[Iritzia] “Trumpena” -Iban Zaldua-
Aitor dut pixka bat harritzen nindutela Estatu Batuetako presidente berria, Donald Trump, edozein agintari mendebaldarraren parekoa baino ez zela aldarrikatzen zuten ahotsek. Trump, edo Frauke Petry, edo Marine LePen ez direla Hillary Clinton, edo Angela Merkel, edo François Hollande baino askoz ere txarragoak; azken finean, guztiak direla establishment kapitalistaren morroiak, eta halakoen kontrako iritziak milikeria burges txikiak baino ez direla.
Ba nik, kasurako, ez dut sekula sinetsi PP eta PSOE berdin direnik ere, haietako baten alde botoa inoiz eman ez dudan arren. PSOE ez dut gustuko, baina, sentitzen dut, ez dut irensten PP boterean edukitzea bezalakoa denik guztiz. Argi dago PSOEk, bere izen faltsua gorabehera, ez duela inoiz kapitalismoa suntsituko. Baina kapitalismoan egoteko erak eta erak daude, eta niri batzuk gutxiago gustatzen zaizkit beste batzuk baino. Jende gehiagorentzako kalte gehiago ekartzen bide dutenak, hain zuzen ere.
Ba norbaitek espero bazuen Trumpen eskuineko kanpaina “populista” itxura hutsa zela, eta gobernura iritsi bezain pronto “moderatuko” zela, jai dauka. Daraman aste eskasean abortuaren, kontratzepzioaren, ingurugiroaren, ongizate estatuaren, amerindiarren, musulmanen, etorkinen eta errefuxiatuen aurkako zenbait neurri onartu ditu, eta enpresa handien, lobbyen eta konplexu militar-industrialaren aldeko beste hainbat. Tontakeria burges txikiak, alegia.
Protekzionismoaren itzulerak, Trumpek aldarrikatzen duen moduan, arduratzen nau orobat. Ez globalizazio prozesuaren fan bat naizelako, preseski: orain arte transnazionalek eta potentzia handiek gidatutako bilakaera historiko horren ilunak argiak baino sakonagoak eta zabalagoak iruditzen zaizkion horietakoa naiz. Baina mundu mailako ekonomia kapitalista baten testuinguruan, esperientzia historikoaren arabera behintzat, hesi protekzionisten altxaera orokorra nazio boteretsuenen arteko gerraren atarietako bat izan ohi da: I. eta II. Mundu Gerrak, neurri batean, horren lekuko lirateke. Merkataritza globalari oztopoak jartzen hasten zaizkionean, eskala handiko gerrara ez jotzeko pizgarriak murrizten dira. Argi dago 1945etik aurrerako merkataritza-irekiera etengabeak ez dituela tokian-tokiko gatazken eztanda ekidin, baina nahiko ziurra da potentzia handien arteko gerra zuzenak alde batera uzteko faktoreetariko bat izan dela. Adibide kontrafaktual bat: Estatu Batuek merkataritza mailan irekiago jokatu izan balute Japoniarekin 1930eko hamarraldian zehar, agian ez zen Pearl Harborreko erasoa gertatuko. Eta hipotesi bat: protekzionismoaren gaur egungo ustezko gorakadak, era berean, posibleago egiten du Txinaren eta Estatu Batuen arteko talka bat.
Baina hauek ere, ziurrenik, kezka burges txikiak besterik ez dira. Badakizue: milikeriak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!