“Parte-hartze prozesua zapuztu” izana egotzi diote Udalari Haurren auzoa martxan jarri zuten gurasoek
Alde Zaharreko Rafa Plazako parke berria inauguratu du gaur Gasteizko Udalak. Prozesua hasi zuten auzokideek uste dute udal gobernuak "bere interesen arabera" erabiltzen dituela herritarren proposamenak.
2017an guraso talde bat elkartu zen Gasteizko Alde Zaharrean haurrek auzoan autonomiaz mugitzeko eta jolasteko espazioen beharraz hausnartzeko. Auzoaren premietatik abiatu eta “eraldaketatxo bat” bultzatzea zuten buruan. Horrela, handik hilabete batzuetara, 2018. urtean, Gasteiz Hobetuz udal programan aurkeztatu zuten haien proposamena: Haurren auzoa. Auzokideek elkarrekin egoteko zuten toki falta zela eta, haur, gazte eta helduentzat zenbat leku egokitzea proposatu zioten Udalari. Horretarako, prozesu parte-hartzaile bat egin nahi zuten, auzo elkarte eta eragileekin batera, “haurren ahotsak erdigunean kokatuz, espazio publikoan aritzeko”.
Proiektu horren baitan, Rafa plazan egin duten parke berria aurkeztu du gaur Gasteizko Udalak. Haurren auzoa parte-hartze prozesua eta proiektua martxan jarri zuten gurasoak, baina, gaur aurkeztu den proiektu horretatik aldendu ziren orain urtebete dela. Azaldu dutenez, “aspaldi zapuztu zen prozesua”, udal gobernuak interes propioak lehenetsi dituelako, prozesua eta parte-hartzaileak zaindu beharrean.
“Partaidetza Sailetik saiatzen badira ere, ezinezkoa da prozesuak zaintzea, udal gobernuak bere interesen arabera erabiltzen baditu herritarren proposamenak”, esan dute jazotakoa kontatzeko zabaldu duten ohar batean.
Udalarekin lankidetzari zegokionean, eztabaida hasieratik piztu zen guraso taldearen baitan. Azkenean, adostasunez erabaki zuten parte hartzea, proiektua gauzatzeko aukera baliatzeko.
Hiru arrazoi eman dituzte proiektua utzi izana azaltzeko. Hasteko, denboraren kudeaketan udal gobernuaren interesen araberakoa izan dela salatu dute, haiek erabakitzeko gaitasunik izan gabe: “2018 urtean burutu genuen parte hartze prozesua haurrekin, eta mamitsua eta emankorra izan zen. Guztiok oroitzapen ederra dugu saioen, egindako sistematizazio lanaren eta abarren inguruan. Baina prozesua hiru hilabetean gauzatu behar izan genuen, esan zigutelako obrak hurrengo ikasturtean egingo zituztela. Baina hurrengo ikasturtean beste lan batzuk lehenetsi ziren, hauteskundeak zirelako, eta gero pandemia etorri zen. Hala, lau urte berandu egikaritzen den proiektu honek zentzu guztia galdu du bertan parte hartu zuten haurrentzat, eta hau zen, hain zuzen ere, gure interes nagusia: haurrentzako ikasketa esanguratsua nahi genuen, ez plaza guai bat”.
Udalak proiektua mediatikoki erabili izana ere arbuiatu dut: “Zenbait hedabidetan, Alde Zaharrerako Barne Erreformako Plan Bereziaren (PERI deritzona) moldaketa eta auzo eraldaketaren lehen urrats gisa saldu zen proiektua. Hori izan zen komunikazio arduradunen batek, albisteen faltan, asmatu zuen gezurra. Bestalde, hedabideetan ere ikusi dugu nola puzten zen proiekturako aurrekontu partida, nahiz eta horretarako arrazoia ez dugun inoiz jakin”.
Bukatzeko, “proiektua lapurtzea” egotzi diote udal gobernuari. “Gure auzoan sarritan salatu izan da egiten diren inbertsio handiek turismoa izaten dutela xede. Guk, berriz, bertan bizi diren haurren beharrak izan nahi genituen abiapuntu. Iraingarria iruditzen zaigu gure proiektua, bultzatzaileen baimenik gabe, Europako Next Generation funtsetarako aurkeztea, turismo jasangarriaren atalean; aurpegira barre egitea, alegia”, azaldu dute.
Edonola ere, auzokideek esan dute ez diotela utziko plazak “birpentsatzeari, hausnartzeari, eraldatzeari, gozatzeari eta jolasteari”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!