteetarako jardunaldi ezberdinak antolatu dituzte antolatzaileek, Gasteizen burutuko direnak:

  • La guerra empieza aquí. Paremos el envío de armas a Arabia Saudi hitzaldia. Ina Robles Bizkaiko suhiltzaileak eskainiko duen hitzaldia, urtarrilaren 22an 19:00etan  Aldabe Gizarte-Etxean.
  • Florida zinemetan estreinatuko den eta Joseba Sanzek ekoitzi duen Gerra hemen hasten da dokumentala. Urtarrilaren 24an, ostegunean: gonbidapenak Hala Bedi Tabernan eskuragai.
  • Banca armada, ¿Cómo se financia la guerra? hitzaldia Xavi Mojal eta Mónica Vegaren eskutik. Urtarrilaren 30ean, asteazkenean, 19:00etan Aldabe gizarte-etxean.
  • Bidaiek ez dute bueltarik antzerkia otsailaren 1ean Monstrenka aretoan. Itziar Rekalderen ikuskizuna 21:00etan izango da.
  • Otsailaren 2an, larunbatean, Bertako produktuen azoka tradizionala egingo dute 11:30etatik 15:00ak arte Correos Plazan.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies