Hezkuntzan ofentsiba kapitalistari aurre egiteko, kalera atera dira ikasleak
Ikasle Abertzaleakek bigarren hezkuntzako ikasleentzako greba eta mobilizazio eguna deitu zuen atzo, urriak 27, Hego Euskal Herrian.
Hezkuntza jasaten ari den “ofentsiba kapitalistari aurre” egiteko eta hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzeko, ehundaka ikasle atera ziren atzo Gasteizen kalera, milaka Hego Euskal Herrian deitutako mobilizazioetan.
Goizean hamairu bloke atera ziren Gasteizko bigarren hezkuntzako ikastetxeetatik, eta 11:30etan Andra Mari Zuriaren Plazan hasi zen mobilizazioa.
Manifestazioan zehar hezkuntza erreformaren aurkako ohiuak eta hezkuntzaren gaineko langile kontrolaren aldeko aldarriak ozen entzun ziren.
Manifestazioaren amaieran, Floridan bildurta, hezkuntza erreforma berriak “ziklo produktibo berrira egokitzeko beharrak” bultzatuta hartzen direla azaldu zuen Ikasle Abertzaleakek, krisi garaian kapitalak irabaziak berma ditzan.
LOMLOE nahiz EAEko Hezkuntza Legearen aurka agertu ziren: “aurrerapen moduan saldu nahi izan dizkiguten arren, miseriazko hezkuntza baten oinarriak finkatzera etorri zaizkigu: heziketaren desegitea, diziplinamenduan oinarritutako heziketa prozesua eta bitarteko gutxien dituztenen kanporaketa”.
Heziketa “edukiz hustea” arbuiatu zuten, elitizazioa eta sektore pobretuenen kanporaketa, eta hezkuntzaren izaera inposatzailea.
Egoera horretan, berretsi egin dute hezkuntza sistema sozialistaren aldeko hautua. Bide horretan, daude “legeen aldaketa konkretuek” eta “parlamentuko zirkuak” ez dutela aldaketarik ekarriko. Antolakuntzaren aldeko deia egin dute, “doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala den hezkuntzaren alde borrokatzeko”.
"Gora ikasle langilon borroka!" eta "Hezkuntzaren gaineko langile kontrola" aldarriak @IAbertzaleak|ek deitutako mobilizazioan pic.twitter.com/rvTqVqIwxq
— Hala Bedi (@halabedi) October 27, 2022
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!