Urte hasiera beltza Araban, beste bi langile hil dira gaur
Arabako bi behargin hil dira gaur gertatutako bi lan heriotzetan, Mercedeseko langilea bata eta Lantaroneko fabrika bateko langilea bestea. Gutxienez sei dira Euskal Herrian prekarietateak hildako langileak.
Urtarrilaren 2an jaso zen lehenengo lan heriotza Araban. Olarizuko eraikuntza batean lanean ari zela 54 urteko behargina aldamiotik erori eta bizia galdu zuen. Langileak hilabete gutxi zeramatzan lanean Arnaiz Asc 21 eraikuntza enpresan. Sindikatuek salatu dutenez laneguna ez zen egun batean gertatu zen heriotza, enpresak lan egitera behartu zituen langileak.
Gaur, beste bi behargin zendu dira, biak enpresa arabarretako langileak. Urteak zortzi egun dituen honetan sei dira, dagoeneko, lan istripuetan hildako langileak.
Mercedeseko langile gaztea, in Itinere zendua
Zornotzako (Bizkaia) 25 urteko gaztea auto istripu batean hil da Gasteizko Mercedes fabrikatik lanetik atera eta etxera bueltan zihola. Igorren gertatu da bi autoen arteko talka, goizaldeko 5:00etan. Gazteak GESTAM enpresarentzako egiten zuen lan Mercedes fabrikako piezak aztertzen.
Beste langile bat hil da Lantaronen
Lantaron herrian kokatuta dagoen kalefakzio sistemetarako tutuak egiten dituen enpresa batean gertatu da ezbeharra. Miranda de Ebroko auzokidea zen beharginak kolpe bat jaso eta ospitalera trasladatua izan ostean zendu da. Osalanek ikerketa abiatu du lan heriotzaren arrazoiak argitzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!