3. atala: Orduan, orain zer? (GPS)
"Nork ordainduko du datorren krisia?" galderari erantzun bila dabil GPS eta horretarako hiru atalez osatutako iritzi testua prestatu dute. Aurreko atalean 2007ko krisian egindako akatsetatik irakaspenak ateratzen saiatuko dira. Azken atal honekin etorkizun hurbila ahalik eta baldintza onenetan aurre egiteko gako batzuk mahai-gaineratzea dute asmoa.
Argi geratu da. Ez dago zalantzarik aurreko krisialdian kapitalaren defendatzaileak indar-posizio batetik ekin ziotela. Argi zuten zein zen jarraitu beharreko bidea eta zein eszenatoki eraiki nahi zuten borroka eternal honetan, duela bi mende baino gehiago alemaniar bizardun batek maisuki interpretatu zuena, azeleragailua estutzen jarraitzeko. Bestetik esan beharra dago krisiek ere eragin handia dutela errealitateari buruz dugun pertzepzioan, gure pentsatzeko moduetan alegia. Gure kontzientzia eta ideologia dinamizatzea eta pentsamolde kapitalista baten hegemonizazioan sakontzea bilatzen duten prozesuak dira.
Hori dela eta, herri sektore zabaletatik ideien esparruan ere borrokatu egin da, ikuspegi berri eta integratzaileak proposatuz, horizonte komunak marraztuz eta batez ere borroka txikien bidez praktikan jarriz. Erabat sinetsita gaude, beraz, duela hamarkada bat baino egoera hobean aurre egin diezaiokegula gainera datorkigunari. Gainera, han-hemenka ematen ari diren bat-bateko erantzunak ikusita, baliteke agintari bati batek baino gehiagok oina aldatuta harrapatu izana. Balia dezagun beraz, ofentsiba abiarazteko.
Krisi sozio-sanitario honek zerbait argi utzi badu, horixe da bizitzeko benetan beharrezkoa dena eta alferrikakoa zaiguna. Agerian geratu da, benetan funtsezkoak diren lanak ez daudela baloratuta, ez ekonomikoki, ezta sozialki ere; zaintzak funtsezko zeregina direla edozein gizartetan eta ezinezkoa zaigula antolaketa ekitatiboa atzeratzen jarraitzea; pribatizatuak ez duela hobeto funtzionatzen, aitzitik, langileak prekarizatzen dituela eta ez diela benetako beharrei erantzuten; enpresaburu handientzat eskulana besterik ez garela, eta haien irabaziak gure bizitzaren gainetik daudela; burgesiak une kritikoetan edozertarako gai dela eta bere makineria guztia lanean jartzen duela (alderdi politikoak eta telebista publikoak barne) bere burua defendatzeko. Azken batean, interes orokorra eta komuna interes partikularrei eta “zorioneko” gutxi batzuei gailendu behar zaiela egiaztatu ahal izan dugu.
Baina behartutako konfinamendu honek gu indartzeko ere balio digu. Izan ere, komunitatean aurre egiten ari gatzaizkio, elkartasun-sareak ehunduz, zaintzak gure existentziaren erdigunean jarriz; ekoizpena gelditu dugu gure bizitzak salbatzeko beharrezkoa bada; gure nekazariengandik zuzenean kontsumitzen dugu, hauek eusten baitiote herriari; gure auzoetako saltoki txikiei laguntzen saiatzen gara; publikoa dena defendatzen dugu egunero 20.00etan; gutxieneko zerbitzuetan lanean ari diren langileak irribarre batekin agurtu eta zaintzen ditugu… Finean, aliantzak eraikitzen ari gara, etor daitekeenari modu eraginkorragoan aurre egin ahal izateko. Izan ere, badakigu batasunak indarra egiten duela, eraiki dezagun, beraz, komuna zaiguna defendatzeko komunitatea. Horixe da etorkizun hurbilean klase-borrokak hartuko duen bortizkeriarako prestatzeko dugun modu bakarra. Beraz, batu gaitezen, bateratu ditzagun praktikak eta estrategiak, bakoitzak bere problematika zehatzetik abiatuta, sektarismoak eta moral-lezioak saihestuz, ikuspegi eta borroka propioak ekarriz, horrela lortuko baitugu krisia betikoei ordainaraztea ezinezkoa izan dadin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!