2019ko apirilaren 14an Gasteizen amaituko den 21. Korrika-ren aurkeztu dute: Fermin Muguruza da zuzendari artistikoa eta La Furia eta Mad Muasel dira interpreteak. Aurtengo mezua edo leloa Klika izango da: “Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita”.


Gasteizen amaituko den 21. Korrika-k badu kanta. Eta azaroko azken ostegunean aurkeztu dute, ekimen handia hasteko ia sei hilabeteren faltan. Aurtengo edizioan, Fermin Muguruzak egin ditu zuzendari artistikoaren lanak eta La Furiak eta Mad Muasel dira interpreteak.

Euskal Herriko mobilizaziorik handiena

Korrika da, zalantzarik gabe, Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen handiena, AEK-k bi urtean behin antolatzen duena. 1980an Eukal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik 38 urte igaro dira jada eta, bi urtetik behin, ohitura bilakatu da gurean euskararen aldeko lasterketa hau. 2019ko apirilaren 4an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 21.aldiz. Guztira 2.000 kilometro baino gehiago euskararen alde, gau eta egun gelditu gabe, adin eta mota guztietako milaka partaide…

Aurtengo edizioan, gainera, Arabak protagonismo berezia izango du. 2009ko 16. Korrikan gertatu bezala, 2019ko apirilaren 14an Gasteizen amaituko da Korrika. Gasteizen bertan jakingo da Korrikaren sekreturik handienetakoa: lekuko barruan ehunka kilometro egin dituen mezuaren egilea. Apirilaren 4an hasiko da hau, Garesen, Nafarroan, eta aurrerago emango dute jakitera zein izango den behin betiko ibilbidea.

Korrika amaiera Gasteizen, 2009an

AEK-ren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikaren esanetan, Korrikak hasierako helburu bikoitzari eusten dio: babes ekonomikoa lortzea eta euskararen aldekotasuna sustatzea. Ildo horretan, euskaltegiei bideratzen zaizkien baliabideak oraindik “ez nahikoak” direla esan du Mugikak, aurrerapausoak izan direla aitortu badu ere. “Helduek euskara doan ikasteko aukera izan dezaten bideak zabaldu behar dira”.

Klika

Klika. Hori izango da 21.Korrika honen mezu nagusia. 20.Korrikan BatZuk izan ostean, hau erabiltzea erabaki dute AEK-ko kideek. “Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita”.

Korrikaren beraren mamiari erreparatuta, Asier Amondo Korrikaren arduradunak eman ditu azalpenak. “Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea». Hala dio 21. KORRIKAren mezuak. Erabat lotuta dago, beraz, Euskaraldiarekin eta ohitura aldaketarekin.

AEK-koen ustez, “klika da konpromisoa, aukera, hautua egitea, euskara, ikastea, erabiltzea, jauzi egitea, komunitatea, hizkuntza, kultura, etorkizuna… Klika gure aukera. Klika AEK. Klika Korrika“.

Txillardegi-ri omenaldia

Urtero bezala, aurten ere euskararen alde lan egin duen norbaiti eskainiko diote Korrika. Eta aurtengo omendua Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezagunagoa, izango da. Donostiar hizkuntzalari, idazle eta politikari hau 2012an hil egin zen.

Txillardegik ere, Klika egin zuen bere garaian, eta jarrera aldaketa bultzatu zuen kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan, politikan… Horrexegatik eta Txillardegik Euskara Batuaren sorreran izan zuen funtsezko paperagatik erabaki dugu Txillardegi omentzea 21. edizio honetan”.

Besteak beste, Euskera, Euzko-gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Tierra Vasca-Eusko Lurra, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile gisa aritu zen eta Branka izeneko aldizkariaren sortzailea izan zen, baita Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendaria ere, 1992tik 2002ra.

Politikan ere aritu zen Txillardegi: Ekin eta ETAren sorreran pisu ideologiko handiarekin hartu zuen parte, baita Herri Batasunan ere.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies