41 urte igaro dira Enrique Gomez “Korta” ETA-ko militantea Baionan erail zutela
Batallón Vasco Español erakundeak ETA-ko militante gasteiztarra erahil zuen 1979ko ekainaren 25ean Baionako Panecau kalean; auto bat hurbildu eta bertatik bertara tiro eginez hil zuten.
Gaur duela 41 urte, 1979ko ekainaren 25ean, Batallón Vasco Españolek Enrique Álvarez “Korta” ETA-ko militantea erahil zuen Baionan.
Korta Leongo Porqueros herrian jaio zen 1954ko ekainaren 22an, baina hiru urte zituenean, 50eko hamarkadako industri garapenak erakarrita, bere familia Gasteizera mugitu zen bertan lan egiteko asmoarekin. Kortak Samaniego eta Jesus Obrero eskoletan ikasi zuen 18 urte bete arte eta bigarren eskola honetan Jesus Maria Markiegi Aiesti, Motriko, ezagutu zuen: batera ibiliko ziren ikasten, lanean eta militatzen.
Ostean, euskara ikasi eta euskara irakasle gisa ibili zen Arabako hiriburuan Korta, baina Motrikorekin batera Arrasatera joan zen eta bertako bi neskekin hasi ziren bizitzen: lauak ETA erakundean sartu ziren orduan.
1974.urtean, poliziak hainbat atxiloketa burutu ostean, Iparraldera alde egitea erabaki zuten. Urtebete beranduago, ordea, Guardia Zibilak Jesus Maria Markiegi Aiesti, Motriko, erahil zuen.
1979ko ekainaren 25ean, 21:30ak aldera, Baionako Panecau kaletik zihoan lagun batzuekin. Udalaitz tabernan sartzeko prest zeudenean, lau pertsonetako auto batetik zerbait galdetu zioten eta, harengana hurbildu zirenean, tirokatu egin zuten. Ospitaleko bidean hil zen.
Egun bat beranduago, poliziak Korta hil zuten mertzenarioen autoa aurkitu zuen eta Batallón Vasco Español erakundeak erahilketa bere gain hartu zuen.
Arrasateko festak, bertan behera
Erahilketa honengatik protesta ugari izan ziren Euskal Herri osoan. Arrasaten, adibidez, inon baino gogorragoak izan ziren: herriko festak (San Juan) bertan behera utzi, herri batzarra antolatu eta 3.000 pertsona inguru atera ziren manifestazioan Guardia Zibilaren kuartelerantz. Guardia Zibilak ke poteak eta gomazko pilotak erabili zituen hasieran, eta istiluetan Felix Guridi eta Jesus Elorza balaz zauritu zituzten.
ETAk ere agiri bat atera zuen Enrique Gomezen hilketaren aurrean. Agirian, Frantziako eta Espainiako gobernuei leporatu zien hilketaren ardura eta, bide batez, Frantziako biztanleei Espainiara turismoa ez egiteko deia luzatu zieten, “Frantziako interesen aurkako balizko ekintzetan kaltetuak ez izateko”.
Bestalde, Ipar Euskal Herriko Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak agiri bat atera zuen Enrique Gomez eta hainbat iheslariren aurkako atentatuak salatzeko. Errefuxiatu politikoaren estatutua eta Euskal Herrian Libre bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten agirian.
Ekainaren 29an atera zuten Kortaren gorpua Baionako ospitaletik eta Sokoako elizan Ipar Euskal Herriko kideen omenaldia jaso zuen. Besteak beste, Telesforo Monzon bertan izan zen eta Gasteizeraino lagundu zuen Enrique Gomezen gorpua.
Muga igarotzerakoan, Guardia Zibilek hilkutxa zeraman autoa bahitu eta autopistatik Bilboraino eta hortik Gasteizeraino eraman zuten zuzenean; modu honetan, Arrasate eta beste herri batzuetan prestatuta zeuden agurrak zapuztu zituen Guardia Zibilak.
Erantzulerik ez
1979ko irailaren 13an Miarritzen Justo Elizaran Sarasola, Periko, tirokatu zuten eta urrian hil zen ospitalean. Tiroketa eta ordu gutxira, Frantziako poliziak bost pertsona atxilotu zituen Miarritzen bertan: Jose Perez, Henri Berger, Alexis Perhun, Marc Obadia eta Maxime Szonek.
Espainiako zerbitzu sekretuentzako lan egiten zuten mertzenarioak ziren denak. Frantziako Barne Ministerioaren oharrak iradoki zuen Justo Elizaranen kontrako atentatuaz gain, euskal iheslari politikoen kontra egindako beste atentatuen egileak zirela bostak.
1980ko abenduan epaitu zituzten Paben. Epaiketan zehar Frantziako zein Espainiako zerbitzu sekretuaren agindupean jardun zutela deklaratu zuten eta, besteren artean, Enrique Gomez Alvarez Korta hil zutela ere leporatu zitzaien epaiketan.
Akusatuek ez zuten ezer gehiago esan eta fiskalak bizitza osoko espetxe zigorra eskatu bazien ere, 15 urteko espetxe zigorra ezarri zieten Justo Elizaranen hilketaren egileak izateagatik. Kortaren erahilketa, ordea, erantzule pertsonalik gabe geratu zen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!