Jasotako babesa eskertzeko unea iritsi zaio Errekaleorri
Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak Errekaleorri argia moztu ziotenetik urtebete igaro denean, agerraldia egin dute auzokideek, bataila hura irabazi izanak ez dituela auzokideak lasaitu gogoratuz. Euskal Herriko irla energetiko handiena izateko jaso zuten babesa eskertzeko -100.000 eurotik gora-, 100 mila esker jaialdia egingo dute igandean.
“Errekaleor itzaltzeko asmoarekin etorri ziren orain dela urtebete, edozein argi izpi ezkutatu nahian. Baina hemen jarraitzen dugu”. Errekaleor auzo askera Iberdrola eta Ertzaintza argia moztera joan zirenetik urtebete igaro denean, milaka pertsonei eskerrak emateko agerraldia egin dute auzokideek maiatzaren 18an auzoan bertan. “Pertsona horiei esker auzoa eguzki izpiez hornituta dago, eraikinak egoera hobean daude, paretak inoiz baino koloretsuago eta inoiz baino proiektu gehiago daude”, adierazi dute.
Orain dela urtebeteko argi mozketak helburu politikoa zuela berretsi dute auzokideek. Horretarako, iaz 16 arkitektuk aurkeztutako txostena ekarri dute gogora, etxeen egitura egoera onekoa zela aipatzen zuena. “Baina euren kolpea gure iraultza txikia indartzeko pizgarria besterik ez zen izan”.
Orain, Euskal Herriko irla energetiko handiena da Errekaleor. Elektrizitatearen erabilera %90a jaitsi dutela aipatu dute, “bere burua erreferentetzat duen Green Capital honetan bestelako eredu bat benetan posiblea dela erakutsiz”. Udalari “kroak” egiteko asmoa berretsi dute auzokideek eta hala jarraituko dute.
100 mila esker
Ekainaren 3ko manifestazio handia inflexio puntu bat izan zen. Manifestazioaren amaieran, coopfunding bat martxan jarriko zutela iragarri zuten. Helburua 100.000 euro lortzea zen, Euskal Herriko irla energetiko handiena izateko. Orain, euren ekarpena modu indibidualean edo kolektiboan egin zuten eragile eta norbanako guztiei eskerrak emateko unea iritsi da.
Maiatzaren 20an, igandean, egun osoko egitaraua antolatu dute auzoan, bazkaria izanik puntu nagusietako bat – apuntatzeko errekaleorbizirik@gmail.com helbidera idatzi behar da-. Goizetik hasiko dira ekintzak Errekaleorren. Jam Session bat izango da, jateko ugarirekin, eskerrak emateko murala margotzen den bitartean. 14:30ean herri bazkaria ospatuko dute, eta bazkalostean kontzertu batzuk izango dira bertan. Eguzki energiaren instalaziora bisita gidatua egingo da arratsaldean, eta ospakizuna borobilduko duen ekitaldi batekin amaituko da eguna.
Maiatzaren 25etik 26ra izango dira auzoko jaiak, Os ha salido rana lemapean. Aurreko ikasturtean hasi ziren jai hauek antolatzen. Larunbateko eguna izango da potenteena. Auzo askean Zea Mays taldeko hainbat kidek kontzertu askustikoa eskainiko dute, bazkari herrikoia egongo da, Tremenda Jauria taldearekin kunbia doinuak… Egitarau osorik hemen.
Amaitzeko, eta hurrengo egunetako deialdiak gogoratzearekin batera, besarkada bat bidali nahi izan diete Notre-Dame-Des;Landesen dagoen ZADeko kideei eta azkenaldian mehatxatuak izaten ari diren Maravillas eta Errotxapeako lagunei.
- Errekaleor, urtebete elkartasunaren argipean
-
“Bizitza hautatu genuen”, urtebete Errekaleorri argia moztu ziotenetik
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!