Koldo Arribillagaren heriotza salatzeko kontzentrazioa egingo dute, “Parad la guerra contra lxs pobres” lelopean
Urriaren 5ean izango da. Inor Ez Etxerik Gabe/Derecho a Techo-k deitu du, Osasun Publikoa Aurrera plataformarekin eta Osakidetzako errepresentazio sindikalarekin batera.
Joan den irailean hil zen Koldo Arribillaga gasteiztarra bihotzeko gaitz baten ondorioz. Osakidetzak uko egin zion behar zuen ebakuntza egiteari, Arribillagak ebakuntza-ostekoa egiteko bizitoki egokirik ez zuela eta. Etxegabetze baten ondoren, familiaren lonja batean bizi zen gizona eta zerbitzu sozialek ez zioten alternatibarik eskaini, egoera kritikoa izan arren. Lanbidek legez kanpoko 9000 euroko zorra eskatu zion. Udalak hileroko 600 euroko isunarekin mehatxatu zuen, lokala uzten ez bazuen.
Inor Ez Etxerik Gabe plataformak maiatzetik darama Koldoren kasua salatzen. Instituzioen ardugabekeria eta zaugarritasun egoeran dauden pertsonen baldintzak aldatzeko borondate politiko falta seinalatu ditu, besteak beste. Oraingoan, Osasun Publikoa Aurrera plataformarekin eta Osakidetzako errepresentazio sindikalarekin batera mobilizatzeko deia egin du plataformak, Koldoren heriotza eta horren arduradunak salatzeko.
Bihar, urriak 5, izango da kontzentrazioa, 19:00etan Andra Mari Zuriaren Plazan. Helburua “erakundeen utzikeriak” eragin zuen heriotza salatzea da eta, zehazki, ardura Osakidetza, Gasteizko Udala, Lanbide eta Etxebidek dutela seinalatzea. “Parad la guerra contra lxs pobres” lelopean mobilizatuko dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!