Gasteizko KORRIKA Denda irekiko dute Zapatari kalean
Bertan, Arabako hiriburuan bukatuko den 21. KORRIKA-rako materiala egongo da salgai datozen hilabeteetan.
AEK-k badu 21. korrikako materiala prest eta abenduaren 20an, ostegunean, KORRIKA Denda izango dena inauguratuko du Gasteizen. Edizio honetan Zapatari kaleko 20. zenbakian kokatuta egongo da euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren gunea.
Dendak arratsaldeko 18.00etatik aurrera irekiko ditu ateak eta bertan datozen hilabeteetan materiala erosi eta opari egiteko aukera eskainiko du KORRIKA-k. Besteak beste, helduentzako eta haurrentzako arropak, biserak, lepokoak eta giltzatakoak egongo dira salgai.
Babesa erakusteko aukera ere egongo da denda honetan, Gares eta Gasteiz lotuko dituen lasterketan KORRIKA laguntzailea izaten. Horretarako, 12 euroren truke edizio honetako pina, txartela eta hori erabiltzeko Euskal Herriko hainbat dendetarako deskontuen katalogoa jaso ahalko da.
Ordutegiari dagokionez, ostegunetik aurrera eta datozen hilabeteetan ostegun eta ostiraletan 18:30-20:30 bitartean egongo da zabalik eta larunbatetan 11:30-14:30 bitartean. Gabonetan, gainera, ordutegia zabalagoa izango da, abenduaren 22an goizez zein arratsaldez izango baita zabalik, eta horretaz gain, abenduaren 24an, astelehena izan arren, kasu honetan goizez.
Gasteizen amaituko da 21. Korrika
AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoa zeharkatuko du Korrikak 2019ko apirilaren 4tik 14ra bitartean eta orain dela 10 urte bezala, Gasteizen amaituko da. “Klika” da hautatutako leloa: euskararen aldeko hautua egiteko eta euskararen aroarekin bat egiteko deia. Txillardegi omenduko dute oraingoan, kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan… ekarri zuen aldaketa aintzat hartuta.
Kanta ‘Klika KORRIKA 2019’ izenburupean sortu du Fermin Muguruzak (abestiaren eta bideokliparen zuzendari artistikoa), “elkarlana, errespetua eta transmisioa bezalako mezuak zabaldu nahian”. Mad Muasel, La Furia eta Muguruza bera dira interpreteak, eta musika, berriz, Kataluniako Chalart58-k eta Muguruzak berak sortu dute elkarlanean. “Indartsu eta berritzaile” modura deskribatu zuten abestian trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahastu dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!