Oposizioa “kolpistatzat” jo eta elkartasuna adierazi diote Venezuelako herriari
Venezuela Aurrera Plataformak deituta, dozenaka lagun bildu dira Gasteizko erdialdean “estrategia inperialista” arbuiatzeko.
Dozenaka lagun bildu dira Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan Venezuelaren aurkako “esku-hartze inperialista” salatzeko. Venezuela Aurrera Plataformak deitu du elkarretaratzea, Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidenteak eta oposizioko buruak bere burua behin-behineko presidente izendatu eta 48 ordutara. Plataformak, beste eragile eta herrialde askok bezala, estatu kolpetzat jo dute azken mugimendu hau.
Bandera ezberdinak, Venezuelako Gobernuaren zilegitasun demokratikoaren alde. Venezuela Aurrera! irakur zitekeen pankarta bat eta Venezuelako Iraultzaren aldeko oihuak izan dira protagonistak mobilizazioan.
Oposizioa “kolpistatzat” jo du plataformak eta “oligarkiaren interesei erantzuten dien pertsona bat ezartzeko” bidea prestatzen ari duela ohartarazi dute. “Hau ez da Venezuelako herriaren borondate demokratikoaren hautua”, salatu dute.
Behin elkarretaratzea amaituta, hiru puntu nabarmendu nahi izan ditu Venezuela Aurrera Plataformak:
- Nicolás Maduroren, prozesu konstituziogilearen eta ondoren emandako hauteskundeen zilegitasuna ontzat eman dute. “Garantia judizial eta politiko guztiekin egindako prozesuak izan ziren”.
- “Estrategia inperialista” arbuiatu eta gaitzetsi dute: “Gerra ekonomiko, diplomatiko eta biolentoa uztartzen dituen estrategia inperialista honen atzean oligarkiak iraultza bolibartarra suntsitzeko helburu garbia dago”.
- Venezuelak dituen arazoak Venezuelako herriak demokratikoki onartu dituen bide demokratiko eta legalen bidez konpondu behar direla nabarmendu dute azkenekoz. “Estatu Batuei eta Europako Batasunari, nazioarteko inperialismoaren adierazle diren neurrian Venezuelako herria bakean uztea eta Venezuelako herriak harturiko erabakiak errespeta ditzala exijitzen dugu”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!