Zigor espedientea abiatu du Lakuak
Beste behin, Gardelegiko zabortegiaren kudeaketan arau-hausteak atzeman ditu Jaurlaritzaren ikuskaritzak. Ondorioz, Gasteizko Udalaren kontrako zigor espedientea martxan jarri dute, ALEAk jakin duenez. through Alea.eus | Juanma Gallego
Eusko Jaurlaritzak beste zigor espediente bat ireki dio Gasteizko Udalari Gardelegiko zabortegiaren egoeraren kontura, ALEAk jakin duenez. Zigor espediente hori zoruen, uraren eta airearen kalitateari egindako kalteetan oinarritzen da.
Jaurlaritzak ez du argitu zeintzuk izan diren zigorra abiatzeko arrazoi zehatzak. Izan ere, ingurumenari dagokion informazio gardentasunaren eskubideari jarraiki, hedabide honek abiatutako eskaera atzera bota du Jaurlaritzak. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak argudiatu du oraindik martxan diren zigor espedienteetarako sarbidea soilik auzian interesa duten pertsonei dagokiela, 39/2015 legearen arabera. “Eskatutako agiria Gasteizko Udalaren kontra hasitako ES-IPPC-2022-015 zigor espedienteari dagokio, eta akta horretan jasotzen diren Ingurumen Baimen Bateratuaren hausteei dagokie”, zehaztu du Jaurlaritzaren erantzunak.
Urte gutxian abiatzen den bigarren zigor espedientea da hau. Izan ere, 2018ko ekainean URA Agentziak ezagutarazi zuen udalari zigor espedientea irekiko ziola, Gardelegin bildutako lindanoa Gasteizko estolderiara zabaltzen ari zelako, eta, handik, Zadorra ibaira. Une horretan 50.000 euroko isuna ezarri zuen Jaurlaritzak, baina azkenean zigorra 30.000 euroan geratu zen.
Handik urtebetera, 2019ko irailean, udalak iragarri zuen lindanoa iragazteko instalazio bat martxan jarri zuela zabortegian, lixibatutako poluitzaileak Zadorra ibaira joatea saihesteko.
Antzeko egoera baten aurrean egon gaitezke oraingoan ere, baina une honetan behintzat espekulazioetan baino ezin daiteke ibili, udalak ere ez duelako gaiaren bueltan argibide gehiagorik eman nahi izan. Ingurumen departamentuan kontsultatutako iturriek baieztatu dute zigor espedientea martxan dela, eta aurreratu dute udalak dagoeneko hainbat erantzun eman dizkiola Jaurlaritzari. Halere, “tamalez, epe administratiboak nahi baino gehiago luzatzen dira”, adierazi dute.
Azken zigor hau 2022ko abenduan Jaurlaritzak egindako ikuskapen programatuan oinarritzen da. Bertan, instalazioak mailarik baxuena lortu du, ingurumen baimenak ezartzen dituen betekizunei dagokienez. Akta horretan azaltzen da ere udalak alegazioak aurkeztu zituela notifikazioa jaso eta gutxira. Horietako batzuk onartu ziren arren, beste batzuek zigorra ekarri dute.
Lindanoa kendu ezinean
Ikusteko dago 2019an udalak lindanoaren arazoa konpontzeko abiatutako lanek lortu ote duten Zadorra ibaiari egindako isuriak ekiditea, erakunde publikoek ez baitute argitu zertan den gaur egungo egoera Gasteizko zabortegian. Ahalegin horretan, hainbat iragazki jarri dituzte, Krispiñako araztegiak uretan doan lindanoa kentzeko gaitasunik ez duelako.
Azken hilabeteotan Jaurlaritzaren eta udalaren artean desadostasunak azaleratu dira Arabako zabortegi bakarrak jaso behar dituen hondakinen inguruan. Zaldibarko zabortegiaren itxieraren ondoren, Lakuak Gardelegin hondakin arriskutsuak jasotzea nahi du, baina, publikoki bederen, udala ideia horren aurka azaldu da behin baino gehiagotan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!