Aguraingo udalak ez du onartu Gazte Egunean karpa jartzea
Elkarretaratzea egin zuten astelehenean eta mobilizazioak deitu dituzte aste osoan zehar, udalak erabakia berriro aztertu dezan.
Aguraingo Latsarri Gaztetxeko Asanbladak deituta, astelehen arratsaldean elkarretaratzea egin zuten dozenaka gaztek, salatzeko Udalak ezezkoa eman diola Gazte Egunean karpa jartzeko eskaerari. Maiatzaren 20an, larunbat honetan, ospatuko dute Gazte Eguna “herri osorako eskaintza zabalarekin”. Eguraldiaren iragarpena ikusita Udalari eskatu zioten herriko karpa jarri zezala plazan, baina Udalak ezezkoa eman zien, “karpa muntatzeko enpresa pribatu bat kontratatu behar dutelako”.
Gazte Egunetik bi astera Neska eta Blusa eguna ospatuko da Agurainen, leku berean, eta eskaera bateratua egin zuten joan den ostegunean Latsarri Gaztetxeko Asanbladak eta Neska eta Blusen Batzordeak, karpa jarri eta bi astez mantendu zezala, bi egun hauetan erabili ahal izateko. Udalak erantzuna berriro ere ezezkoa izan zela salatu dute, “ezer negoziatzeko ahalegin txikiena ere egin gabe”, asanbladaren hitzetan.
Latsarri Gaztetxetik onartezintzat jo dute Udalaren jarrera, eta Udalari eskatu diote “berriz aztertzeko” hartutako erabakia. Era berean, mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte egoera salatzeko, eta aguraindarrei parte hartzeko deia egin diete, “Gazteok blai, Udalak Jai!” lelopean. Astelehenean elkarretaratzea egin zuten Errege Atarian, eta gaur, maiatzaren 16an, kanpaldia egingo dute San Juan Plazan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Era berean, asteazkenerako manifestazioa deitu dute Santa Mariatik abiatuta, arratsaldeko 19etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!