Jarraipen handia izan du hezkuntza publikoko langileen grebak Gasteizen
Goizetik egin dituzte protestak langileek ikastetxeetako atarian. Irakasleek ez ezik, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileek ere bat egin dute grebarekin.
ELA, LAB eta Steeilas sindikatuek deituta, hezkuntza publikoko langileek greba egin dute maiatzaren 16an; datorren asteartean, 23an, berriz aterako dira kalera, “euskal hezkuntza publiko duin” baten alde. Maiatzaren 16ko greba deialdiarekin, gainera, CCOO sindikatuak bat egin du. Ikasturte honetako hezkuntza publikoko langileen bigarren greba deialdia izan da hau.
Aldaialde ikastetxean, adibidez, grebaren jarraipena %100ekoa izan da eta, ondorioz, ateak itxi dituzte. Antzeko egoerak gertatu dira Lakuako edota Mendebaldeako institutuetan. Zabalganako ikastolan ere, jarraipen handia izan du grebak: Haur Hezkuntzako eraikina itxita egon da, jarraipena erabatekoa izan delako.
Manifestazio nagusia 12:00etan abiatu da, Bilbo plazatik. Atzean, irakasle, guraso eta hezkuntza eremuko langile ugari. Arabako hiriburuko manifestazio handietan bezala, Gasteizko Paz kalea txiki geratu da mobilizazio bertatik igaro denean. Andra Maria Zuriaren enparantzan amaitu da; orain dela bi hilabete bezala, Hezkuntza Sailari lan baldintzak hobetzeko deia luzatu diote, erantzun irmo baten zain.
Hurrengo egunetan, mobilizazioak
Maiatzaren 23ko greba ez ezik, bestelako mobilizazioak egingo dituzte hurrengo egunetan. Besteak beste, ostegun honetan, ikasle eta irakasleek, errebaliden aurkako elkarretaratze nazionala deitu dute 12:00etan Eusko Legebiltzarrean. Larunbatean, hezkuntza publikoko langileei elkartasuna adierazteko, manifestazioak egingo dituzte hiriburuetan: Gasteizen, 12:00etan abiatuko da Bilbo plazatik.
Erlazionatutako artikuluak:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!