Gazte langileen emantzipatzeko ezintasuna salatu du GKSk Gasteizen
Manifestazio handia egin zuten atzo, larunbata, Gasteizen, gazte langileen emantzipatzeko eskubidea aldarrikatzeko. Gazte Koordinadora Sozialistak deitu zuen mobilizazioa, Emantzipazio ezintasunaren aurka borrokatu! Enpresariak eta politikariak errudun! lelopean.
Arratsaldeko 18.00etan Bilbo plazatik atera eta Aihotz Plazara arte Gasteizko erdialdeko kaleak bete zituzten gazteek. Amaierako hitzartzean, GKSko kideek azaldu zuten etxebizitzarako sarbidea gero eta zailagoa dela, “higiezinen agentziak, enpresa eraikitzaileak, inbertsio- eta putre-funtsak, banketxeak eta abar” gero eta gehiago aberasten diren bitartean.
Gazteen emantzipatzeko ezintasunaren errudun diren horiei “aurre egin eta boterea kendu” beharra aldarrikatu zuten. Horretarako, “politikari profesionalek behin eta berriz saltzen dizkiguten promesa faltsuekin haustea eta gure kabuz borroka egitea beharrezkoa” dela azaldu zuten gazteek: “ezin gara politikariei eskakizunak egitera mugatu; kontrara, ahalik eta gazte gehienen kontzientzia politikoa piztu eta etxebizitza unibertsalaren aldeko indarrak batu behar ditugu”.
Kalitatezko etxebizitza unibertsala bermatzeko baldintzak badaudela baieztatu zuten, eta hala ere etxebizitzak negoziorako bitarteko izaten jarraitzen duela salatu, “enpresarien eskuetan, politikari profesionalen laguntzarekin”.
Bukaeran Gazte Koordinadora Sozialistak aldarrikatu zuen beharrezkoa dela indarrak batzea doako etxebizitza unibertsalaren aldeko borrokan” eta hori guztia “langileon Estatu Sozialistaren borrokarekin uztartu” behar dela.
📸📹 Gasteizen mobilizatzera deitu du gaur @GKSozialista|k, gazte langileak emantzipatzeko eskubidearen alde.
Bilbo Plazatik irten da jada manifestazioa, 'Enpresariak eta politikariak errudun. Emantzipatzeko ezintasunaren aurka borrokatu!' lelopean. pic.twitter.com/ftcvmfQ55k
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) March 30, 2024
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!