Izar Mendiguren: “Bertsolari Txapelketak euskalgintza eta euskaltzaletasunaren pultsu orokorra hartzeko balio du”
Izar Mendiguren bertsolariarekin izan da Euskaraba, txapelketaren ekarpen eta eraginaz, Aiaraldeaz, bertsoaz eta beste hainbat konturen inguruan.
Euskara Ataria bidez
Aste honetan bertan izango dugu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren bisita Araban. Urriaren 28an finalaurrekoen lehenengo itzuliko saioaz gozatu genuen Bastidan, eta azaroaren 19an Amurrioren txanda izango da. Bertan, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Etxahun Lekue, Jon Maia, Nerea Ibarzabal eta Jon Martin kantuan entzuteko aukera izango dugu.
Baina zer dago Bertsolari Txapelketako saio baten atzean? Misterio guztiak argituko dizkigun Izar Mendiguren (1988, Laudio) bertsolariarekin izan gara, txapelketaren ekarpen eta eraginaz, Aiaraldeaz, bertsoaz eta beste hainbat konturen inguruan.
Zer eragiten du Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertso-saio bat herrian izateak?
Batetik poza. Urte asko daramatza Aiarako Bertso Eskolak lanean. Iaz ospatu zen 30.urteurrena. Nagusiki bertso eskolak eremu pribatuan egiten du lan, gai-jartzaile zein bertsolariak Kultur etxean trebatzen dira. Arabako txapelketak eskualdea bisitatzea poza da guretzat, beraz, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia jasotzea zer esanik ez! Batetik, auzolanera (muntaketa lanetara) jende berria batzen da horrela, eta bestetik, Amurrio ezagutzeko aukera eskaintzen du egitasmoak, Euskal Herri osoko 2.000 lagun espero baitira.
Euskalgintza eta euskaltzaletasunerako pizgarri bezala jokatzen du?
Euskalgintza eta euskaltzaletasunaren pultsu orokorra hartzeko balio du. Pizgarria izan daiteke, bai. Eremu erdaldun batean hainbeste euskaltzale pilatzeak Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukera dagoela bistaratzen du. Aldamenekoak euskaraz hitz egiten badu, hizkuntza aukeraketa errazten da. Nire ustez, euskara lau haizetara zabaltzeko balio dute modu honetako ekimenek, besteak beste.
Txapelketak hainbat antolakuntza lan dakartza berekin. Askotan, lana, elkarlan bihurtu eta taldean aritzeak harreman eta sareak ekartzen ditu. Txapelketak horretarako aukera eskaintzen du?
Txapelketan denek hartzen dute parte: bertsolariek, gai-jartzaileek, ikusleek, antolakuntzan laguntzen dabiltzan boluntarioek… Denen ekarpena ezinbestekoa da ikuskizuna borobila izateko. Sei bertsolari taularatzen dira, baina txapelketaren atzean ehunka lagun daude buru-belarri lanean. Inkestatzaileak, argazkilariak, grabatzaileak, epaile eta gai-jartzaile taldeak… Elkarlan handia da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Zale asko batzen zaizkio bertsolaritzari, eta beraz, sareak eta bertso eskoletako kideak ugaritzen dira.
Zenbat jende espero da?
Amurriokoa finalerdietako bigarren itzuliko lehen saioa izango da. 2.000 lagunentzako tokia eskaintzen du Bañueta kiroldegiak. Orain arte txapelketak hartu duen dimentsio eta martxa ikusita, bete egingo delakoan nago. Gainera, Euskal Herriko bertso udalekuek 20 urte bete dituzte, eta hezitzaile zein sukaldarien topaketa egingo da egun berean Amurrioko gaztetxean. Beraz, eguerditik bertso giroa gailenduko da Amurrioko kaleetan, poteoaren ondotik 14:00etan herri bazkaria egingo dute.
Txapelketaren boom-ak arrastorik uzten al du bertsolaritzarekiko zaletasunean?
Txapelketaren boomarekin bertsozaletasuna nabarmen hazten da. Lau urterik behin jokatzen denez, olatu handia eragiten du. Aspaldi agortu ziren finala ikusteko BECeko 14.000 sarrerak. Olatuaren iraupenean dago gakoa, entzule edo ikusle soil izatetik bertsolaritzaren mugimenduaren parte izateko jauzia ematean.
Bertso eskoletan adibidez, gorakadak izango dira txapelketen ostean.
Bertsolaritzak egoera ezberdina bizi du tokian toki. Herri batzuetan ohikoa da bat-batean kantatzea, edo bertso eskolara joatea. Beste leku batzuetan, ordea, ez. Aiaraldeari dagokionean, Amurrion eta Aiaran daude taldeak. Probatu nahi duen oro izango da ongietorria. Horretarako Arabako Bertsozale Elkartearekin jarri behar da harremanetan, www.bertsozale.eus webgunean daude eskura kontaktuak.
Beharbada Aiaraldean errotuago badago ere, zer garrantzi du Txapelketa lurralde guztietara hedatzeak? Bastidan saio bat izateak zer ekarpen egiten du?
Txapelketa zazpi lurraldetara eramatea apustu handia eta garrantzitsua da. Batetik, bertsolaritza eta euskara hain errotuta ez dagoen tokietara gerturatzeko parada ematen du. Bestetik, nazio-identitatea indartzen du, Euskal Herria eta euskara baititu lan-eremu Bertsozale Elkarteak. Urtean zehar, hezkuntza arautuaren baitan probintzia guztietako ikasleek heltzen diote eskola orduetan bertsogintzari. Beraz, proiektu eta egitasmo ezaguna da lau urterokoa. Bastida edo Maule gisako tokietara oholtza mugitzeak euskararen eta bertsoaren presentzia laukoizten du, egun batez bada ere. Arabar Errioxatik, gainera, ez da AEKren Korrika pasatzen; beraz, bertako euskaldunei eta etorkizuneko euskaradunei gure hizkuntza, artea eta herri-ondarea gerturatzeko aitzakia polita da txapelketa. Euskaltzale eta bertsozaleen mapan erdigunean kokatzen du Txapelketa Nagusiak euskara “baztertuago” duen herri oro. Modu horretan, euskararen eta bertsoaren hedapenean laguntzen du, eta txapelketak zeharkatzen dituen herrietan hizkuntza eta presentzia indartu.
Egun, zenbat bertso eskola daude Aiaraldean?
Gaur gaurkoz bi edo hiru talde daude Aiaraldean. Bat-batean hasi berriak dira gazte batzuk Aiaran. Amurrion, berriz, beterano eta gazteen eskolak daude. Batetik, Serapio Lopez eta Iñaki Cabeza biltzen dira. Eta, bestetik, Asier Rubio eta ni elkartzen gara. Unai Mendibil da Aiaraldeko bertso eskoletako arduraduna. Oso jende jatorra gara, batu nahi duena ez dadila etortzeko gogoz geratu!
Ikastetxeetan ere eskaintzen dira Gu ere bertsotan programaren bitartez? Zenbat haurrek parte hartzen dute?
Aiaran, Amurrion, Urduñan, Laudion, Artziniegan… Gu ere bertsotan programa eskualdeko ikastetxe guztietan eskaintzen du Arabako Bertsozale Elkarteak. Ez dakit haurren kopuru zehatza, baina ehunka izango dira. Eskola orduetan bertsolaritza lantzen dute. Ni urtebete aritu nintzen irakasle zeregin horretan. Oso harrera ona izaten du bertsoak geletan, euskara jolas gisa barneratzen baitute. Gainera, irudimena, memoria eta nortasuna garatzen laguntzen du. Ikasgeletan bertsozaletzen direnak dira gerora aisialdian Bertso Eskoletan apuntatzen direnak. Hortaz, transmisioari dagokionean, berebiziko garrantzia du hezkuntzan jarduteak.
Beste hainbat lekutan bezala, bertsolaritzak euskaldunen bilgune bezala jokatzen al du?
Bertsoak euskararen bilgune baino, bozgorailu gisa funtzionatzen du Aiaraldean. Gurea ez da eskualde bertsozalea, baina kantatzea gustatzen zaigu. Oso ohikoak dira kantupoteoak gure bailaran, eta formatu horiek baliatzen ditugu arrakasta bermatzeko.
Urtean zehar zenbat saio egiten dira Aiaraldean?
Urtean zehar badira, hainbat saio erreferente. Urtarrilaren hasieran Amurrio antzokian BECtekada bertso-jaialdia antolatzen da. Amurrioko zein Laudioko gaztetxean ohikoak dira bertso bazkari edota afariak ere. Bestalde, Urduñako Gazte Asanbladak urtero egiten du abenduko azken ostiralean bertso-saio berezia. Horri, herrian herriko egitarauak gehituta (Euskararen Eguna, Laudioko kulturen arteko jaia…) saio dezente egoten dira. Amurrioko eta Laudioko txosnetan makina bat emanaldi egiten dituzte ere bai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!