Osasun publikoaren aldeko manifestazioak deitu dituzte martxoaren 16rako
"Kalitatezko osasun sistema publikoa defendatzeko" eta lehen mailako arreta indartzeko "egiturazko aldaketak" eskatzeko, hiru hiriburuetan mobilizatzera deitu dute osasun publikoaren aldeko herri plataformek. through Alea.eus
Osasun Publikoaren aldeko Herri Plataformen Koordinakundeak —Osasun Publikoa Aurrera plataforma arabarra barnebiltzen duenak—, hiru manifestazio deitu ditu martxoaren 16rako, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Larunbatean Barakaldon egindako batzarraren ostean plazaratu dute deialdia.
Osasun publiko eta kalitatezkoaren alde. Pribatizaziorik ez. Osakidetzako eraistearik ez lelopean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan “kalitatezko osasun publikoa defendatzeko” deia egin dute plataformek.
“Osasun arreta publiko, unibertsal eta kalitatezkoa izateko eskubidea oinarrizko eskubidea da, baina eskubide hori nabarmen urratzen ari da EAEn, bereziki lehen mailako arretaren narriaduragatik. Eusko Jaurlaritza aplikatzen ari den murrizketa eta pribatizazio politiken ondorioz, Euskadin osasun arreta egoera kritiko batera eramaten ari dira”, ohartarazi dute.
“Osakidetzaren desegiteak, pribatizazioak eta murrizketek ondorio kaltegarriak dakartza, asistentzia kalitatearen narriadura oso larria, bai eta irisgarritasun arazoak ere pertsona guztientzat, bereziki egoera zaurgarrienetan daudenentzat”, gaineratu dute. “Bizi izan dugu gizon baten heriotza Laudion, sendagilerik ez zuen etengabeko arreta gune batean. Horrek agerian uzten du herrialde, eskualde eta herri guztietan bizi dugun arazo estrukturala: ordutegi murrizketak, itxierak…”.
EAJk eta PSEk zuzendutako Eusko Jaurlaritzari leporatu diete gizartearen eskaerei “entzungor” egitea eta “nekropolitika sanitarioa” ezarri izana. Horren aurrean, “egiturazko aldaketak” eskatu dituzte herri plataformek: “Lehen mailako arreta indartzea eta osasun sistemaren zentroan jartzea, aurrekontua gutxienez Osasun Sailaren aurrekontuaren %25era handituz eta murrizketa guztiak irauliz”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!