Gasteizko Gaztetxeak atzaparrak erakutsiko ditu 30.urteurreunean
Muinoko etxeak 30 urte beteko ditu apirilaren 28an eta egindako lana goraipatu eta gaur egungo edo etorkizuneko erronkak mahaiaren gainean jarri dituzte eragile ezberdinen laguntzarekin. Urtarriletik uztailera bitartean, Herri Mugimenduko eragile ezberdinen parte hartzearekin, borroka ezberdinak landuko dituzte eta urriaren 6an OkupaTU Gasteiz egunean parte hartzeko deia egin dute.
Herri Mugimenduko eragile ezberdinen babesarekin eskainitako prentsaurreko batean, Gasteizko Gaztetxeak 30.urteurrenea aurkeztu du. Gaztetxearen jaiotza gogoratu dute, 1988.urteko apirilaren 28an gazte batzuek apezpikuarena zen kotxeraren ateari ostikoa emanez eraikina okupatu zutenetik.
“Gaztetxeak Alde Zaharra maite du. Jaio zenetik, ez dio inoiz utzi hazi, hezi eta eraldatzeari”, adierazi dute belaunaldi ezberdinetako Gaztetxeko bi kidek. Okupazioa, autogestioa eta asanblada oinarritzat mantentzen ditu muinoko etxeak, hilero eskaintza kulturala, aldarrikapenak, desobedientzia, euskararen aldeko lanak… eramanez aurrera. ta hala jarraitzeko asmoa dute.
Salaketarako tartea ere egon da presente. “Espekulazioa okupazioaren bidez salatu” eta etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute. “Gorbatadunbatek baino gehiagok poltsikoak bapo betetzen ditu familien ametsak zapuztuz eta kale gorrian utziz”. Horregatik, borrokan dauden Santo Domingoko bizilagunak izan dituzte gogoan: “Kalea bizirik nahi dugu”.
“Sistemak ezarritako autoritarismoa irauli, eta erabakiak denon artean hartzearen aldeko apustua egin genuen”, azpimarratu dute. Honen aurrean, akatsetatik ikasi dute muinoko etxean, “inkoherentzien barruan ahal dugun bezain koherente izanik”.
Urteurren bateratua
Aurreko asteetan iragarri bezala, Gaztetxeak, Hala Bedik, Auzolana Pilotalekuak eta Errekaleor Bizirik! proiektuek urteurren bateratua eramango dute aurrera. “Bihurri eta harro, súbete al carro” lelopean, OkupaTu Gasteiz dinamikak ekimen ezberdinak burutuko ditu 2018.urtean eta urriaren 6an OkupaTU Gasteiz eguna ospatuko dute Arabako hiriburuan.
Borroka ezberdinak uztailera arte
Urtarrilean zehar, programazio ekologista jarriko dute martxan gaztetxeroek Berriztu, Zero Zabor, BioNekazaritza eta Italiatik etorritako antiespezista batzuekin batera. Horretaz gain, otsailean Gazte Mugimenduak hartuko du protagonismoa, martxoan feminismoak, apirilean okupazioa eta autogestioa lantzen duten eragileek, maiatzean preso eta iheslariek, ekainean Alde Zaharreko eragileek eta uztailean internazionalismoak.
Lehenengo asteko egitarauaren berri ematearekin batera, urtarrilaren 20an ‘Ekaitz In Da House’ jaialdia ospatuko dute. Gasteizko preso gaztetxeroak 6 urte bete ditu espetxean eta 2020an aterako da kartzelatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!