Zuiako Gaztetxeak Ertzaintzaren identifikazio ezberdinak salatu ditu
Ostiralean 10-15 ertzain azaldu ziren Gaztetxean bi kide identifikatzeko. Pankartak jartzeagatik ere azken asteetan identifikazio ezberdinak egon dira. Gazte Asanbladako kideek auzokideen artean elkar zaintzeko eskubidea aldarrikatu dute.
Urtarrilaren 15ean, ostiralean, 20:00ak aldera, Zuiako Gaztetxeko bi kide eraikinaren barruan zeuden. Orduan, Ertzaintzaren hiru patruila agertu ziren, antza, auzokide baten deiagatik “mugimendu asko” zeudelako barruan. Errealitatea, Gazte Asanbladaren hitzetan, beste bat da: bi gazte baino ez zeuden barruan, barne zein kanpo osasun-protokoloak betez.
Hala ere, bi gazteak identifikatzera behartu zituzten, gazteek proposatutako beste aukera guztien aurrean “ezezko zorrotza” emanez. Gazte Asanbladako kideek “show desproportzional” gisa definitu dute gertatutako: bi pertsona identifikatzeko, 10-15 ertzain lerratuta eta patruila guztiak errepideko trafikoan arazoak sortzen.
Idenfitikazio gehiago
Zuiako Gazte Asanbladatik, gertakari hauek salatzeaz gain, azken astean pankartak jartzeagatik herrian eman diren identifikazioak ere gaitzetsi dituzte. “Hau ez da kasualitatea: Euskal Herri osoan ematen ari diren Gaztetxeen eta gune autogestionatuen kontrako erasoak dira, pandemia testuingurua aprobetxatuta”.
Asanbladako kideek gazteen aurkako kriminalizazioa eteteko deia egin dute, antolatzea delitua ez dela argudiatuta. Bestalde, auzokideak elkarren artean zaintzeko beharra azpimarratu dute, “ez polizia lanak egiteko”. Amaitzeko, euren jardunarekin jarraituko dutela azpimarratu dute, orain arte bezala, segurtasun neurriak betez.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!