Hala Bedik 35 urte beteko ditu abuztuan, Gaztetxeak 30 apirilean, Auzolana Pilotalekuak 10 ekainean eta Errekaleor Bizirik! proiektuak 5 irailean. Data bat gordetzeko deia egin dute: 2018ko urriaren 6an ‘OkupaTU Gasteiz’ ospatuko dute Gasteizen.

Errekaleorreko bizilagunek, Muinoko Etxeko gaztetxeroek, Auzolana Pilotalekuko Txapa Ahotsako kideek eta Arabako irrati libreko halabeditarrek ‘Okupatu Gasteiz’ dinamika aurkeztu dute: “Errekaleorreko bizilagunak gara. Muinoko Etxeko asanbladetako gaztetxeroak gara.  Auzolana Pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak gara. Uhinak modu askean erabiltzen ditugun halabeditarrak gara. OkupaTU Gasteiz gara”.

Baina, zein da eragile hauek ‘okupatu’ hitzari eman dioten esanahia? “Espazio hutsak, uhinak, frontoiak, plazak, eszenatokiak… okupatu nahi ditugu autogestioa oinarri”.

Eragileek, autogestioa “bizitzen jabe izateko” ulertzen dute. “Gorputzak autogestionatu nahi ditugu feminismoa lehen lerroan jarriz. Elikadura autogestionatu nahi dugu, elikadura burujabetza praktikara eramanez. Lurra autogestionatu nahi dugu, ekologismoak zentralitatea hartuz. Hainbeste gauza nahi ditugu… Utopikoak gara? Akaso; baina pozik bizi gara ametsetan. Eta amets egiten jarraitu nahi dugu”, azaldu dute.

Apirilaren 28an, 30 urte beteko dira Gasteizko Gaztetxea okupatu zutenetik. Ekainean, aldiz, 10 urte beteko dira Auzolana pilotalekua berreskuratu zutenetik. Abuztuaren 6an, 35 urte beteko dira bi zorok, walkie-talkien bitartez Hala Bedi martxan jarri zutenetik. Eta iraila amaieran, Errekaleor Bizirik! proiektuak 5 urte beteko ditu.

Data hauetan, eragile bakoitzak bere urteurrena ospatuko du, baina beste urte batzuekin alderatuta, izaera kolektiboagoa izango du: Herri Mugimenduaren espresio ezberdinak bildu nahi dituen OkupaTU Gasteiz dinamikaren baitan joango dira denak.

Amaitzeko, dei berezi bat egin nahi diete gasteiztar guztiei: “Gorde 2018ko urriaren 6ko data. Egun horretan, ‘OkupaTU Gasteiz Eguna’ ospatuko dugu”.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies