Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioa otsailaren 15ean eratuko dute
Zaramagako San Frantzisko elizako memoria zentroa kudeatuko duen erakundearen eratzea sinatuko dute Jaurlaritzak, Aldundiak, Udalak eta Elizbarrutiak. "Hiru urteko geldialdiaren ostean, prentsaren bidez jakin dugu", kritikatu du Martxoak 3 Elkarteak. through Alea.eus
Hainbat hedabidek ostiral honetan aurreratu dutenez, Zaramagako San Frantzisko elizan Martxoaren 3ko Memoriala sortzeko eta kudeatzeko ezinbestekoa izango den fundazioa eratuko dute otsailaren 15ean.
Duela urtebete, erakundeen eta Martxoak 3 Elkartearen zein Memoria Gara egitasmoaren arteko polemikaren erdian, fundazioaren estatutuak onartu zituzten alde guztiek. Orain, Eusko Jaurlaritzak, Nerea Melgosa Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako sailburuaren bitartez, otsailaren 15erako deitu ditu hamasei patronatukideak. Notarioaren aurrean sinatuko dituzte Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioaren eskriturak, lehen Patronatua eratzeko.
Fundazioak 1976ko martxoaren 3an Polizia Armatuak Gasteizen hildako bost langileen memoria “berreskuratu, duindu eta transmititzeko” helburua izango du; eta horretarako, besteak beste, San Frantzisko Asiskoaren elizan memoria zentro bat sortuko du. 40.000 euroko kapitalarekin sortuko dute, eta Gotzaindegiak eliza lagako du; azken horrek 1,7 milioi euro inguruko balioa du.
Lehen Patronatuaren presidente izango da Melgosa bera, Justizia sailburu gisa, eta erakunde fundatzaileak ordezkatuta egongo dira: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, hiriko Gotzaindegia, Memoria Gara eta Martxoak 3 Elkartea. Ordezkariak lau urtean behin aukeratu eta berrituko dira.
2024rako aurrekontua 320.000 eurokoa izango da, eta horietatik 290.000 euro jarriko ditu Jaurlaritzak. Lehenengo urtean, fundazioak elizan esku hartu beharko du, memoria espazio bihurtzeko, birgaitzeko eta erakusketa espazioa egokitzeko. 2025etik aurrera hasiko dira eraikina birgaitzeko eta egokitzeko obrak. 2026an Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena izango da.
“Prentsaren bidez jakin dugu”
“Hiru urteko geldialdiaren ostean, prentsaren bidez jakin dugu fundazioa eratuko dela. Eta are okerragoa dena: Gogora Institutuarekin lankidetza hitzarmena sinatzeko datarik gabe jarraitzen dugu, eta hori ezinbestekoa da proiektuan parte hartzeko”, salatu du Martxoak 3 Elkarteak. “Erakundeek agindutako elkarrekiko konfiantzazko eta errespetuzko harreman hori, berriz ere, mesfidantzazkoa eta errespetu faltazkoa da”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!