Urtebete igaro da Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak Errekaleor auzo askeari argia moztu ziotenetik. Askorentzako ezezaguna zen proiektua ezaguna bilakatu zen orduan eta elkartasun uholde erraldoi handi bat izan zen horren errudunetako bat. Besteak beste, 100.000 euro lortu zituzten energia sistema propioa eraikitzeko eta, orain, urtebete pasata, diru-bilketa horretan parte hartu zuten guztiei eskerrak emango dizkiete maiatzaren 20an, “100 mila esker” elkartasun egunean.

Urte bat. Urte bat Errekaleor mapa eta hedabide guztietan kokatu zen egunetik. Urte bat Iberdrolak, Eusko Jaurlaritzako Industria sailaren aginduz, Errekaleor auzoko argindarra kendu zuenetik . Urte bat, elkartasun olatu bilakatuta. Urte bat alternatibak eraikitzeko ametsa errealitate bilakatu zenetik. 

2017ko maiatzaren 18a. Goizeko 10:00ak aldera iritsi da Ertzaintza Errekaleorrera, eta, lehenengo unetik, tentsioa egon da auzoan. Gazteek autodefentsa hautatu dute, eta Ertzainak laster hasi dira auzokideei bultzaka. Segidan azaldu dira poliziaren beste 10 furgoneta eta, haiekin batera, Iberdrolaren 6 auto, argia mozteko asmoz. Eguerdi aldean jakin denagatik, Jaurlaritzaren Industria sailetik etorri da agindua; elektrizitatea hartzeko modua ez zela egokia, eta auzokideen segurtasuna bermatze aldera hartu dutela erabakia jakinarazi dute.

Errekaleorreko biztanleak, berriz, argindarraren koadro nagusia babesten jarri dira andamioekin, herri harresi modura. Berehala hasi dira ertzainak jendea bertatik ateratzen. Oso jarrera bortitza izan du poliziak aldioro, eta harresian zegoen jendea tiraka eta bultzaka kaleratu dute. Auzokoek lehen minututik eman dute honen berri sare sozialetan, eta horregatik ere mehatxuak jaso dituzte ertzainen partetik.

Baliteke hitz hauek nahikoak izatea egun hartan gertatu zena laburbiltzeko, baina gutxik espero zuten hain olatu zabala, anitza eta jendetsua auzoa babesteko.

Egun hartan bertan, haserrea nagusitu zen. Manifestazio jendetsu bat izan zen Gasteizko kaleetan, bi errudun nagusi salatuz: Iberdrola eta Eusko Jaurlaritza, baina Gasteizko Udala eta bertan agintzen duten EAJ-PSE alderdiak ahaztu gabe. Agerraldiak, musika talde ezagunen kontzertuak etengabe auzoan (Izaki Gardenak, Willis Drummond, Anari…), mozioak… Eta data bat inflexio puntu gisa: ekainak 3.

Egun horri begira, auzokideek aurrekaririk gabeko lanketa abiatu zuten, Gasteizen aspaldian ikusi den manifestazio jendetsuena antolatzeko. Eragileekin bilerak, atxikimenduak, zutabeen prestaketak… Erantzun irmo bat eman nahi zuten.

Elkartasun olatua

Lortu zuten erantzun hori ematea. “Guk argi daukagu”. Hori izan zen ekainaren 3ra begira erabili zuten kanpainaren izenburua. Furgoneta bat auzoz-auzo ibili zen manifestazioaren eguna iragartzen, izen ezagunek babesa azaldu ditoen proiektuari, Gasteizko gune okupatu ezberdinak argiztatu zituzten… 

Hamaika zutabe, dozenaka pankarta, bengalak, banderak eta 10.000 lagun inguru Gasteizko erdialdea eta Errekaleor lotu zituen manifestazio luzean. Mobilizazioaren amaieran egiaztapen nagusi bat bota zuten: “Beharrezkoa bada, zerua erreko dugu bizitzeko”. 

100 mila esker

Baina elkartasun olatua ez zen ekainaren 3ra mugatu. Manifestazioaren amaieran, coopfunding bat martxan jarriko zutela iragarri zuten. Helburua, argia: 100.000 euro lortzea Euskal Herriko irla energetiko handiena izateko. Kopurura iritsi eta kopurua gainditu, irla energetiko handiena bihurtzeko bidean zen Errekaleor, nahiz eta prozesua uste baino luzeagoa izan.

“Proiektu energetikoa abiatzeko eduki behar genuen diseinua osatu eta aurrekontu ekonomikoa eskuratuta, Errekaleor Bizirik proiektuaren energia erabilera buruaski eta jasangarria izate bidean dagoela”, adierazi zuten kolektiboko kideek, odisea honetan abiatu zirenean.

Orain, euren ekarpena modu indibidualean edo kolektiboan egin zuten eragile eta norbanako guztiei eskerrak emateko unea iritsi da. Maiatzaren 20an, igandean, egun osoko egitaraua antolatu dute auzoan, bazkaria izanik puntu nagusietako bat – apuntatzeko errekaleorbizirik@gmail.com helbidera idatzi behar da-. Goizetik hasiko dira ekintzak Errekaleorren. Jam Session bat izango da, jateko ugarirekin, eskerrak emateko murala margotzen den bitartean. 14:30ean herri bazkaria ospatuko dute, eta bazkalostean kontzertu batzuk izango dira bertan. Eguzki energiaren instalaziora bisita gidatua egingo da arratsaldean, eta ospakizuna borobilduko duen ekitaldi batekin amaituko da eguna.

“Energia iturri berri honek, gure beharrak asetuko dituen energia kontsumora mugatzera eraman gaitu eta, horrekin batera, energia ekonomizatze bidean, energiaren erabilera komunitarioagoetarako ateak ireki dizkigu. Horrenbestez, ezin eskertuago gaude, bizi eredu buruaskiago, jasangarriago, eta komunitarioagorako aukera oparitzeagatik”.

Auzoko jaiak ere ate joka daude: maiatzeko azkenengo asteburuan ospatuko dituzte hauek, ikasle batzuek auzoko bloke bat okupatu zutenetik bost urte bete baino hilabete batzuk lehenago.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies