Doako etxebizitza unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatu du Etxebizitza Sindikatuak
Covid-19ak sortutako krisiak asko gordindu du Etxebizitza Sindikatuaren iritziz etxebizitza problematika, familia ugari babesgabetasun egoera batera bultzatuz. Testuinguru honetan helbide elektroniko bat jarri du martxan sindikatuak beharra dutenei aholkularitza eta sostengua bermatze aldera.
Osasun krisiak, krisi ekonomiko eta sozial bati zabaldu dizkio ateak eta testuinguru horretan larriagotu egin du etxebizitza problematikaren errealitatea. “Asko dira diru iturriak murriztuta ikusi eta jadanik zaila egiten zitzaien ordainketa, orain jasanezina bilakatu zaien familiak” azaldu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek.
Etxebizitza arazoak “gaurko gordintasunean” aurpegi anitzak dituela azpimarratu dute: “alokairua ezin ordaintzea, egoeraren “berezitasuna” baliaturik kontratua eten nahi duen maizterra, etxean berrogehialdia pasatzeko ezintasuna eta abar luze bat”
Antolakuntzarako deia
Egoera iraultzeko antolakuntza proletargorako deia luzatu du Etxebizitza Sindikatuak. Alarma egoerak eta horrek eragin duen askatasun zibil eta politikoen murrizketak, ordea, ezinezkoa egiten dute elkartasun integral bat eskaintzea. Horren aurrean helbide elektroniko bat jarri du eskura Etxebizitza Sindikatuak beharra dutenei etxebizitzaren inguruko aholkularitza eta sostengua eskaintzeko: etxebizitzasindikatua@gmail.com da helbidea. “Jada modu desordenatu eta espontaneoan heltzen ari diren kasuei erantzun sistematikoak emateko aukera” izango du horrela Etxebizitza Sindikatuak bertako kideek azaldu duten bezala.
Lan-ildo zehatzak
Aldarrikapen konkretuak mahaigaineratzeko beharra ere ikusi dute Etxebizitza Sindikatutik “proletariotzaren bizi-abldintzen aldekoak“. Sindikatuaren iritziz “etxebizitzaren problematika gure eremu geografikoan lantzen duten zenbait erakundek ezarritako helburuak ez dira nahikoak; izan ere, gutxieneko eskaerak dira eta proletariotzaren errealitate sozio-ekonomikoa ez dute haintzat hartzen“.
Hauek dira Etxebizitza Sindikatuak zehaztutako aldarrikapenak egungo egoerari aurre egiteko:
- Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren jabetzea diren alokairuen suspentsioa, Alokabidek eta Etxebidek kudeatutako alokairuez gain.
- Oinarrizko horniduren ordainketaren suspentsioa (ura, argia, gasa …)
- Bizi-kostuak murriztea: doako garraio publikoa, premia biziko ondasunen merkatzea eta haien kalitatea lortzea, etab.
- Inolako baliabiderik ez duten pertsonentzako doako etxebizitza eta kalitatezkoa.
- Alokairuaren prezioa erregulatzea, jabe txikiei eta erakunde pribatuei dagokienez.
Burgesiaren ofentsibaren aurrean… DOAKO ETXEBIZITZA, UNIBERTSALA ETA KALITATEZKOA.
Ante la ofensiva burguesa… VIVIENDA GRATUITA, UNIVERSAL Y DE CALIDAD. pic.twitter.com/wF6POVUuRA
— Etxebizitza Sindikatua (@EtxeSindikatua) March 29, 2020
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!