Ixone (Etxebizitza Sindikatu Sozialista): “Moratoriaren dekretuak berak dio familia hauek ezin direla etxetik kanporatu “
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du Gasteizko Udalak hiru familia etxegabetu nahi dituela. Alde Zaharrean bizi dira familiak eta adin txikiko seme-alabak dituzte. Udalaren "hipokrisia" salatu, eta etxegabetzeak bertan behera uzteko exijitu dute.
Hilabete batzuk daramatzate Gasteizko Etxebizitza Sindikatutik etxegabetze hauen zain. Udalak ezkutuan abiarazi duen “plan” baten baitan kokatzen ditu hiru etxegabetze hauek sindikatuak.
Duela urtebete inguru jakinarazi zuen Gasteizko Udalak Alde Zaharrean udalaren jabetzakoak ziren etxebizitza batzuk berreskuratzeko intentzioa zuela, hala azaldu digu Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea den Ixonek. Geroztik, agindu bezala, hainbat etxegabetze burutu dira Gasteizko Alde Zaharrean bertan. Orain, XXI Zabalgunea agentziaren jabetzakoak diren etxebizitzekin berdina egiten ari direla salatu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Martxoaren hasieran heldu zitzaien lehenengo etxegabetzearen data, beste bienak ez dituzte jaso oraindik. Familiek “demanda” jaso dutela esan du Ixonek, etxegabetze bat martxan jartzerakoan “epaitegietatik heltzen den lehenengo papera” hain zuzen. Judizialki etxegabetzea atzeratzen saiatzen ari dira, eta lehenengo etxegabetze data gertu badago ere,”azkenengo mementura arte” lanean jarraituko dutela adierazi du sindikatuak.
Adin txikiko seme-alabak dituzten hiru bikote dira etxegabetu nahi dituzten familiak. Une honetan, egoera “borroka egoera bat dela” azaldu digu Ixonek, eta familiak oso kontziente direla “gertatzen ari denaren larritasunaz.” Horrelako kasuetara “zoritxarrez, oso ohituta” daudela gehitu du sindikatuko kideak,”etxegabetzeak atzeratzearena asteroko kontua da.” Adierazteko modu “tristea” den arren etxegabetzeak etengabe, “sistematikoki” atzeratzen dituztela zehaztu du.
Hala ere, sindikatuaren esanetan, ez dute inoiz horrelako kasu batekin topo egin. “Lehen aldiz ari gara normalean aurkitzen ez ditugun zailtasun batzuk topatzen” dio Ixonek. Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, honen atzean Gasteizko Udalak XXI Zabalgune agentziaren bitartez, “familia hauek kale gorrian uzteko” martxan jarri duen mekanismo oso bat dago. Hiru familia hauen egoera publiko egin aurretik, sindikatuko kideek jakin zuten etxegabetzeak ahalik eta azkarren gauzatu zitezen XXI Zabalgunea agentzia presioa egiten izan zela jada epaitegietan.
Sindikatuak udalaren hipokrisia seinalatu du, udalak berak ez bai ditu bere lege propioak jarraitu. Honakoa azpimarratu du Ixonek: “Moratoria bat dago indarrean, beraz ezin da etxegabetzea burutu.” Udaletik moratoria eskuratzeko oztopoak jarri dizkiete familiei. XXI Zabalguneak gizarte zerbitzuak presionatzearen ondoriotzat hartzen du moratoria aplikatzeko zailtasuna sindikatuak. Ixoneren hitzetan “Familia hauei ez zaie zaurgarritasun ekonomikoa onartu. Zaurgarritasun ekonomikoa ezartzerakoan gizarte zerbitzuek kalkulu bat egiten dute,” kontuan hartuz “zenbat diru daukaten familiek, eta zenbat inbertitzen duten alokairuan. Familia hauen kasuan ez dago alokairurik. Alokairurik ez dagoenez ezin da kalkulurik egin eta beraz ez zaie zaurgarritasun ekonomikoa aitortzen.” Honako hau “zentzugabekeria” dela salatu dute sindikatutik. Moratoriaren dekretuak Etxebizitza Sindikatuak esaten duen berdina dioela azaldu du Ixonek. “Familia hauek ezin dira etxetik kanporatu. Guk hori diogu eta hori defendatuko dugu azken mementura arte, baina moratoriaren dekretuak berak badio hori”
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren manifestazio nazional baten atarian ari da gertatzen guzti hau. “Etxebizitzaren negozioari ez enpresari eta politikarien eskutik ez da irtenbiderik etorriko” lelopean mobilizatuko dira larunbat honetan Donostian. Mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Boulevardetik. “Etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen bitartean, ez da eskubidea izango” hala oroitarazi du Ixonek.
Elkarrizketa osoa hemen entzungai:
-
Hizpidea: Ixone (Etxebizitza Sindikatu Sozialista): "Moratoriaren dekretuak berak dio familia hauek ezin direla etxetik kanporatu "00:20:51
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!