“Zigilu izaera gustatzen zaigu, baina ez dugu zurrun jokatuko”
Izana izan aurretik izena aldatu behar izan diote. Bilboko Zenbat Gara elkartearen baitan sortutako Erroa argitaletxearekin nahasketarik gerta ez zedin, Erro zena Erraia bihurtu da. “Orain metafora berria asmatu behar dugu izena azaltzeko”, dio barrez Jon Aranburuk, Gasteizen sortutako proiektuaren bultzatzaileetako batek. “Erro lurrarekin lotzen genuen, hemen sustraitutako kontu bat delako zigilua. Orain barne behar batetik ateratako kontua da Erraia. Halako behar bat ikusten genuen gure inguruan”. Izaki Gardenak, Joseba B. Lenoir eta Montaukbatu dira norbere diskoak argitaratzeko lanak elkarrekin aurrera eramateko. Aurten bertan izango dira kalean, Erraiaren logoarekin, aipatu hiru taldeen disko berriak. Talde horietako kide ez bada ere, Jon Aranburu ere musikaria da: Bidelapurrak-en azken diskoan parte hartu du eta gitarra jotzen du Konpost talde sortu berrian —Ruben Sanchez, Bingen Mendizabal eta Txerra Bolinagarekin—.
Nork bota zuen zigilu bat sortzeko amua?
Jon Basagurenek autoekoizpenaren bidez atera nahi zuen Izaki Gardenak-en hurrengo diskoa, baina horrek dakarren lan handia bakarka egiteari ez zion zentzurik ikusten. Niri komentatu zidan eta bion artean hasi ginen aztertzen zer egin genezakeen… Hainbat eredu ikusi genituen, Bidehuts-en eredua zen gehien gustatzen zitzaiguna, autogestio plataforma moduko bat sortzea, eta erabaki genuen lehendabizi gure lagunei planteatzea ea interesatzen zitzaien gurekin modu honetan jokatzea. Joseba Baleztenari eta Montauk taldekoei esan genien, eta aurrera jo genuen. Norberak bere diskoak plazaratuko ditu zigilu baten babespean, baina lan batzuk elkarrekin egingo ditugu. Helburua ez da ekonomikoa inondik inora, jakin badakigu gaur egun disko bat ateratzeak galera ekar dezakeela batez ere, parra egitea da askotan helburu nagusia.
Jada aipatu duzu Bidehuts. Hura ere hiru talderen artean sortu zen. Zigilu baten bidez zertan lagundu diezaiokezue elkarri?
Zalantzak argitzen askotan. Banaketan, promozio kontuetan, norbaitek fabrikaziora bidali behar badu zerbait… halako istorioetan batez ere. Batek lan egiteko ohitura batzuk ditu eta beste bati ondo etorri ahal zaizkio… Azkenean bilgune bat da eztabaidatzeko eta aurretik eginda dauden lan batzuk errepikatu behar ez izateko.
Erraiak nola definitzen du bere burua: zigilua, plataforma, kolektiboa, diskoetxea…?
Badugu zigiluaren zera hori. Zigilu batek batasun estilistiko bat badakarrela ulertzen dugu eta gustatzen zaigu hori. Baina ez genuke nahi batasun estilistiko hori oso zurruna izatea, hortik ateratzeko bideak ere egon daitezke. Momentuz hiru disko hauek aterako ditugu udazkenean, eta aurrera begira norbait gerturatuko balitz guregana, plataforma kideok modu asanblearioan erabakiko dugu nola jokatu, irizpide estilistiko nabarmenik gabe. Oraingoz irizpideak izan daitezke euskarazkoak eta Gasteizkoak izatea, eta AEBetako doinuekiko afinidade bat izatea, baina aurrera begira ez dugu baztertzen amerikarra ez den zerbait ateratzea, edo erdarazkoa izatea… Buruan dugun irizpiderik nabarmenena, beharbada, Gasteiz edo Arabakoa izatea da. Hemen sortu da proiektua eta hemen gaude gu. Baina hori ere egunen batean atzera botatzea ere ez dugu baztertzen.
Izaki Gardenak-ek Elkar/Oihuka diskoetxearekin atera ditu orain arteko hiru diskoak, Joseba B. Lenoir Gaztelupeko Hotsak-en ibili da… Zer gogoeta egiten dute diskoetxeen gaur egungo zereginaren inguruan?
Hobe izango litzateke haiei galdetzea, baina agian ikusi dute hau dela biderik duinena euren lanaren jabe izateko %100ean, bitartekaririk gabe. Baina ni ez naiz inor haien gogoeta zein den esateko, eta zigilu bezala ez gara sartzen gogoeta horietan. Edozein talde libre da gurekin gauza bat egiteko edo ez egiteko, ez dago esklusitibitaterik ezta irizpide jakin bat eduki beharrik ere gurekin etortzeko. Afinidadea egonez gero, nahikoa da.
Gaur egungo musika eszenaz zer iritzi duzue, nola ikusten duzu eskaintza, publikoarena erantzuna, musikaren gaur egungo lekua gizartean…
Gasteizi buruz hitz egingo dizut batez ere. Eskaintza ikaragarria da, ez dago eszena bat, zortzi eszena egon daitezke! Gauza asko ekoizten da, kontzertu asko daude, publikoa egon badago baina sentsazioa da askotan publiko berdintsua dela, eta beti estilo jakin batzuetaz ari gara, pop eta rock-and-rollaren inguruko parafernaliaz. Niri ihes egiten didate beste musika estilo batzuek: reggae taldeak, hip hopa edo trapa egiten dutenak, lokaletan gaur egun gazteek egiten dutena… Horiek beste zirkuito paralelo batean mugitzen dira, eta askotan askoz jende gehiago mugitzen dute rock-and-rollak baino, nahiz eta areto gehienak, Gasteizen, rock-and-rollaren ingurukoak izan: Helldorado, Jimmy Jazz, Parral eta Gora tabernak…
Batu zareteneak musikarekin lotutako beste esparru batzuetan ere bazabiltzate: Muinoko Hotsak egitaraua antolatzen, hainbat talderen komunikazio lanak egiten (Uhinak), Hala Bedi irratian…
Oinarrian, laurok Hala Berri irratiko Hiru Kortxea saioko kideak izan gara. Herri mugimenduan gabiltzan jendea gara, eta horrek Erraiaren funtzionatzeko moduetan eragina du… Aurrera begira beste saltsa batzuetan sartzea oso erraza litzateke. Gasteizen izaerarekin bat datorrela uste dut, oso bizia da kultur produkzioan zein herri mugimenduaren aldetik, eta horrek eragiten du horrelako jokamoldeak izatea. Sare handi txiki bat da.
“Gasteiz oso bizia da kultur produkzioan zein herri mugimenduaren aldetik, eta horrek eragiten du horrelako jokamoldeak izatea”
Lehen argitalpena Joseba B. Lenoirren singlea izan da. Formatu digitalean plazaratu zuen udaberrian eta orain CDan eskura daiteke kontzertuetan. Udazkenean biniloan ere argitaratzea da asmoa, ezta?
Bai. Udarako atera dugu CD formatua, baina asmo nagusia binilo formatuan ateratzea da. Josebak buruan dauka sail bat osatzea binilo singleekin: single bakoitzak bertsio bat eta kantu propio bat jasoko ditu, eta diseinatzaile batek egingo du azala… Maiztasun jakinik gabe, datorkionean grabatu eta atera.
Zer aurreratu dezakezu Izaki Gardenak eta Montauk-en diskoei buruz?
Izaki Gardenak-ek astebete eman du Sevillako La Mina estudioan grabatzen, amaitu du grabazioa eta nahasketak irailean egingo dituzte. Saiatu arren, ez dugu lortu ezer gehiago jakitea, kar kar… Montauk Jimmy Jazz aretoan ari da grabatzen, eta gehientsuena egina dago, pare bat gitarreo falta zaizkie. Osagai elektroniko dexente sartu dituzte eta geruza asko izango ditu diskoak. Gasteizko Gaztetxearen bildumarako grabatu zuten abestian nabaritzen da jada usain hori. Bi diskoak udazkenean izango ditugu kalean, baina kontzertuetan beranduago hasiko dira bi taldeak, neguan.
Hemendik bost urtera, zer ibilbide nahi zenuke Erraiarentzat?
Gasteizen lokaletatik sortu den talde pare bati disko bat argitaratzeko laguntza emango bagenio, konforme nengoke. Gasteizen dagoen sorkuntza, hemengo eszena, ezagutarazteko bideak egitea ere bada Erraiaren helburuetako bat. Hain zuzen, gure asmoa da jada kalean dauden disko batzuk eramatea aurten Durangoko Azokara, han egoteko aukera izaten dezaten. Diskorik ez daukaten talde interesgarriak ere badaude, tabernetara eta kontzertu aretoetara iristen den eszena nahiko bizia da, baina lokalean geratzen dena ere nahiko indartsua da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!