“Kazetaritza kultura berri bat proposatu du feminismoak”
Mugimendu feministarentzat erreferentziazko hedabidea izateko asmoarekin sortu zen 2010ean Pikara Magazine aldizkari digitala. June Fernandez zuzendariarekin hitz egin du ALEAk.
Espejoko gizarte etxean Laia Eskolak antolatutako mahai-inguru batean parte hartu du June Fernandezek (Bilbo, 1984). Hedabideen eta feminismoaren arteko harremanari buruz hitz egin du luze eta zabal Pikara Magazine aldizkariko zuzendariak. Urte hauetan, emakumea bihurtu dute albisteen protagonista, kazetaritzaren hainbat formatu irauli dituzte eta pluraltasuna bihurtu da aldizkariaren ikur. Pikarako zuzendariak nabarmendu duenez, jendeak komunikabide feminista batean espero duenarekin apurtzea lortu dute, eta emakumeentzat deserosoak diren eztabaidak ere zabaldu dituzte. Batzuetan prezio altua ordaindu behar izan dute.
Zer eman dio feminismoak kazetaritzari?
Inertzia androzentrikoak identifikatzeko baliabideak; hedabide hegemonikoetan protagonista nagusia gizona dela konturatzea, eta ez edozein gizon baizik eta profil jakin bat: zuria, burgesa, heterosexuala… Feminismoari esker, kazetari bezala begirada zabaltzen dugu. Esate baterako, hedabide tradizionaletan badirudi politika dela alderdi politikoek egiten dutena, ekonomia da enpresa handiek egiten dutena, eta kirola dela gizonen futbola. Agenda hori feminismoak zalantzan jarri du. Pikaran hasi ginenean, kazetaritza feminista zer zen hausnartzen hasi ginen, eta fokua beti gaietan jartzen genuen; denborarekin konturatu gara feminismoak ere ekarri behar duela barne prozesu bat, eta barne dinamikak aldatzea. Gu feministak gara ez soilik edozein gai ikuspegi feministarekin lantzen dugulako, baizik eta dena auzian jartzen dugulako: zer da albiste, nor da aditu. Feminismoak hori guztia zalantzan jartzen du, eta kazetaritza kultura berri bat proposatu du.
Zer ekarri dio kazetaritzak feminismoari?
Feminismoak izan duen entzutean hedabideek paper bat jokatu dute. Hedabide alternatiboak betidanik egon dira mugimendu feministaren alboan, eta orain ia hedabide hegemoniko guztiek ikusi dute feminismoa interesgarria dela eta albiste garrantzitsuak sortzen dituela. Egon daiteke nolabaiteko sinbiosi bat, baina halere jende askok mesfidantzaz ikusten du El Paisek edo El Correok feminismoaren modara igo direla. Nik, berriz, uste dut mugimendu feministaren lorpen bat dela eskuineko egunkari kasposoenek ere onartzea agenda feministak interesa duela.
Interpelatuta sentitu dira, deseroso…?
Bai. Horretan bitartekari garrantzitsuak izan dira sare sozialak. Orain arte, mugimendu feministaren eta hedabideen arteko harremana ez da erosoa izan. Mugimendu feministak badu mesfidantza logiko bat, askotan hedabide hegemonikoak arrotzak direlako, baina sare sozialen bidez jendeak erreakzionatzeko aukera izan du, eta titular matxista bat dagoenean twitter bidez salatzen duzu eta askotan hedabideek aldatzen dute. Sare sozialei esker, feministok hedabideen paperaren inguruko zaintza bat egin dezakegu; argi eta garbi ikusi da indarkeria matxistaren kasuan edo azken Olinpiadetan twitterren bidez agerian utzi da emakumeen nolako irudia zabaltzen duten medioek.
Kalitatezko kazetaritzak ezinbestez txertatu behar du genero ikuspegia?
Bai. Begirada partziala duzu androzentrismoa identifikatzen ez baduzu. Genero ikuspegia errealitatea ulertzeko eta azaltzeko ezinbesteko tresna bat da, klase ikuspegia edo arraza ikuspegia bezala. Kazetaritzak ezin dio bizkarra eman biztanleriaren erdiari, eta errealitateak ondo ulertzeko eta azaltzeko genero desberdintasunak kontuan hartu behar dira; prozesu sozial gehienetan generoaren desberdintasunaren faktorea kontuan hartu behar da.
Zer da garrantzitsuena begirada zabaltzeko?
Gakoa da eguneroko errutinak aldatzea, gelditu eta pentsatu, agenda begiratu, adibidez, eta zientzialari bat behar dudanean ikusi zenbat gizon eta zenbat emakume ditudan nire konfiantzazko iturrien artean. Estatu mailako datua da medioen agendan hamar aditutik soilik bat dela emakumezkoa. Hori oso kezkagarria da. Feministak ez diren kazetari askok esan dezakete “nik generoa ez dut kontuan hartzen, nik erreferenteak diren pertsonak bilatzen ditut eta bost axola generoa”, baina konturatzen bazara, inertzia bezala, agendako gehienak gizonak izango dira. Egia da, baita ere, Pikara aldizkari bat garela, eta erritmoa lasaiagoa denez agendari buelta emateko aukera dugula; hori egunkari batean zaila da, are gehiago zure albisteak baldin badira gobernuak egiten duenaren inguruan edo goi-ekonomiako albisteak, zaila da hor emakumeen begirada txertatzea.
Emakumeen presentzia ere urria da eztabaidetan.
Irratiaren eta telebistaren formatuen inguruan hausnarketa egin behar dugu, askotan oso patriarkalak direlako formatuak, eta emakume gehienak ez dira horietan eroso sentitzen. Tertulietan parte hartzeari, adibidez, nik beti ezetz esaten diot, giro oso arrotza delako, badirudi iskanbila bila ari direla. Behin proposatu zidaten abortuaren inguruan telebistara joatea eta tertulia bat izatea apaiz batekin…, ezetz esan nuen, arrotza zen, ez nintzen eroso sentituko. Orain modan dagoen opinologoen hori ere oso patriarkala da. Egungo formatuak zalantzan jarri behar ditugu, eta pertsona bakoitzari galdetu behar zaio zein formatutan sentitzen den eroso.
Erreferente bihurtu da Pikara feminismoan. Asmo horrekin sortu zenuten?
Helburua nolabait mantendu da: mugimendu feministarako erreferentziazko hedabide bat izatea, pluraltasuna sustatuz. Feminismoan hamaika korronte daude eta guk hor egon nahi dugu, eztabaidagune bezala, eta halaber feminismoan murgilduta ez dagoen jendeari gure analisiak helarazi nahi dizkiogu.
Hutsune bat zegoen.
Bizkaian Andra izeneko aldizkaria edo Frida izenekoa egon ziren, eta ez zen erreleborik egon; eta Espainiako estatuan ere ez zegoen beste komunikabide feminista erakargarririk. Ikusten genuen bazegoela lekua halako hedabide batentzat. Sare sozialak sustatzen ari zirenean jaio zen Pikara eta hedabide gaztea, freskoa izan zen, baina ez genuen espero gaur egun ditugun egitura eta zabalpena. Gainera, Pikarara sartzen diren bisiten laurden bat Espainiako estatutik kanpo sartzen dira, batez ere Latinoamerikatik, eta ez genuen espero han erreferente izatea.
Medio digital bat aukeratu zenuten, 2010. urtean. Zergatik digitala eta ez paperekoa?
Digitala merkeagoa eta malguagoa iruditzen zitzaigulako, ez duzu konpromiso bat hartu behar, zenbat orri bete… Facebook-ek pare bat urte zeraman, twitter ere hastapenetan zegoen, eta ikusten genuen digitala izateak jendearen partaidetza lagunduko zuela, eta dinamikoagoa izango zela. Paperera salto egin genuen 2016an, hasiera batean beldurrez eta auto-opari bat bezala, ilusioa egiten zigulako. Beldurra ematen zigun oso garestia eta konplexua iruditzen zitzaigulako, baina azkenean gertatu izan da paperezko edizioa gure ekonomia errazten duen produktu bat dela. Crowfunding-aren eta salmenten bidez egiten dugu.
Non asmatu duzue?
Gako batzuk bagenituen argi hasieratik eta beste batzuk bidean topatu ditugu. Adibidez, ilustratzaileak proiektuan sartu direnean lortu dugu Pikarak irudi grafiko oso indartsua eta erakargarria izatea: Txanogorritxu katanarekin, esate baterako, ikono feminista bilakatu da. Bestetik, saiatu gara jendeak komunikabide feminista batean espero duenarekin apurtzea, espero ez duena aurkitzea, eta batzuetan emakumeentzat deserosoak izan daitezkeen eztabaidak zabaltzea. Saiatzen gara kazetaritza oso zabal bat egiten, eta gustatzen zaigu esatea ez garela aldizkari espezializatu bat baizik eta jeneralista, Pikarak denetarik lantzen duelako: ekonomia, politika, gizartea, nazioarteko gaiak, sexualitatea…, baina begirada feminista batekin. Feminismoa modan dagoen momentu batean zer eman dezakegu guk desberdin? Feminismo ez hegemonikoak dira erdigunean jartzen ditugunak.
Eztabaidak piztea gustatzen zaizue?
June bezala, kazetari bezala, nire obsesio bat da tabuak apurtzea. Kezkatzen nau edozein gunetan, giro ezkertiarretan ere, gaitasun kritikoa galtzea eta dogmatismoan erortzea; horregatik niretzat garrantzitsua da diskurtso nagusi bat baldin badago beste diskurtso batzuk hor jartzea. Baina polemikak ere mingarriak dira, energia asko kentzen digute; egun, adibidez, prostituzioaren gaiarekin asko neurtzen dugu eta ez dugu edozein proposamen onartzen. Gainera, askotan gertatzen da gai baten inguruan iritzi hegemoniko bat dagoenean zuk beste diskurtso batzuk azaltzen baldin badituzu, jendeak pentsatzea beste horren alde jartzen zarela. Pikarak fama du prostituzioa erregularizatzearen alde dagoela, nahiz eta taldean iritziak askotarikoak izan; gure konpromisoa da sexu langileen aldarriak plazaratzea, abolizionisten diskurtsoak eta bi polo horietatik kanpo daudenenak ere.
Amarna Miller aktore pornoari eginiko elkarrizketak soka luzea ekarri zuen.
Oso txarto pasatu nuen. Hor ikusi genuen jendeak askotan ez duela ulertzen zer den kazetaritza eta prentsa askatasuna. Ez da bidezkoa hedabide baten kontra egitea eta sexu esplotazioa sustatzen dugula edo horrelako astakeriak esatea bere burua feminista bezala aurkezten duen emakume bati elkarrizketa bat egiteagatik. Bere ogibidea pornoan aritzea da, eta guretzat zilegi da galdetzea zer kontraesan dituen, zeintzuk diren bere estrategiak mundu hain patriarkal batean ibiltzeko… Horrek ez du esan nahi Amarna Millerren alde nagoenik edo Pikarak pornoa sustatzen duenik. Gure ekarpena kontzientzia kritikoa sustatzea izan behar da.
Kritika horiek ere kostu pertsonala dute.
Noski. Matxitroll-ek irainduko zaituztela gauza jakina da, baina zure ondoan dagoen jendearen kritikak edo erasoak mingarriagoak dira. Sare sozialak gidatzea bezala dira, jendea berehala oldartu egiten da, anonimotasuna erabiliz kritika oso bortitzak botatzen dira, eta polarizazioa elikatzen da. Ni ez naiz polemista sentitzen; badago jendea hori maite duena, polemikaren erdian egotea.
Zer proiektu berri ditu Pikarak?
Gero eta kezka handiagoa dugu irisgarritasunaren inguruan. Ezin dugu esan hedabide feminista bat garela eta, aldi berean, emakume gorrak, itsuak edo bestelakotasun funtzionalak dituzten emakumeak kanpoan utzi. Orain, esate baterako, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsona asko dagoela kontuan hartuta, Pikarako edukien sailkapen bat egin dugu eta Irakurketa Erraza elkarteak moldatu egin ditu eskura jartzeko. Aldizkari digitalean eta paperean argitaratuko ditugu horiek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!